Donostiako Zinema Jaialdiak mesprezatzen nau
2011-10-11 12:10
Aspaldiko partez izan dut aurten aukera Zabaltegi Perlak saileko 15en bat film gozateko. Baita hauetako askotan ere nolabaiteko elkarrizketak egile, zuzendari, protagonista hainbatekin. Hori bai, espainolez. Solasaldion erdietan-edo egin da hasierako aurkezpena euskaraz eta espainolez. Besteetan espainol hutsez. Ondoko elkarrizketa guztiak, espainolez, edo espainolera bakarrik itzuliak. Euskara ez da (nonbait) Zinemaldiko hizkuntza ofiziala. Edo baldin bada, ez da hala tratatzen.
Noraino iristen den gure sumisioa. Urte berri on, amona! film ikusgarria emana, zuzendari zarauztarrak hartzen du hitza azalpenean. Eta hasi, barkamena eskatuz, euskaraz, espainol hutsez egingo duelako. Jende artetik norbaitek Ez! erantzuten dio, eta zuzendariak argitu jada eskatu duela barkamena, eta kanpoko jende asko dagoelako eginen duela espainolez. Eta berriro jende artetik galdetuta ea orduan ze tratu merezi dugun bertakook, gure euskarazko filmaren zuzendari handiak espainol hutsez ekingo dio aurrerantz guztian. Bejondeigula! Ez gaitu bakarrik jaialdiak mesprezatzen.
Erantzunak kargatzen...