Teknologia albisteak
4

Lurdes Auzmendi: "Elebideri esker, Euskadiko herritarrek gero eta hobeto ezagutzen dituzte beren hizkuntza eskubideak"

Erabiltzailearen aurpegia
HPS - Munduoro
2011-10-17 : 16:10

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Elebiden, hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzuan, 2010. urtean jasotako intzidentzien berri eman du, eta kanpaina berria aurkeztu du gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Lakuako (Vitoria-Gasteiz) egoitzan egin den prentsaurrekoan. Bertan, zera esan du Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak: "Elebideri esker, Euskadiko herritarrek gero eta hobeto ezagutzen dituzte beren hizkuntza eskubideak".

Lurdes Auzmendik 2010ean herritarrek Elebide zerbitzuaren bidez jarritako kexen, kontsulten, eskaeren eta iradokizunen datuak eskaini ditu. Sailburordeak emandako datuen arabera, 2009koan 212 kexa bildu ziren guztira. Horietarik, 209 euskarari zegozkion eta 3 gaztelaniari. 2010ean, 261 kexa aurkeztu dira, horietarik 254 euskarari dagozkiola eta 7 gaztelaniari. Horrenbestez, kexak ehuneko 23 gehitu dira. Hau da, herritarrek erabilitako hizkuntza kasuen ia ehuneko ehun, zehazki % 98,6, euskara izan zela, eta %1,4 soilik gaztelania.

Auzmendiren hitzetan, “datu soil horrek adierazten du, Elebideri eta antzeko erakunde eta elkarteei esker, Euskadiko herritarrak gero eta hobeto ezagutzen dituzte beren hizkuntza eskubideak. Pozgarria da ikustea sailburuordetzak bultzaturiko sentiberatze kanpainak arrakastatsuak izan direla”, adierazi du Auzmendik.

Euskararen normalizazioa pausoz pauso doa, gelditu gabe, aipatu du sailburuordeak “eta ez du atzera egiterik. Euskadin berezko hizkuntzaren alde lortutako adostasun politiko eta soziala sasoian dago, eta arrakasta horretan erakundeek ardura izan dute”.

Nolanahi ere, Auzmendik onartu du euskararen normalizazioak argiak eta itzalak dituela. “Azken hogeita hamar urteei perspektiba pixka batekin begiratuz gero, ordea, ezin da ukatu argiak askoz gehiago direla itzalak baino. Balantze horrek indarra ematen digu egiazko gizarte elebidunaren aldeko eguneroko lanean aurrera egiteko. Gure nahia euskalgintzan aurrera egitea da, arian-arian, baina tinko, ahuleziarik gabe. Askatasunean oinarritutako elebitasuna dugu helburu, inposizioaren bideak euskararenganako ezin ikusia, gorrotoa sortu baino ez baitu egiten”.

Patxi Martinez de Marigorta Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak, berriz, onartu duenez, “Elebide, pixkanaka, bidea urratzen doa hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzua emateko bide horretan; izan ere, Eusko Jaurlaritzak Elebideren eskutik lortu nahi duen helburu nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan dauden bi hizkuntza ofizialek elkarren arteko oreka lortzea da”.

Martínez de Marigortak Elebiden zure hizkuntza eskubideak babesten ditugu leloa duen kanpaina aurkeztu du,” horixe baita, azken batean, gure helburua: herritar bakoitzaren hizkuntza eskubideak bermatuta izatea” aipatu du.

Elebideren kanpaina bihar, urriak 18, hasiko da markesinetan eta datorren astelehenera arte, urriaren 24ra arte, luzatuko da. Internet, sare sozial eta irratiz, berriz, egun gehiagoz luzatuko da. Aurtengo Elebideren kanpaina honen helburua, gizartea gizarte elebidun baten alde sentsibilizatzeko ahalegin horretan beste urrats bat egitea da eta, jakina, herritarrek zerbitzu hau gehiago erabili dezaten.

Azken urteko datuei erreparatzen badiegu, Elebideren zerbitzua pixkanaka-pixkanaka gizartera iristen ari dela azaldu du Patxi Martínez de Marigortak, “baina oraindik lan handia dugu aurretik. Alde horretatik, erakunde publikoen zein enpresa pribatuen jarrera azpimarratu nahi nuke, kasu gehienetan konponbide bat bilatzeko borondate handia erakutsi dutelako”.

Erantzunak

Xabi
2011-10-17 : 20:23

Bere garaian Elebide zerbitzua erabili eta nire eskubideen inguruko informazio dexente jaso nuen. Horrek EAEko administrazioarekin harremanetan nire hizkuntza eskubideak urratuak zirela konturatzeko/egiaztatzeko balio izan zidan, baina ez eskubide horiek bermatzeko.



Goragoko lerroetan irakurri dudan horrek Elebide zerbitzuak dituen helburuen apaltasuna erakutsi dit: hizkuntza eskubideen ezagutza nabarmendu, benetako bermearen bila jo ordez. EAEn orain dela 29 urte indarrean den legea oraindik betetzen ez dela eta "pausoz pauso" eta "pixkanaka" bezalako hitzak erabiltzen jarraitzea ... barraskilo pausoan joan nahi eta azkenean harriak bezala geldi gelditu.



Elebide, benetan hizkuntza eskubideak bermatuak izan daitezen izan helburutzat, ez gutxiagorekin konformatu.

Bittor Hidalgo - Donostia
2011-10-18 : 11:41

Jakin nahi nuke zer esan dion ELEBIDEk, zer esan diozuen Lurdes Auzmendik HPSko buruak edo Blanka Urgell sailburuak, BENGOA zuen gobernukide sailburuari, oraintxe ere berriro egin dituen adierazpenen aurrean, ukatuz, arreta medikua euskaraz jasotzeko dugun eskubidea EAEn, EAEko estatutu eta euskararen legeetatik 30 hamar urte eta gero. Noski, kapa eta ezpataz defenfatzen segitzen duen bitartean Espainia osoko biztanleek duten eskubide urraezina bere arreta medikua espainolez jasotzeko Donostian edo Lekeition ere, hala behar dutenean (ez bekie gerta).



Non dago lotsa? 30 urte eta gero, hau?



Erantzun zain, adeitasunez



Bittor

Sustatu
2011-10-18 : 11:50

Elebideren Twitter kontua ireki dela ikusi dugu. Oraingoz, mutu, eta jarraitu-jarraitzelerik apenas.


Edorta Agirre
2011-10-31 : 09:31

EAEko euskal herritarrok kanpainako (kanpineko) gobernua dugu, koadrilla bat hitzontzi mediokre harroputz erdaldunek osatutakoa, oro har.

Arazoak, soluzionatu ordez, mintzagai hartzen dituzte, a posterioriko azterketak, alferrikako gaitzespenak eta panparroikeriazko apologiak egiteko. Pantanorik inauguratzeko ere ez dute balio, haren antzekoak izaki (txibatoaren leihatilla, argazkiak debekatuta, etab., etab.).

Orain hamar egun guardia zibil beltzek errepidean gelditu gintuzten, paperak eskatu, etc. Guk, euskaraz egin zezan, eta pistolaz hornituriko polizia beltzak (har ezazue kalifikatiboa nahi duzuen adieran), berea: espainolez. Umiliazioa, amorrua, etxekoak geu izaki.

Hogeita hamabost minutuan geldirik kontrolean, burura ideia bat etorri zaizu: nola ote da posible polizia erdi analfabeto horiek maiz entrenatzea gizakiak jotzeko, hiltzeko, torturatzeko (psikologikoki eta epe labur batez bada ere)...

Bai, nik ere badakit zein diren gure urraturiko euskara-eskubideak. Zuek eta Atutxak Ertzaintzan sartutako balizko guardia civil belztu horiek bezain ongi.

Eskerrik asko, Lurdes Auzmendi. Ea lehenbailehen egiten duzuen hanka poltronatik.

Erantzun

Sartu