Sustatun bertan iragarri genuen bezala, otsailaren 15ean Karrisolasaren saio interesgaria izan genuen, Nazionalismo linguistikoaren gaiari helduz. Juan Carlos Moreno Cabrera Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakasleari Administrazioa Euskaraz aldizkarian eginiko elkarrizketa hartuko dugu oinarri: "Norberaren hizkuntza bestearenaren gainetik dagoela aldarrikatzea da nazionalismoa". Ohikoa dugun bezala KARRISOLASAN topatu ginenok saio bete, bizi eta atsegina osatu genuen. Aukeratu genuen testuak haria ematen zuen horretarako. Sortu ziren, besteak beste, datozen eztabaidak, gaurkoan hona dakartzagunak, guztion arteko hausnarketa eta eztabaidarako.
Hona hemen Karrikirin izandako eztabaidaren ondorengoak.
- Juan Carlos Moreno Cabrerak Egileak erakusten duen jarrera eta egiten dituen ekarpenak baliotsuak dira oso euskaldunon mundu kulturalerako. Gaztelerazko munduetan arrotzak dira horrelako jokaera kritikoak nazionalismo edo chauvinismo linguistikoarekiko.
- Euskaldunon elite kulturalek historikoki sortu duten diskurtsoa euskararen apologiaren alde egin du nagusiki, gaztelerazko eliteek eraikitako eredu menperatzailearen ispilu subordinatuarena eginez.
- Garai bateko ildo apologetikoak, euskaldun askoren artean oraindik oso indartsua dena, ez du oraingo euskaldunontzako tresnarik ematen gure komunitatea sendotzeko.
- Baliagarria iruditzen zaigu Moreno Cabrerak azaltzen dituen hizkuntzaren baitan diren bi alderdiak: gizarte funtzioak eta haren egitura. Bere diskurtsoa jarraituz, hizkuntza guztiak ez dira berdinak funtzioei erreparatuz gizarteen egitura, historia, egoera politikoa edo ideologiak tartean direlako. Ordea, hizkuntzen alderdi intrintsekoek erakusten digute guztiak berdinak direla.
- Menpekotasun egoera funtzionalak duen hizkuntza komunitate baterako berebiziko garrantzia du esandakoak. Ez dira bigarren mailako hizkuntzarik, ezta komunitaterik. Etengabe entzun izan duguna/entzuten dugun ideia zapaltzaileen aurrean erantzuteko beste modu bat da hau. Azken urte luzeetan praktikan ere euskaldunon komunitateak erakutsi duguna.
- Menéndez Pidalek Iberiar penintsulan erromantzeen artean Gaztelakoak gainerako guztiei aurre hartzearen justifikazioa a posterioriko ideologia dela aztertzen du egileak. Mitologia mailako diskurtsoa litzateke nazionalismoa justifikatzeko.
- Hizkuntza ez da tresna hutsa informazioa transmititzeko besterik gabe, "aktibitate multzo bat baizik, eta jokoan da beste aktibitateren artean, izan sozialak, politikoak, ideologikoak edo diskurtsiboak" egiten duen baieztapenak lotura interesgarria du, adibidez, J.Azurmendik hainbatean formulatu duen ikuspuntuarekin.
- Nafarroan diskurtso hegemonikoak euskara eta ingelesa parekatzea lortu du, derrigorrezko hezkuntza sisteman adibidez, biak tresna hutsak balira. Bi hizkuntzak, horrela, atzerrikoak bezala kontzeptualizatzen dira herritarrengan. Eztabaida onarri honetan planteatuz sortzen den ondorioa garbia da: aukeratzekotan, ingelesaren alde.
- Gaztelania "hizkuntza komuna" bolo-bolo dabilen kontzeptua nazionalismoaren aldeko diskurtso nagusia da azken urte hauetan "inposizioaren"(euskara edo katalanarena) aurkako kanpainekin batera. Guztientzako obligazioa sortzen duen jokaera zahar-berria.
- British Council edo "Cervantes Institutuak: dituzten helburu nagusiek nabarmen erakusten dute atzean gordean dauden mekanismo ekonomiko, politiko eta ideologikoak. Hizkuntzaren ustezko balio ekonomiko erantsiaren inguruan egiten dituen azalpen zehatzak egoera argitzen dute.
- Testuinguru horretan, Etxepare Institutuak Cervantes Institutuarekin egina duen hitzarmena euskara menpekotasunezko posizioan jartzen duela garbi dago. Azterketa eta ikuspuntu kritiko gutxi sortu du erakunde honek gure harridurarako.
- Hizkuntza preziatzerakoan ikasteko ahalegina egiten da. Nagusiki ingelesarekin gertatzen dena ez da maila berean euskararekin gertatzen, mespretxua eta funtzionalitate arazoak agerikoak direlako. Hortik aurrera eztabaida zabala ireki zen hizkuntzak ikasterakoan ustezko zailtasun berezien inguruan. Adibidez, hizkuntzen arteko balizko hurbiltasun fonetiko edo gramatikalak lagungarri edo galgarri izan daitezkeelako.
Martxoan eztabaida berriari ekingo diogu. Kasu honetan Kontseiluak sortu duen txostenarekin:
"Hizkuntza Politika Berri eta Eraginkorra.
Nazionalismo linguistiko espainiarra edo frantsesa oso hedatuta daude, gure gizartean ere oso errotuta. Alderdi abertzaleek ere, erdarak bertakotu dituzte, gureak ere badirelako mezua zabalduz, eta euskara liturgietarako eta folklorarako utzi. Lehentasunezko hizkuntza erdara da baita Otegirentzako berarentzako ere! Zer esanik ez beste alderdi abertzaleetako buruentzat. Ezagutzen dut euskara eremu sinbolikorako uztea idatziz proposatu duen agintari abertzalerik ere.
Egoera hori ontzat jotzen jarraitzen badugu eta aldarazten ez dugun bitartean, euskararenak egin du.