Teknologia albisteak
3

"Mutrikuko Udala informatuz!"... Eta Internet?

Erabiltzailearen aurpegia
Pedro Arreitunandia, Atxukale.com
2011-10-26 : 09:10

Gaur Mutriku osoa ohar honekin josita ikusi dugu.

2011-10-25 17.21.43

Udal taldeak lanean jarri zenetik 100 egun pasa direla eta, Zabiel Kultur Etxera deitzen digu herritar guztioi beraien lanaren berri ematera. Ondo dago nere ustez zer egin duten eta zer ezin izan duten egin herriari jakitera ematea. Hau ikusi, eta galdera etorri zait burura: “Mutrikuko Udaleko web gunean jarriko al zuten deialdia ?” Zoritxarrez, espero nuen erantzuna aurkitu det: ez, web gunean ez dago ezer honi buruz.

MutrikukoUdala-2011-10-25

Ez dakit beste herrietan, baina Mutrikuko kasuan hau arazo endemikotzat jo dezakegu. Ez da gaur egun dugun udal taldearekin bakarrik gertatzen, lehendik egon diren guztiekin ere berdina gertatu izan da, kolore desberdinetako taldeak, baina Internet-ekin jokabide berdintsua.

Denok dakigu ate guztietan oharrak jarrita biztanle guztiok jasoko dugula mezua, baina horrek ez du kentzen honelako gauzak Udalak duen web gunean publikatu ezin daitezkeenik. Helburua mezua ahalik eta gehien zabaltzea bada, zergatik ez bide hau “ere” erabili ?

Egia esan behar badet, neri amorru dexente ematen dit talde politiko “guztien” jokaera den hau: hauteskunde garaietan inor baino modernoagoak direla pentsa dezakegu: sare sozialak erabiltzen dituzte, edozein politikok bere bloga du, youtubera bideoak igotzen dira, …., demaseko mugimendua ikus dezakegu Interneten, baina zoritxarrez hori azkar itzaltzen den argia izaten da …

Hauteskundeetako garai horretan, helburu konkretu horretarako denak konturatzen dira Internet komunikazio tresna itzela dela, baina gero badirudi ahaztu egiten zaiela. Zergatik ? Ba benetan ez dutelako ikusten komunikazio bide hau, ez dutelako sentitzen tresna honek daukan garrantzia. Hauteskundeetarako agian norbaitek (alderdi politiko bakoitzeko komunikazio goi arduradunak edo …) esaten die hori erabili behar dutela, baina gero ahaztuta geratzen da.

Internet, komunikatzeko tresna

Bai, Internet definitzeko era asko egongo dira, baina konturatzen bagara Interneten erabiltzen ditugun tresna gehienak komunikatzeko dira: posta elektronikoa, txatak, blogak, sare sozialak, bideoak, …., oso era merkean demaseko eragina lortzen duten tresnak dira.

Eta nola erabili dezake Mutriku bezelako herri txiki batek tresna guzti hauek ? Ba oso erraza da, ez du gain kosturik, eta ez du orain egiten den lana baino gehiago eskatzen. Nik hemen zenbait ideia botatzera noa, baina hortaz aparte seguru gauza asko ere egin daitezkeela:

  • Mutrikuko web gunea egiteko aukeratu zen teknologia oso ona denez, Udalak nahi duen informazio guztia bertan publikatu dezake, bakoitza dagokion atalean.
  • Atal bakoitzean publikatzen diren albisteetan hala nahi izan ezkero, herritarron erantzunak ere jaso daitezke, herri partaidetza bultzatuz. Erantzunak publikatuta ikusi aurretik, norbaitek moderatu ditzake.
  • Atalka, edo gune osoa hartuta, publikatzen diren albisteak posta elektronikoz bidaltzerik ere egongo litzateke. Web gunean informazioa publikatu eta berehala arpidetuta dagoen herritar bakoitzak bere postontzi elektronikoan jasoko luke.
  • Alkateak bere bloga izan ahal izango luke, bera zuzenean herriari zuzentzeko behar denean erabiltzeko . Alkateak esan det, baina posible litzateke ere talde politiko bakoitzak bere komunikazio gunea izatea Udaleko web gunean.
  • Hile honetan bertan Hitzan irakurri ahal izan dugunez Udalak herritarroi batzordeetan parte hartzeko deia egin digu . Ez da ideia txarra herritarron inplikazioa bilatzea, baina nik hor zerbait gehituko nuke: jendearen inplikazioa lortzea ez da lan erraza izaten, baina agian errazago izango litzateke batzordeetan egiten den lanaren berri web gunean egongo balitz. Demagun bederatzi batzorde daudela; bakoitzak webean bere txokoa izango balu, hartzen diren erabakiak, jorratzen diren gaiak, eta abar euren txokoan publikatuz, agian norbaitek hori bere interesekoa dela ikusi eta animatuko litzateke. Ez dela inor animatzen ? Ba gutxienez informazio hau publikatuz komunikazioa asko hobetuko litzateke, hori behintzat irabazita.

 

Ikusten dezuenez hauek adibideak baino ez dira, baina gaur egungo egoera zein den ikusita, asko hobetu daitekeela argi dago.

Zuetako norbaitek uste al du hemendik eta lau urteetara Donostian egiten den bezela, plenoak zuzenean Internet bidez transmititzera helduko garenik ? Portzierto, doako zerbitzuak erabiliz eta euro bakar bat ere gastatu gabe ?

Oharra: Idatzian argi dagoela esango nuke, baina badaezpada ere argi lagatzeko: mezu hau ez doa gaur eguneko udal taldeari kritikatzeko asmoarekin, izatekotan, egon diren guztiei zuzendutakoa izango litzateke, baina beti ere kritika konstruktiboak egiten  ;-)


Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: Pedro Arreitunaindia, Tolon, Atxukale.com

Erantzunak

Javier Quintana
2011-10-26 : 15:12

Mutrikuko Udala InformaTZEN! behar luke. Erdarazko -ando euskaraz ez da beti -TUZ.

Atxa
2011-10-26 : 18:52

Bat nator Javier Quintanarekin.



Bilduren informazio orrietan hamaika akats, nabari-nabariak.

Baduridi gizarte-politiketaz ahaztu egin direla, kasurako http://bildu.info/blog/2011/10/14/nola-egiten-dira-aurrekontu-partehartzaileak/ albiste horren testu garapenean sortutako hizkera, esaterako.

xuxen
2011-10-28 : 16:23

Urrutira gabe, batetik, orduak 19:00 Etan beharko luke, eta gizarte-politikEZ. Bestetik, hain zaila da euskaraz txukuntasun gutxieneko batez aritzea?

Erantzun

Sartu