Teknologia albisteak
9

Euskaldun izatearen (des)grazia

Erabiltzailearen aurpegia
beste bat
2011-12-03 : 13:12

Euskal Herriko tokiren batean jaioko zara eta zure gurasoek ezingo zaituzte euskaraz erregistratu.

Espainiako edo Frantziako nortasun agiria egingo dizute, nahi edo nahi ez, eta hori egiteko ez zaituzte euskaraz hartuko.

Deskuiduan Alaitz edo Jatsu jarri badizute izena, betirako izen arraroduna izango zara eta askotan esango/idatziko dute gaizki. Kanpotik etorritako arbasorik ez baduzu, zure abizenak ere ez dira normalak izango, zureak "ezberdinak" eta "zailak" izango dira.

Haziko zara eta, Nafarroa Garaikoa edo Ipar Euskal Herrikoa bazara, ezingo zaituzte euskarazko ikastetxe publiko batean matrikulatu.

Telebista piztuko duzu eta ez duzu euskarazko katerik ia ikusiko, Euskal Telebistak berak ere dirua bere erdarazko kateetan gastatzen duelako. ETB1en ingelesa sartuko dizute eleaniztasunaren izenean, gaztelaniazko kateak ukituko ez badira ere. ETB3 duela 20 urteko marrazki bizidunen errepikapenen katea bihurtuko dute. Nafarroa Garaian bazaude ez dizute euskaraz dagoen apurra ikusten ere utziko. Eta datuei begiratuz, telezaborraren audientziak euskarazko telebistarenak baino askoz handiagoak izango dira.

Kioskora joango zara eta ez duzu euskarazko aldizkaririk eta egunkaririk ia aurkituko. Beharbada Guardia Zibila horietakoren bat ixten ikusiko duzu noizbait.

Liburutegi batera hurbilduko zara eta zuk irakurri nahi zenuen liburu famatua oraindik euskaratu gabe dagoela esango dizute.

Zinera joango zara eta ez duzu euskarazko filmik ia ikusiko. Komediaren bat, umeentzako marrazki bizidunetakoren bat, zortea baduzu. Donostiako (tira, San Sebastianeko) Zinemaldi ospetsura bazoaz ere, eta berdin dio hiriko alkatea zein alderditakoa den, film eta aurkezpen ia denak espainolez entzun eta ikusi beharko dituzu.

Bideojokoren batekin jokatu nahiko duzu eta euskaraz ez duzu bat bera ere aurkituko, jakina.

Irratia piztuko duzu eta euskarazko kate oso gutxi aurkituko dituzu. Nafarroa Garaian euskarazko irratiei lizentziarik ere ez dietela ematen ikusiko duzu, telebistekin gertatzen den bezala, horrek Nafarroa Garaiko bertako legea ez betetzea eta Europak hizkuntza gutxituei buruz dioen guztiari entzungor egitea suposatzen badu ere. Ez da inor asaldatuko.

Gazte euskaldunentzako irratia omen dena sintonizatuko duzu eta hamar kantatik bat edo bi entzungo dituzu euskaraz. Hori bai, politikoki oso zuzenak izango dira biak edo bata.

Futbola jarraitzen hasiko zara eta euskal talderik garrantzitsuena erabat erdaldundua ikusiko duzu, lurralderik euskalduneneko taldea ere halatsu, eta elitean izen euskalduna duen bakarra bere barnean oraindik geratzen den euskara apurra ezkutatzen, baztertzen, ia debekatzen. Baina nahiz eta garai ekonomiko zailak izan, kamisetan "Gipuzkoa euskararekin bat" jartze hutsagatik dirutzak emango zaizkie.

Handik euskal pilota deitzen diotenera joko duzu eta pilotarien enpresek euskara trapu zaharra balitz bezala erabiltzen dutela ohartuko zara. Hori bai, noizean behin "euskararen aldeko pilota jaialdiak" antolatuko dituzte euren buruak zuritzeko.

Gaztetuko zara eta selektibitatea edo baxoa egitean, zortea baduzu eta euskaraz egiteko eskubidea aitortzen badizute, azterketetan gaizki egindako itzulpenak jasan beharko dituzu euskalduna izateagatik.

Unibertsitatera joango zara eta ez duzu erdaldunek adina aukera izango nahi duzuna euskaraz ikasteko. Irakasle euskaldunak ere agian eta agian bakarrik izango dituzu.

Bozkatzera joango zara, uzten badizute, eta inork ez (inortxok ere ez) duela euskararen aldeko benetako konpromisorik hartzen ikusiko duzu. Zu ordezkatzen omen zaituen lehendakari/presidenteak euskara mespretxatu egiten duela ikusiko duzu. Herri hau askatu nahi duten horiek, berriz, erdaraz idazten, erdaraz eztabaidatzen, euskara erdaraz defendatzen ikusiko dituzu behin eta berriz. Are gehiago, argitaletxerik eta egunkaririk abertzaleenak omen diren horiek ere erdaraz funtzionatzen dutela ikusiko duzu. Independentzia (eta sozialismo) erdaldun baten alde, finean.

Hauteskundeetan Gipuzkoan ezker abertzaleak eta Bizkaian EAJ-PNVk irabazten dutela ikusiko duzu, baina gero Vocento talde espainolistaren El Diario Vasco eta El Correo Español barra-barra salduko dira eta Berriak arazo ekonomikoak izango ditu irauteko.

Abertzalea-edo omen zen Eusko Jaurlaritza euskaraz piperrik ez dakien trikitilari bati 700.000 euro (Kultura Saileko 232.000 eta... Etxebizitza eta Gizarte Saileko 472.000 euro) ematen ikusiko duzu, euskaraz ez dakien jendea euskal kanturen bat euskaraz grabatzen jartzeko. Maitagarria, Miren Azkarate.

Youtube webgunean, adibidez, Oskorriren "Euskal Herrian euskaraz" abestiaren bideoa ikusten/entzuten hasiko zara eta aldeko boto gehien dituen iruzkina "ke grande!" (sic), erdaraz, dioena dela ikusiko duzu.

Euskal Herrian lan egiten duten kazetariak erdaldun elebakarrak direla eta gainera euskaraz eginez gero eskandalizatu egiten direla konturatuko zara. Zein gaiztoak diren adierazpenak euskara hutsean egiten dituztenak, erdara hutsean egiteko aukera izanda.

Helduko zara, umeak izango dituzu eta Nafarroa Garaian zein Ipar Euskal Herrian ezingo dituzu euskarazko ikastetxe batean matrikulatu, hala nahita ere. Zure herria ez baita "toki euskalduna".

Euskarazko literatura jaio zen lurrean, euskarazko rock and rolla bera ere hasi zen tokian, euskaraz etxean soilik aritzearekin konforme beharko duzu. Morts pour la patrie eta abar. Eta ez ausartu gero Euskal Herriko Laborantza Ganbara edo antzeko erakunde "ilegalak" sortzen.

Poliziarengana joango zara (edo bera etorriko zaizu) eta, hizkuntza eskubide guztiak ahaztuta, batek ere ez dizu euskaraz egingo. Gendarmeak, guardia zibilak, foru poliziak, ertzainak. Berdin dio. Zuri ordainarazitako zergak ez dira horretarako.

Epaitegi batera joango zara eta ez duzu euskarazko epaiketarik izango inola ere. Euskaraz egindako adierazpenen batengatik euskaraz tutik ez dakiten batzuek epaituko zaituzte, agian, Arnaldo Otegiri gertatu bezalaxe.

Toki publiko askotan, euskaraz mintzatze hutsagatik jendeak arraro (gaizki ez bada) begiratuko dizu, gaizki sentiaraziko zaitu eta bere hizkuntzara eramango zaitu ezinbestean.

Egoera erabat demokratiko eta normalizatu hartan lehendakari bihurtu zena euskara ikasteko urtean 40.000 euro xahutzen ikusiko duzu, gero, algaraka, askotan piper egiten duela eta euskara oso zaila dela esaten badu ere. Bizkaiko mendebaldean inoiz ez dela euskaraz hitz egin ere esango du, nahiz eta gezur galanta izan. Hau guztia erdaraz esango du, jakina, hainbeste dirurekin ere ez baitu euskara ikasterik lortuko gizarajoak.

Euskara desprestijiatzeko EGA titulua euskaraz ia ezer ez dakien edonori emango diote, hori omen da eta normalena. Hala izango da.

Zu ordezkatzen omen zaituztenak eta zure dirutik bizi direnak, euskaraz ez dakitenak noski, Kontseiluko kideak euskararen normalizazioaren alde saiatzeagatik "euskararen talibanak" direla esaten entzun beharko dituzu.

Lingua navarrorum delakoa zu bizi zaren Nafarroako seinaleetatik kentzeko dirua gastatuko dute. Orkoien Orcoyen bilakatuko dute magia eginez. Erriberri ezabatu eta Olite soilik utziko dute. Lurraldea hiru zatitan banatuko dute eta horietako bitan hizkuntza-eskubideak zikiratu. Hezkuntza euskalduna jasotzeko gero eta eskaera handiagoa alferrik izango da. Euskara itotzen ari den bitartean dirulaguntzak etengabe gutxituko dira, garai txarrak direlako eta dirurik ez dagoelako. Laguntza behar duten euskarazko komunikabideak hiltzen utziko dira. Aldi berean, ordea, ingelesa sustatuko da euskarazko irakaskuntza nola edo hala saihesteko. Euskara sustatzen baino diru gehiago gastatuko da ingelesa sustatzen.

Kapitalismoak sorturiko enegarren krisia dela eta, euskararentzat dirurik ez dagoela entzungo duzu, ondoren milaka milioi kostako diren porlanezko makroproiektu ikaragarriak aurreikusitako epeetan bukatuko direla esango dizunaren ahotan. Lau urtetan euskarazko komunikabide guztiei ematen zaien diruarekin oso azkar ibiltzen den tren eder baten kilometro bat (bakarra) eraikiko dute.

Erdarazko hitz bat ez badakizu ergel atzeratua izango zara eta barre egingo dizute, arrazoiarekin gainera. Euskaraz gaizki hitz egitea normalena izango da ordea, paper ofizialetan akats lotsagarriak badaude berdin izango dio eta eskerrak eman beharko dituzu zuretzat (hiztegi automatiko batekin hitzez hitz) itzultzeko lana hartu dutelako.

Hirurehun urte baino gehiagoko inposaketa, debekua, mespretxua, diglosia ikaragarria eta minorizazioa pairatu ondoren, Espainiako nagusia edo "Jefe de Estado" delakoa gaztelania sekula ez dela inposatu lasai asko esaten entzungo duzu.

Erdaldun elebakarrek beraien hizkuntza erabiltzera derrigortuko zaituzte. Han eta hemen, ipar eta hego, gau eta egun, uda eta negu, etengabe.

Zahartuko zara, ospitale publiko batera joatera behartuko zara eta ziurrenik ez zaituzte euskaraz hartuko. Baskongadetan bazaude, hala ere, "Nahi baduzu euskaraz" dioten kartel politak jarriko dizkizute. Ezingo zara kexatu. Izan ere, denok dakigu hemen lan egiteko mediku espainiar elebakar baten eskubidea zu bezalako elebidun batek bere hizkuntzan artatua izateko duen eskubidearen gainetik dagoela. Denok dakigu, halaber, mediku onen eta mediku euskaldunen artean aukeratu beharra duela Osakidetzak. Nonbait ez da posible mediku euskaldun bat ona izatea.

Euskaraz bizi nahi baduzu, bizitza osoan putak bezala (eta barkatu prostitutei) erreguka ibili beharko duzu ezer askorik ez lortzeko. Zure herrian arrotza izango zara eta kitto.

Hala ere, hil aurretik konturatuko zara zein ergela izan zaren. Besteen hizkuntza zen normala eta zurea anormala, besteek integratu egiten zuten eta zuk sesioa sortu, besteek hizkuntza atzerakoia etxean erabiltzen UTZI egiten zizuten eta zuk besteei INPOSATU egin nahi zenien. Baina azkenean konturatu zara. Azkenean maite dituzu Anaia Nagusia ("Una, Grande y Libre" edota "Liberté, Egalité, Fraternité", segun eta Bidasoaren zein aldetan jaio zinen) eta bere hizkuntza.

Eta egun hori azaroko egun bat bada, erne, zure eskela 40 urtez euskara erabat debekatu zuen diktadore harenaren alboan (zurea tamaina askoz txikiagoan, noski) ikusiko dute.

Goian bego Europako hizkuntzarik zaharrenetarikoa. Zahartuta, hala behar zuelako hil da, inork ez baitu inoiz ezer egin bere aurka. Arazo bat gutxiago, ezta?

Erantzunak

beste bat
2011-12-04 : 17:53

"1. urte baino gehiagoko inposaketa, debekua, mespretxua, diglosia ikaragarria eta minorizazioa pairatu ondoren, Espainiako nagusia edo "Jefe de Estado" delakoa gaztelania sekula ez dela inposatu lasai asko esaten entzungo duzu".


Esaldi horren lehenengo zenbakia 300 zen eta ez 1. Bestela, eskerrik asko Sustaturi publikatzeagatik.


Irala
2011-12-05 : 00:25

Hori guztia aipatzea eta salatzea oso egokia eta bidezkoa izan daiteke eta da, baina egunero euskaraz bizitzen saiatzen garenok GURE GARAIPEN TXIKIEN ZERRENDA lantzean ikustea estimatuko genuke, osterantzean erraza da etsipenean jaustea, beroa zena epelduz eta epela hoztuz. AUTOFLAGELAZIOARI STOP!!!!

Aitor
2011-12-05 : 14:49

Gauza asko egiak dira, baina ez da egia osoa. Irakurketa ezkorregia iruditzen zait. Honalekoek ere ez pentsa mesede handia egiten diotenik euskarari. Eusklatzale gisa suizidatzeko gogoa baino ez du ematen errealitatea honela ikusteak.

abertzalea eta sozialista
2011-12-05 : 16:13

Ondo dago artikulua. Hala ere, nik badaukat kritikatxo bat. Horrelako artikuluetan, alderdi politikoekiko neutral agertu beharraren beharraz, berdin kritikatzen dira joera politiko guztiak.

Eta hori ez da zilegi. Alderdi politiko guztiek ez daukate erantzukizun bera euskararen egungo egoera negargarrian. Alderdi politikoetako jendeak ez du ahalegin berbera egin euskara ikasi eta erabiltzeko. Ezker abertzaleko jendeaz ari naiz, jakina. Ezker abertzaleko jendea, beste alderdikoekin konparatuta, askoz gehiago euskaldundu da, askoz ahalegin handiagoa egin du, eta eguneroko bizitzan, egiturek, euskaraz funtzionatzen dute.

Mesedez, ez jarri guztiak neurri berean. Ez da justua.

iban
2011-12-05 : 17:25

Aupa, Beste bat:



Ahantzi duzu kontatzea, xahartuta eta buru akitua euskaraz xuxurlatzen ospitalean sartu eta mediku onak (ona, euskalduna ez zelako), delirium tremens diagnostikatzea xahar gizarajoari, zentzurik gabeko hitzak ahoratzen zituelako.

patxi lurra
2011-12-05 : 19:18

I. Ez enbarazu egin. Ez nabarmendu (euskaraz eginez, erran nahi baita). Etxetik kanpo izan koxmopolitta (erdaraz egin, erran nahi baita). Euskaraz etxean eta etxe-etxekoekin.





II. Izan “edukazio oneko” eta erdaraz mintzatu beti inguruan (10 metroko erradio batean, erran nahi baita) erdaldunik balego.





III. Zakurrei eta 8 urtez beherako haurrei euskaraz zuzentzea zilegi liteke. Alabaina adin horretatik gorako gaztetxoei euskaraz zuzentzea nabarmen geratzea da. Ikastolako / euskaltegiko irakasleek baino ez dute egiten hori, eta ez guztiek ere.





IV. Ezezagunari lehen hitza erdaraz egin. Erdaraz dakiela ziurra da. Bestela jokatzea nabarmen agertu nahi izatea da edo enbarazu egin nahi izatea.





V. Administrazio publiko batean euskarazko arretarik ez badizute bermatzen, ongi hartu. Prozesu guztiek behar izaten dute denbora. Gainera, prozesu batzuek, beste batzuek baino denbora gehiago behar izaten dute. Euskararenak kasu. Eta ez nabarmendu; halakoetan euskaldunak otzan jokatu ohi du eta. Areago, seguruenik administrazio horretako langile hori ezezagun zenuen ezta? Zer dela eta orduan, euskaraz enbarazu egin behar hori?





VI. Ez keinu txarrik egin Ikastolako, Euskara elkarteko, edo Euskara Zerbitzu publiko hartako lankide erdarazale amorratu horri. Ez nabarmen gerarazi. Nahikoa sufritzen du eta berak euskaldun tematiz eta enbarazu eginzalez inguratuta. Malgu izan. Bi malgu, mai frien.





VII. Hiperdenda handi horietan euskaraz dauden iragarki urriak ondo irakurtzerik ez baduzu, malgu jokatu eta erdarazkoetara jo, ondotxo menderatzen duzu eta. Gainera, ulergarriagoak izan ohi dira, jatorrizkoak direnez gero.





VIII. Alderdi abertzale bateko kide bazara, euskaraz egizu nahi beste batzar handietan (bestela ez): alderdikide erdaldunek ere egingo dizute txalo. Hori bai, alderdiko kargudunei euskaraz jakin beharrik eskatzea ez dakizula bururatu, bestelako txaloak jaso ditzakezu eta. Besteei zer egin behar duten esatea oso itsusi dago (horretarako kargudunak leudeke, gainera).





IX. Alderdi “nonacionalista” bateko kide bazara, euskaraz “egun on - buenos dias” eta “agur” esatea zilegi da. Hortik aurrera ez da komeni. Zeure onerako diotsugu.





X. Medikuarenean erdaraz. Izan ere, zer nahi duzu? Mediku ona ala euskalduna?



Eta Ertzaintzarekin bate zere, “malgu” jokatu, komeni zaizu eta. Benemeritarekin nola? Galdetzea ere, konpai… Horiekin oso-oso-oso “malgu”.



beste bat
2011-12-06 : 00:12

Ez nuke suizidatzeko gogorik piztu nahi nik hemen. "Euskararen eguna" dela eta, denak polita dirudien honetan, irakurriko zuten euskaldunei zerbait pentsarazi badiet, pozten naiz.


Irala, Aitor: nik nahiago nuke irakurketa ezkorra balitz, baina oraingoz errealitate gordina dela uste dut. Aipatzen direnak egiaztatu besterik ez dago.


abertzalea eta sozialista: gai honi dagokionean, nik ez ditut inola ere maila berean jarriko ezker abertzalea eta, adibidez, UPN. Horrek ez du esan nahi, ordea, ezker abertzaleak askoz ere gehiago egin ez zezakeenik. Ikusi "bere" egunkariaren hizkuntza, Otegiren erdara hutsezko gutunak, Bilduren erdara hutsezko hainbat komunikatu eta abar luzea. Nik ere abertzaletzat eta sozialistatzat dut nire burua, baina gauzak halaxe daude.


iban: dena ezin gogoratu, badakizu.


Urtzi
2011-12-06 : 23:47

Bai, egia borobil asko daudela onartu beharra dago. Baina esperantza azkena galtzen den sentipena da. Nik uste Euskarak baduela oraindik ere bide luze bat egiteko, gerra asko emateko eta nork daki, egunen batean hizkuntza normalizatu bat izateko.



Norbanakoarengadik hasita jarri behar dira lehentasunak. Eta horretan nik argi daukat, nik Euskaraz bizi nahi dut oztopoak oztopo!

Bigeixo
2011-12-07 : 20:02

VI. aginduko "Euskara Elkarteko langile erdarazale amorratu horri?" horretan uste dut eskua joan zaizula... Ziur zaude hori kasu arrunta dela? Askotan pasa zaizu?



Beste sasi-agindurik proposatzearren



-ezagunekin, erdi-lagunekin, euskaltzaleekin euskaraz egin. Lagunekin edo bikotearekin gazteleraz salbuespen bakarrarekin, aurrekoetako bat zure aurrean egotea.

-zurito bat, bi beltz edo kalimotxo bat euskaraz eskatu (ikus hemen Udaletxeko bentanilan euskaraz hasi, edo nahi beste aukera) eta behin atzera begiratzerakoan, lagunarekin, bikotearekin, koadrilarekin... gazteleraz jarraitu

Erantzun

Sartu