Teknologia albisteak
3

Matematika ekonomikoaren arabera, Euskal Herria da independentziarekin gehien irabaziko zukeen herrialdetako bat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-02-22 : 13:02

Eskoziaren independentzia-erreferenduma dela eta, independentzia horrek eskoziarrei onura ekonomikorik ekarriko ote dien galdetu du BBCk artikulu honetan. Zer diote ekonomiak eta zenbakiek? Azaroan "Journal of Economic Growth" aldizkarian argitaratutako ikerketa-lan baten berri ere ematen du (Euskal Herrian ere aipatu izan zena). Zenbait unibertsitateko ekonomilariek eta ikerlariek kalkulatu dute, ea Europako herrialdeen artean zeintzuk diren banatzeko edo elkartzeko aukera gehien dituztenak, horretarako irizpide demografiko, ekonomiko eta kulturalak aintzat hartuta. Aztertu dituzten herrialdeen artean, independentziarekin gehien irabaziko zukeen herrialdea Euskal Herria omen da.

The Stability and Breakup of Nations: A Quantitative Analysis izenburupean argitaratutako ikerketa-lana eta metodoa "Journal of Economic Growth" aldizkarian kaleratu zen (PDF formatuan jaitsi daiteke). Lau ekonomilarik izenpetzen dute, beste hainbat unibertsitatekoak: Universidad Carlos III (Espainia), L'école d’économie de Toulouse (Frantzia), Southern Methodist University (AEB) eta Moskuko Ekonomia Eskola (Erusia).

Metodo matematikoak eta ekonomia uztartuz, Europar Batasuneko herrialdeek batuz edo banatuz izanen dituzten abantailak eta kalteak aztertzen ditu aipatu ikerketak. Azterketak herrialde bakoitzaren aberastasun ekonomikoa hartzen du aintzat, baina baita irizpide demografikoak eta kulturalak ere. Antzekotasun kulturalen azterketa izan da ikerketa honen alderdirik berritzaileena, antzeko proiektuetan ez baita hartu izan, orain arte. Antzekotasun kulturala neurtzeko orduan, azterketa genetikoak erabili dituzte, antzekotasun genetikoak batasun kulturala eta historikoa ere adierazi dezakeelakoan.

Azterketaren arabera, Europako Batasunaren baitan ondoko urteotan gerta daitezkeen aldaketei buruz zenbait hipotesi landu dituzte eta estatuen arteko batasun eta sezesio prozesuen ekimen mesedegarrienak zehaztu dituzte.

Euskal Herria independentziarekin gehien irabaziko zukeen herrialdea

Lan horren arabera, balizko egoera independente batean, Euskal Herria izango litzateke gehien irabaziko lukeen herrialdea. Euskal Herriaren atzetik geratu dira Eskozia, Sardinia eta Laponia.

Hala ere, esan behar da ikerketa honetan lau herrialde horiek besterik ez dituztela aztertu. Kanpo utzi dituzte beste hainbat herrialde, besteak beste, Katalunia, Korsika, Flandria, Frisia, Okzitania, Ipar Irlanda, Hego Tirol, eta abar.

Ikerketak ez du ezta ere zehazten ea Euskal Herria izendapen horren azpian zer ote dagoen, EAE, Hegoaldea, edo Euskal Herri osoa.

Eta zer herrialde batuko?

Eredu matematiko horren arabera, zenbait herrialderentzat batasun berriak sortzea mesedegarri litzateke. Besteak beste, Austria eta Suitza, edo Danimarka eta Norvegia. Frantziari, izatekotan, Britainia Handiarekin batzea komeniko litzaioke, eta Espainiari Frantziarekin batzea.

Hona hemen taula:

Gaur egun Europar Batasuna osatzen duten herrialde guztien arteko benetako batasuna emango balitz (hau da, Estatu bakarra osatuko balute) hauexek izango lirateke gehien irabaziko luketenak:

  • Portugal (%13ko hobekuntza)
  • Grecia (%11,9)
  • Irlanda (%8,9)
  • Finlandia (%8)
  • Espainia (%4,1)

Gehien galduko luketenak, berriz, Alemania, Italia eta Frantzia.

Erantzunak

beste bat
2012-02-23 : 00:29

Jende asko dago Euskal Herrian, independentziaren alde ez badago ere, erabat kontra ez dagoena. Gutxi gora behera berdin diona, alegia. Etorkizuneko erreferendum hipotetiko baterako, horiek komentzitzea erabakigarria litzateke. Eta horretarako, albiste hau bezalakoak erabili behar genituzke, independentziarekin zergatik hobeto egongo ginatekeen erakutsi.



Bestalde, Sustatu, euskaraz "Grezia" idazten da. Seguru bazenekitela, baina oharkabean pasako zitzaizuen.

Gaindegia, komunikazioa
2012-02-23 : 13:25

Gaindegia elkarteak aipatu txostena gaztelaniara itzuli zuen.

Edu lartzanguren
2012-02-25 : 12:32

Noiz izango dugu Euskal Herrian Kataluniako Omnium bezalako elkarte bat, independentziaren onurak herritarrei zenbaki eta hitzekin azaltzeko, modu profesional batean?

Erantzun

Sartu