Teknologia albisteak
4

Politikaz... ba al dakigu zer den politika?

Erabiltzailearen aurpegia
Ainhoa Letamendia
2012-01-18 : 12:01

Gure bizitzan zehar hamaika aldiz erabili eta entzun dugun terminoa dugu politika. Denok izan dugu inoiz ahotan, politikaz paso egiten dugula esateko bada ere. Baina ba al dakigu zer den politika? Ezezkoan nago. Sarean zertxobait arakatuz gero, lehenengo emaitzek hauteskunde eta joko parlamentarioarekin, alderdi politiko eta antzeko terminoekin erlazionaturik dagoela azalduko digute. Kaleko jende arruntoi galdetuta jasoko litzatekeen erantzun oso antzekoa seguraski. Zertxobait gehiago arakatuz gero, erantzun oso desberdinak jaso ditzakegu baina.

Pertsonalki, gehien konbentzitu nauena honakoa da: Politika, biolentziaren erabileraren bidez, pertsonek, herriek eta estatuek boterearen ardatz hierarkikoarekiko duten posizio asimetrikoa zehazten duten erlazioak mantentzea edo aldatzea xedetzat duen jarduera da. Zenbaiti oso definizio arraroa suerta dakioke honakoa, baina zientzia politikoko ia edozein manualetan arakatuz gero arrarotik ezer gutxi duela ohartuko da. Beste bitarteko batzuekin, baina gudaren jarraipena dela dioenik ere izan da. Edo arerioari nahi egin ez duen hura egitera nola derrigortu aztertzen duen zientzia. Politika biolentzia, indarraren erabilera edo erabileraren mehatxuarekin erlazionaturik dago beraz definizio hauen arabera. Politikaz ari bagara, laguna-etsaia dialektikarekin egin beharko genuke topo ezinbestean.

Nola da posible ordea? Zenbat urte daramazkigu euskaldunok "politika edo indarkeria, hautatu beharra dago" "politikan edozein gauza da eztabaidagarria, baina biolentziarik gabe" "politikan konbentzitzen duenak irabazten du" "Indarkeriaren aroa amaitu da, bide politikotatik joko dugu orain" bezalako esaldiak entzuten?

Polizia zein guardia zibila gutxi balira, mota guztietako armak dituen eta itsasoz, airez edo lurretik jardun dezakeen ejertzito profesional zabala. Horixe da, estatu espainiarrak biolentziarik gabe edozertaz hitz egiteko jartzen duen aurrebaldintza, bat eta bakarra: biolentziaren monopolioa. Gero bai, gero edozertaz eztabaida genezake biolentziarik erabili ezean. Argi ikus dezaket beraz beste aldeak, etsaiak, “joko demokratikoa” deitzen duten horretan gu buru-belarri murgildurik ikusi nahiaren motiboa zein den. Galtzeko inolako arriskurik ez duen joko batean gurekin jolastea eta denbora alde duela gure herria erabat asimilatzen joatea, likidatzea finean.

Baina guk, zer egiten dugu guk horretaz ohartu gabe? Nola egon gintezke hain itsuturik? Nola jarrai dezakegu behin eta berriz akats berdinak errepikatzen?

Gustura irakurri dut Pako Aristik "Etsai jauna, buenos días!" izenburuarekin berriki argitaratu duen iritzi artikulua.

Hasieran aipatzen nuen laguna-etsaia dialektika oso presente du. Beste batzuk ez bezala estatuaz hitz egiten duenean, gureaz ari da, berreskuratu behar dugun horretaz. Beste aldeari zuzenean eta erarik naturalenean etsaia deitzen dio. Eta etsaiarekin nola jokatu behar den azaltzen duten 9 puntu zerrendatu. Banan bana azaltzen du ondoren, nola guztiz kontrakoa egiten ari diren batzuk. Lagun batzuk, gutar batzuk.

Horrexegatik ez zaizkit batere gustatu artikulu horren harira entzun edo irakurri ditugun zenbait erreakzio. Haserrea, egonezina nabaritzen zitzaien egileei. Nola haserretuko gara lagunarekin, bideak egokiak diren edo ez zalantzan jartze hutsagatik? Haserretu etsaiarekin haserretu behar gara, ez gure artean.

Ez da denbora asko Pako berari hitzaldi batean Euskal Herrian politikaz haserretu gabe hitz egiteko gaitasunik ez genuela entzuten nionetik, etsaiak lorturiko garaipen gisa aurkezten zuen ideia hau eta oso oker ez zebilenaren susmoa dut. Utz diezaiogun behingoz umekerietan ibiltzeari, organo jolea izana erabili du batek baino gehiagok Pakori erantzuteko azken hilabete hauetan. Argumentu falta ikaragarria nabarmentzen dute horrelako erantzunek. Zer erlazio eduki dezakete estrategia politikoek norberaren ogibide edo zaletasunekin?

Eztabaida beti izan ei da ezkerreko mugimenduen ezaugarri propioa, autokritika balore garrantzitsuenetakoa. Izan bada kontsekuente, eta eztabaidatu argumentuekin, eta ez saiatu ahots kritikoak deskalifikazioekin isilarazten. Datorren Otsailaren 2an Donostiako Koldo Mitxelenan, arratseko 19:00etatik aurrera aukera ezin hobea dugu horretarako, topiko politikoak desegin nahian jardungo baita Pako Aristi bera.

Erantzunak

Joseba
2012-01-18 : 14:31

Zientzia Politikoko manualak hori badio, politika antolakuntza sistema bat (bidezkoena) ahaztu du: anarkia. Biolentziaren aurkakoa da berez, nahiz eta erabilera hainbat kasutan justifikatua egon; Estaturik ez dago beraz horrek eratzen duen biolentzia konstantea ere ezabatzen da; bestetik, hierarkiarik ez dago, beraz klaserik ez: gizartean denok berdinak gara.



Aukera guztiak aztertu behar dira politikaz hitz egitean, ideologia politiko hau ere, beste guztiak baino justuagoa eta desberdina delako. Boterea deuseztatu egiten du.



Ongi izan.

Ainhoa Letamendia
2012-01-18 : 15:00

Josebari: Seguraski zu bezain bakezalea eta botere/estatuen aurkakoa naiz, baina gauzak tamalez diren bezalakoak dira, eta ez gustatuko litzaigukeen bezalakoak. Eta herri batek estatu bat duen momentutik ezinezkoa da gainontzekook estaturik gabe bizirautea. Eta zaila den arren gure estatua berreskuratzea posible dela deritzot, mundua estaturik gabe funtzionatzen jartzea baino errazagoa bai behinik behin.

Baino gainontzean ados egon gintezke, niretzako ere bidezkoena antolakuntza mota hori litzateke. Gure estatua ez dut ideal bat bezala ikusten, herri gisa bizirauteko ezinbesteko tresna bezala baizik.

Ondo izan!

Luistxo Fernandez
2012-01-18 : 17:46

Ainhoa Letamendiak aipatzen du Pako Aristiren artikulu hori. Ba erantzunik ere jaso du Berrian bertan: horra dexente haserretu zaion bat.


Iban Zalduari irakurri diot komentarioa Twitterren:



Bitxia zenbat kostatu zaien batzuei Pako Aristiren izpiritu sermoilariaz jabetzea: (...) Norberarena ukitzen ez duten arte...

Supongo aukera polita dela Aristirekin jarduteko KMK-ko hori. Baldin eta ostegun arratsalde batean Donostian libre egoterik baduzu. Aukera hori ez duenak, fastidiatu dadila, ze nekez ikusiko dugu Aristi bat blog edo tuiterretan
huntaz edo hartaz iritzia ematen. Iruditzen zait lurra ukitu barik bezala dabiltzala batzuk, hala nola tronu aingeru eta kerubinak.


iñaki
2012-01-18 : 18:59

Zaldua eta Fernandez, Fernandez eta Zaldua: uste dut gaiari heltzeko arazoak dituzuela eta horregatik egilea modu traketsean erasotzen saiatzen zaretela. Heldutasun politiko ezaren traza hartzen diot nik zuen jarrerari.

Erantzun

Sartu