Euskara gaixo hipotetiko bat balitz, aspalditik astenia edo indar ahularen sintoma antzemango geniokeen, agian zahartzaroagatik, hizkuntz zaharrenetarikoa delako edo bere erabilgarritasuna urrituz joan delako, bai barne arazoengatik, hiztunak gutxitu baitira bere erabileran, zein kanpoko eraginez, estatuek mendetan zehar egin duten genozidio linguistikoagatik. Azken arrazoi hau, hain zuzen, askotan aipatu izan da, besteak beste euskal gatazkaren eragileak azaltzerakoan.
Utz ditzagun kanpoko arrazoiak eta barne arazoez galdetu diezaiogun gure buruari. Zerk bultzatzen gaitu hizkuntz bat ala beste bat erabiltzera? Inguruak baldintzatzen gaitu, noski, ez baita berdina Kafe Antzokian edo El Corte Inglesen euskaraz jardutea, baita gure fisiologiak ere, burmuinak eta, oro har, gorputzak energia gutxiago erabiltzeko arauari jarraitzen dionez. Hala, askok kostu gutxiagoz dihardute gazteleraz edo frantsesez euskaraz baino. Jakina, horrek inguruarekin erlazio zuzena duelarik, gurpil zoro bat sortzen du: zenbat eta gutxiago erabili, orduan eta nekezago zaigu gure hizkuntza erabiltzea.
Nahia da erabileraren beste faktore bat, hau da, euskaraz jarduteko gogoa, Koldo Izagirrek dioen moduan, hizkuntza batez edo beste batez baliatzea aukera politiko bat da. Mayor Orejaren aitona karlistak oso argi zeukan faktore hori; izan ere, baserriko giro euskaldunean euskararen transmisioa eten eta ilobak erdaldundu zituen, famili askotan gertatu den era berean. Ez da munta txikiko arazoa, zeren gogoak oso harreman zuzena baitu burmuineko atalik zaharrenarekin, gure sistema linbikoarekin. Ez ahaztu sistema linbikoak bizirauteko baldintzak kontrolatzen dituela, hala nola sexua, agresibitatea, emozioak Eduardo Punseten programetan neurozientzietako adituekin egindako elkarrizketetan maiz agertu denez, emozioek edo alde inkonsziente-irrazionalak gure alor arrazionala edo zentzuduna gainditzen du. Publizitatearen industria eta politikoak aspalditik daude horretaz ohartuta, halako moduan non neuropolitika deritzan arlo berria asmatu baitute, gure gogoa politika-hautaketaren merkatuan manipulatzearren.
Jakintza hori aspalditik eta sarritan erabili da euskaldunen aurka. Autopsiaren frogak liburuak argiro erakusten du nola azken hamarkadetan euskara terrorismoarekin berdindu izan duten multimedia askotatik. Osasuneko agintariak jokabide horren ale ederrak ditugu. Sinesten badiegu, pentsatuko dugu euskara oztopo bat dela profesional onak lortzeko, eta ildo horretatik, hizkuntza-eskakizunen derrigortasuna gutxituz doaz EAEn, are gehiago, euskara ingelesaren azpian kokatu dute Nafarroako oposaketatan. Guztiarekin ere, ez dira hor gelditzen gure hizkuntza-gogoa suspertu ordez suntsitzeko ahaleginetan. Osasun-tratamendua tinko eskatu duen Oñatiko herritar baten kasua dela-eta hala Rafael Bengoak nola Iñaki Oyarzabalek taliban deitu diete edo digute gure hizkuntza-eskubideei sendo eusten dieten euskaldunei. Herri edo nazio normal batean horrelako agintariak ipsofacto erauziko lituzkete karguetatik, gurea, ordea, herri kolonizatua izanik, kolonoek urte askotan ondo zaindutako prebendak dituzte, bai bere konstituziogatik zein ezarritako gobernu ez-demokratiko bategatik.
Beraz, euskara gaixo hipotetiko bat balitz eta halako moduko sendagileen eskuetan balego, heriotza ziurtatuta leukake, hori bai mina apaltzeko tratamendu aringarriekin. Horiek horrela, hobe laster gaixoa sendagile hobe batzuen ardurapean jartzen badugu. Aldaketa horren premiaz jardungo dugu Eibarren datorren azaroaren 19an, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak (OEE) antolatutako Topaketetan. Osasuna euskara eta euskaldunontzat!
Angel Bidaurrazaga, sendagilea eta OEEko kidea.
Osasun administrazioen hizkuntz politikak aztertzeko topaketen egitaraua
Bengoa eta koadrilla hau ez dira batere originalak, euren maisuek orain dela 100 urte baino gehiago esandakoa errepikatu besterik ez dute egiten:
Miguel de Unamuno (1901, Bilboko Lore Jokoak):
*"El vascuence se extingue sin que haya fuerza humana que pueda impedir su extinción (...) es para que mejor sobreviva su alma (...) ¡Hermoso monumento a estudio! ¡Venerable reliquia! ¡Noble ejecutoria! Enterrémosle santamente, con dignos funerales, embalsamado en ciencia; leguemos a los estudios tan interesante reliquia."*
"La lucha de clases" aldizkari sozialista (1901, Bilbo):
"Su completa desaparición permitirá una mayor comprensión entre los hombres. El vascuence es un enfermo tuberculoso en su último grado que irremisiblemente perece."