2011ko abenduaren 16an, lau hitzarmen sinatu zituen HABEk beste hainbeste erakunderekin. Hitzarmen hauen sinadura, HABE Liburutegia azken urteotan garatzen ari den egitasmo zabalago baten baitan txertatu behar da; alegia, Liburutegiko funtsen erabilera ez-presentziala bultzatzeko xedez lantzen ari garen egitasmo estrategikoaren baitan. Egitasmo hau aurrera eramateko, nagusiki, teknologia berriak eta liburutegi-sareak baliatzen ditugu, eta, era berean, Liburutegiaren espezializazio-eremuaren inguruan dabiltzaten ikerketa eta ikasketa taldeetako partaideei behar dituzten dokumentuak helarazten dizkiegu.
2011ko abenduaren 16an, lau hitzarmen sinatu zituen HABEk beste hainbeste erakunderekin: Soziolinguistika Klusterrarekin, Baionako Iker Ikerketa Zentroarekin, Mintzola Fundazioarekin eta HIZNET Hizkuntza Plangintzako graduondokoa kudeatzen duen Asmoz Fundazioarekin. Hitzarmen hauen arabera, HABE Liburutegiak on line zerbitzuak eskainiko dizkie erakunde hauetako ikerlari, irakasle eta graduondoko ikasleei, Liburutegiko egoitzara bertaratu beharrik izan gabe.
Duela ia hiru urte, Euskararen Historia Soziala jorratzen duen Etxeberri Egitasmoa zela-eta, Euskaltzaindiak eta HABEk sinatu zuten hitzarmena izan da oraingo lau hauen bide-erakusle; izan ere, oso emankorra izan da elkarlana; batik bat, Etxeberri Egitasmoko ikertzaileek behar izan dituzten dokumentuen hornitzaile nagusi bihurtu delako HABE Liburutegia.
Euskal Herriko eta, batik bat, nazioarteko 100 bat aldizkarik osatzen dute on line zerbitzu honen muina. Zerbitzua baliatzeko, Liburutegiko bazkide egin (Internetez, adibidez), eta, ondoren, aukeratu behar da zein aldizkariren alertak jaso nahi diren. Handik aurrera, erabiltzaileak bere postontzi elektronikoan jasoko ditu, argitaratu ahala, aukeratu dituen aldizkarietako zenbaki berrien alertak (hau da, aurkibideak), eta, aurkibidea jasotzen duenean, intereseko artikulurik ikusten badu, eskatu orduko jasoko du artikuluaren testu osoa, PDF formatuan. Guztia, jakina, posta elektronikoaren bidez. Helbide honetara zuzenduz bidera daiteke zerbitzu hau: alertak@habe.org
Gaur egungo biblioteken helburua (berdin udal-liburutegi, liburutegi unibertsitario edo espezializatua izan) ez da ahalik eta dokumentu gehien eskuratzea, baizik eta sarean lan eginez jartzea besteen eskura biblioteka bakoitzak duen hori.
Duela hiru urtetik hona, REBIUN (Red de Bibliotecas Universitarias) sarean esku hartzen du HABE Liburutegiak, Espainiako Estatuko liburutegi-sarerik garrantzizkoenean. REBIUNeko partaideen artean (Estatuko unibertsitate guztiak gehi liburutegi espezializatu gutxi batzuk), dokumentazio zientifiko asko elkartrukatzen da; bereziki, aldizkarietako artikulu digitalak e-postaz bidaliz eta, jakina, liburuak liburutegien arteko mailegu-zerbitzuaren bidez.
Bestalde, duela urtebetetik hona, Euskadiko Irakurketa Publikoaren sarean ere parte hartzen dugu liburutegien arteko liburuen maileguari dagokionez, eta, horrela, HABE Liburutegiko liburuak Udal Liburutegi gehienen bidez jaso eta itzul daitezke maileguan. Oraingoan ere, HABE Liburutegiko egoitzara bertara joan beharrik izan gabe.
Dena dela, goian aipatutako zerbitzu-aukerak ez dira mugatzen Liburutegiak bere egoitzan dituen funtsetara; izan ere, definituta daukagun eremuko (ikus beherago) edozein dokumentu lortzeko ahalegina egiten dugu, eta, horretarako, Euskal Herriko bibliotekek nahiz nazioarteko liburutegi nazionalek eskaintzen dituzten zerbitzuak baliatzen ditugu: Azkue Biblioteka, Sancho el Sabio, Biblioteca Nacional de España, British Library, Bibliothèque Nationale de France, Library of Congress...
Bigarren hizkuntzen didaktika: lau trebetasunak, gramatika, ahoskera, ebaluazioa, testak, programazioa, irakasleen prestakuntza, aldagai psikologikoak, xede berezietarako hizkuntza, ikas-estrategiak, autonomia, teknologia berriak, CLIL...
Soziolinguistika: munduko hizkuntzen egoera soziala, politikoa eta juridikoa, elebitasuna eta eleaniztasuna, hizkuntz plangintza eta hizkuntz politika, gutxiengo linguistikoak, ekolinguistika, hizkuntz ukipena, hizkuntza eta generoa, hizkuntza eta gazteak, hizkuntza eta legedia, antropologia linguistikoa...
Psikolinguistika: lehen eta bigarren hizkuntzaren jabekuntza haur eta helduengan, hizkuntzalaritza kognitiboa, biolinguistika, neurolinguistika, hizkuntz arazoak...
Hizkuntzak hezkuntza-sistemetan: irakaskuntza elebiduna, hiru eletakoa eta eleaniztuna munduan barrena, murgiltze-programak, gutxiengo etnikoak eta etorkinak eskolan...
Euskara: euskarazko produkzioa (literatura osoa eta jakintzagai guztiak) eta euskara hizkuntzari buruzko guztia biltzen dugu.
Hizkuntzak ikasteko materialak: euskara (osoki), ingelesa, frantsesa, alemana, katalana, portugesa, italiera, errusiera, japoniera, txinera... batzuk aipatzearren.
HABE Liburutegia, biblioteka espezializatua izateaz gain, publikoa ere bada. Ondorioz, HABEko teknikariei eta euskaltegiei ez ezik, gai hauetan interesa duten ikertzaile, irakasle nahiz ikasleei ere eskaintzen dizkiegu gure zerbitzuak eta, oro har, gizarte osoari.
Azken batean, Liburutegiaren helburua da gizarte elebidun/eleaniztuna sustatzeko zerbitzuak eskaintzea, bai administrazio publikoei, erakundeei, enpresei, taldeei..., bai ikerketa-munduan dabiltzanei, baita gizabanako bakoitzari ere. Izan ere, gizartea osatzen dugun administrazio, erakunde, talde eta pertsona guztiok dugu hizkuntz egoera berrietara egokitzeko beharra. Horrela, bada, Liburutegi honen xedea da zerbitzuak eskaintzea aipatu gizarte-eragile orori, hizkuntzen eta eleaniztasunaren alde didaktiko, soziologiko, psikologiko eta hezkuntzazkoetan, arreta berezia eskainiz euskarari eta Euskal Herriko egoera eleaniztunari.
Laburbilduz, Liburutegiak 40.000 inguru dokumentu biltzen ditu euskarri ezberdinetan (nabarmentzekoa da ditugun 665 aldizkariren bilduma), eta, bazkidetu ondoren, Liburutegiaren zerbitzuak baliatzeko aukera dago: mailegua, liburutegien arteko mailegua, Alertak zerbitzua, kontsulta bibliografiakoak, bisita gidatuak, etab.
Hemen gaude:
Vitoria-Gasteiz kalea, 3 - 4.a, 20018 Donostia, 943-022602 / 943-022604, liburutegi@habe.org, www.habe.euskadi.net/liburutegia
Maizeko erabiltzaile bezala, ezin nezake eskertu baino liburutegiak eta bertako langile eta arduradunek urtetan eskaini diguten/didaten aukera eta arreta pertsonalizatua.
Hala, zinez gomendatu baino ez daukat hizkuntzaren inguruan halako zerbitzu bikaina eskaintzen digun liburutegi ederra.
Segi ba horretan, eta eskerrik asko
Bittor