Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskara eta IKT laguntzak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren deialdian

Sustatu
2012-02-13 12:02

Euskararen erabilera sozialaren esparruan diru laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2012ko deialdia argitaratu ditu gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak bere Aldizkari Ofizialean. Plan horrek xedatu ditu herri erakundeen hizkuntza politikak urteotan landu behar dituen alderdi estrategikoak, eta jarduera horretan aintzat hartu beharreko elementu komunak jasotzen ditu. Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskara Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, euskararen erabilera sozialaren esparruan lanean ari diren elkarte, erakunde eta norbanakoentzat diru laguntzak plazaratu ditu. Aurtengoan 2.386.422,00 euroko diru kopurua onartu da laguntzetarako. Hortik 199.934 IKT proiektuetarako (Internet, softwarea, teknologia) izango dira; iazko 507.600 euroekin alderatuta, %60ko jaitsiera. Gainontzeko partidek berdintsu jarraitzen dute.

EGUNERAKETA: Izenburu originala genuen, Euskara eta IKT laguntzak 500.000 eurotik 200.000 eurora jaitsi ditu GFAk baina biharamunean datu gehiago eman zituen prentsan Aldundiko Zigor Etxeburuak, eta murrizketa %17koa dela argitu zuen. Izenburu originalarekin utzita ez zegoen ondo, beraz.

Laguntzak helburu askotarikoak dira: Herri edo eskualde mailako hedabideak edota haien erantzule diren elkarteak, ikus-entzunezkoetan euskararen erabilera bultzatzea, euskarazko liburuen merkaturatzeari laguntzea, udaletan euskararen normalkuntza programak garatzeko laguntza, euskararen erabilera sustatzea alor sozio-ekonomikoan, eta abar.

Aurtengoan, IKT deialdia ere euskalgintzako besteekin batera dator, aurreko urteetan Gipuzkoa 2.0 deialdiaren barruan joan diren arren.

Hamar ataletan banatuta dator deialdia, bakoitzak bere diru-partida eta kopurua duelarik:

  1. Euskarazko aldizkako argitalpenak.
  2. Euskara sustatzeko proiektu eta jarduerak.
  3. Euskarazko ikus-entzunezko proiektuak.
  4. Euskaraz garatutako haur eta gazteen aisialdirako produktuak ekoiztu eta hedatzeko proiektuak.
  5. Euskarazko liburuak hedatu, merkaturatu eta banatzeko ekintzak.
  6. Euskararen erabilera soziala normalizatzeko udal planak.
  7. Itzulpen praktikak egiteko bekak.
  8. Alor sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko planak eta ikerketa proiektuak.
  9. Gipuzkoan euskaraz emititzen duten toki telebistak.
  10. Informazio eta komunikazio teknologiak erabiliaz, edukiak euskaraz hedatzeko proiektuak (IKT deialdia deitu izan dena).

Diru kopuruak behera

Iazkoan 2.019.490 euroko diru-partida izan zen deialdi honetan (2010eko berbera, eta beste 507.600 IKT deialdian. Aurten 2.386.422,00 euroko diru kopurua onartu da guztira.

Azken urteotako kopuruak, urterik urte:

Proiektuak aurkezteko epea martxoaren 6ra arte

Deialdiak otsailaren 8ko data darama eta martxoaren 6an bukatuko da diru-laguntzak eskatzeko epea.

Informazio guztia deialdian bertan:

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu