Teknologia albisteak
1

XXX. Lizardi Saria, Idoia Etxeberriarentzat

Erabiltzailearen aurpegia
Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzua
2012-01-21 : 11:01

"Ez dago argi" lanari esker lortu du garaipena Donostian bizi den Idoia Etxeberria oñatiarrak. Ohi bezala, saritutako lanaren 2.500 ale argitaratuko ditu Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak, herriko ikastetxeetako ikasleen artean banatzeko.

Idoia Etxeberria Elorzak (Oñati, 1977) irabazi du Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen Lizardi Sariaren XXX. edizioa, Ez dago argi lanarekin. Hamalau lan aurkeztu dira 2011ko lehiaketara, eta Etxeberriarena aukeratu du Jesus Mª Olaizola Txiliku, Miren Agur Meabe, Iñaki Friera eta Arrate Egañak (2010eko edizioaren irabazlea) osatutako epaimahaiak.

Sari gisa 3.700 euro jasoko ditu Etxeberriak eta bere lana argitaratu egingo da. Ohi bezala, Zarauzko ikastetxeetan doan banatuko ditu liburuaren 2.500 ale Zarauzko Euskara Zerbitzuak. Argitalpena sari banaketa egunean kaleratuko da, 2012ko apirilean.

Zarauzko Udaleko Kultura eta Euskara zinegotzi Gari Berasaluzek "zorionik beroenak" eman dizkio irabazleari, eta Lizardi Saria historikoki "erakusleiho bikaina" dela adierazi du, "euskarazko ipuingintzan duen garrantzia eta tradizioa" azpimarratuz. "Espero dugu Etxeberriaren lanak ibilbide oparoa edukitzea eta haur eta gazteen artean irakurzaletasuna pizteko balio izatea, hori baita sariaren helburuetako bat".

Lizardi Saria sari erreferentziala da haur eta gaztetxoen euskarazko ipuingintzan. Lehiaketa honek duen ospea azpimarratzeko, ikusi besterik ez dago aurreko urteetan irabazle izan diren idazleen zerrenda: Mariasun Landa, Bernardo Atxaga, Felipe Juaristi, Martin eta Xabier Etxeberria, Imanol Azkue, Pello Esnal eta Xabier Mendiguren Elizegi, besteak beste. Beste emakume baten lekukoa hartu du Etxeberriak, Arrate Egañarena, hain zuzen. Giltza lanari esker irabazi zuen 2010eko edizioa Bermeon bizi den idazle gipuzkoarrak.

Idoia Etxeberria (Oñati, 1977)

Oñatin jaioa, Donostian bizi da Etxeberria. Euskal Filologia ikasketak egin zituen Donostian, Kazetaritza Leioan eta Itzulpengintza Masterra Gasteizen. Euskaldunon Egunkarian hasi zen lanean eta gero Berrian ibili da hainbat urtean. Orain, Ahotsak.com egitasmoan dihardu, ahozko ondarea jasotzen. Goiena egunkarian zutabetxoa idazten du hilean behin. Umetatik gustatzen zaio idaztea, bai eta sormenarekin lotutako guztia ere.

Literaturgintzari dagokionez, "Gutiziak" liburuan parte hartu zuen, ipuin batekin (2000, Txalaparta) eta Zarautz bertako Bakarrizketa Dramatikoen I. lehiaketa irabazi zuen, "Bakartxo" lanarekin. Beste kultur alor batzuetan ere aritu izan da: 2011n eman zen Amantalen ahotsa ikuskizunaren sortzaileetako bat da eta "Aita antza" film laburra zuzendu zuen. "Gerrako garrak Oñatin" liburuaren egilea ere bada, beste batzuekin batera.

Lizardi Ipuin Sariketa

Sarituak:

  • 1982: MARIASUN LANDA: Txan Fantasmaren etengabeko istorioa
  • 1983: BERNARDO ATXAGA: Sugeak Txoriari begiratzen dionean
  • 1984: eman gabe
  • 1985: SEVE CALLEJA eta XABIER MONASTERIO: Dado iratxoa eta nire hatzak
  • 1986: JESUS MARI OLAIZOLA TXILIKU: Zazpi gelako hodeietako etxea
  • 1987: SANTI URRUTIA: Lurpeko idoloa
  • 1988: XABIER MENDIGUREN: Montse Txikiren azio handiak
  • 1989: eman gabe
  • 1990: PELLO ESNAL: Zazpi kolore ditu ostadarrak
  • 1991: PATXI ZUBIZARRETA: Matias Ploff‑en erabakia
  • 1992: FELIPE JUARISTI: Tristuraren Teoria
  • 1993: XABIER CILLERO: Eddy Mercx‑en gurpila
  • 1994: GERARDO MARKULETA: Egia gurutzatuen liburua
  • 1995: MANU LOPEZ GASENI: Urrutiko Intxaurrak
  • 1996: eman gabe
  • 1997: PEDRO ALBERDI: Nire kalea
  • 1998: eman gabe
  • 1999: MARTIN ETA XABIER ETXEBERRIA: Airean ere negu usaina nabari da
  • 2000: BEGOÑA BILBAO: Ibaia maitasunaren oztopo
  • 2001: KARLOS ZABALA: Karakol txikiren ipuinak
  • 2002: IMANOL AZKUE: Gaur egun handia da
  • 2003: eman gabe
  • 2004: PELLO ESNAL: Egundokoa haiz, Segundo!
  • 2005: IMANOL AZKUE: Kea airean bezala
  • 2006: eman gabe
  • 2007: RUBEN RUIZ: Anekdotak
  • 2008: XABIER MENDIGUREN: Egun bat Petre Romanescuren bizitzan
  • 2009: CASTILLO SUAREZ: Ebelina Mandarina
  • 2010: ARRATE EGAÑA: Giltza
  • 2011: IDOIA ETXEBERRIA: Ez dago argi

Erantzunak

Serafin Basauri
2012-01-21 : 19:15

Zorionak Idoia! Liburua irakurtzeko irrikitan.

Erantzun

Sartu