Teknologia albisteak
3

Agosti Xaho eta euskararen jatorria

Erabiltzailearen aurpegia
Euskararen Jatorria Elkartea - Aitor Zugasti
2011-10-09 : 10:10

Euskal Herrian dugun ohitura txarrenetako bat, gure herriaren alde hainbeste egin duten pertsonak behar bezala ez gogoratzea da. Horren lekuko, adibidez, gure herrietako kale izenak dira. Horietan, Espainia edo Frantziaren alde borrokatu zuten militar gehiago daude gure nazioaren alde maila politiko edo kulturalean aritu direnak baino.

Baiona eta Barakaldoko kaleez gain beste kaleren bat bere izenean edukitzea merezi duenetako bat Josepe Agosti Xaho dugu, Atharratzen 1811ko urriaren 10ean jaio zen euskal idazle, kazetari, politiko, hizkuntzalari eta igerlea. Xaho, nazio guztiek ezinbesteko dituen lider horietako bat izan zen, zalantzarik gabe. Zorionez, oraingoan hainbat ekitaldi antolatu dira bere izen eta izana gogoratzeko. Betor artikulu hau ere beraren gorazarre.

Xaho, Parisen zuzenbidea egin ondoren, ekialdeko hizkuntzetan espezialdu zen. Ezkertiar, errepublikar, laiko eta euskal herrizale sutsua izan zen, Iparralde eta Hegoaldearen arteko batasuna inork baino lehenago aldarrikatu zuenetako bat izanik.

Bere bizitza oso emankorra izan zen. Arlo politikoan, 1848ko Baionako altxamendu errepublikazalearen buru izan ondoren, Pirinio Behereak departamenduko kontseilari nagusia izan zen.

Literaturan lau narrazio liburu idatzi zituen, garaiko Euskal Herria ezagutzeko ezinbesteko bihurtu direnak, gerra karlistak batez ere: Voyage en Navarre pendant l'insurrection des basques, Lelo ou la Navarre il y a 500 ans, Safer ou des houris espagnoles eta Biarritz entre les Pyrénées et l'ocean-Itinéraire pittoresque.

Kazetaritzari garrantzia handia eman zion eta bi berriapaper zabaldu zituen: L'Ariel eta Uskal-Herriko Gaseta. Bestetik, saiakera gehien landu zuen generoa izan zen, bost liburuekin: Paroles d'un voyant, Philosophie des religions comparées, La Philosophie des Révélations…

Benetako euskaldun gisa, ezin zuen kantagintza alboratu eta idatzitako lehenetako abesti bilduma bat osatu zuen: Euskal Kantutegia, 2006an Susak argitaratuta.

Baina, bere 2. mendeurren honetan, Euskararen Jatorria Elkartean hizkuntzalaritza arloan egindako lanengatik gogoratu nahi dugu Xaho, batik bat, jatorriaren inguruan. Esan bezala, ekialdeko hizkuntzetan espezialdu ondoren, 3 hizkuntzalaritza lan egin zituen: Etudes grammaticales sur la langue euskarienne, Dictionnaire basque, français, espagnol et latine (M arte) eta Histoire primitive des Euskariens-Basques.

Azken liburu honetan, Aitor–kantabriar kondaira izeneko narrazioan Xahoren proposamen etimologiak jasota daude. Liburua frantsesez idatzi eta laster kaleratu zen gazteleraz Campionen eskutik eta, mende eta erdi pasatu ondoren, lehendabiziko aldiz, Hector Iglesiasek euskaratu eta Elkarrek eta Maiatz aldizkariek argitaratu dute.

Liburu honetan Xahok hitzen sorrerari buruz gogoeta egiten du, ilargi betearen azpian, Lara izeneko bardoak batzartutakoei kontatutako historia baten bidez. Epikaz betetako kontakizunean, sumendi, sute, uholde eta naturak moldatutako munduaren aurrean gizakiaren inpresio eta gogoetek hitzak sortuz eta eratuz joan zirela kontatzen digu.

Artikulu honetara bere zenbait proposamen etimologiko ekarri ditugu, adibidez, “eskua” hitzetik sortutakoak. Xahorentzat “euskara” elearen esanahia ezin argiagoa da: “esku-era”: “Eskua hizkuntzaren laguntzailea da, eta bere erran-nahi adierazgarria jatorrizko mintzairatik bereiztezina zen.” Hau da, hitz egiten hasi baino lehen komunikatzeko erabiltzen genuen (eta dugu) sistema gogoratzen digu. Edo “eskain”: “Eskuarekin du eskaintzen eta emaiten”. “Eskatu” ere esku hitzetik datorrela dio: “Gizon-emakumeak eskua luzatuz du galdegiten eta otoitz egiten”. Eta ez hori bakarrik, “eskerrak” leku beretik datorrela dio: “Eskuaren keinu batez lagundutako irriño batek poza adierazten du; gizon-emakumeak eskerrak horrela ditu emaiten, eskerrak bihurtzen. Hau da, gizakien artean hasieratik sortutako harremanetan, eskatu, eskani eta eskertu, eskuen bidezko keinuen bidez izan zirela diosku Xahok, eta gure hizkuntzan berba hauek lekuko historiko ezin hobeak dira.

Baina, esku hitzaren beste etimologia ezin politagoa “ezkontza” elean dago. Bere iritziz esku-on-tza da beraren etimologia: “Gizonak eta emaztekiak elkarri eskua eman zioten; eta bateratze xarmangarri honen zoramenean, erran zuten, On, ongi da! On da; gozoagorik ez da deus. Eta geroztik, ezkontzari tribuetan, deitzen zaio Ezkuontza, erran nahi baita egintza zeinaren bidez bi maitale hartzen baitira senar-emaztetzat, eskuak elkarri emanez. Hau, egia esan, ezkondu aurretik egin ohi den/zen “eskua eskatzea” ekintzarekin lotuta legoke eta baliteke Xahok bete-betean asmatzea. Beraz, “eskontza” idatzi beharko genuke?

Baina “eskontza” hitzaren etimologia osatzeko “ezteiak” ere zer izan daitezkeen diosku: “Ezkondu berriei ezt(e)ia emaiten zitzaien, Ezti, atsegin hobezinen ikurra; hortik dator eztei-jaia, Ezteia deitu izana. Zein herri egon zen, euskotarra kenduta, izadik inspiratuago eta zein herrik jarri zituen bere lehenengo erakundeetan xarma eta soiltasun gehiagorik?

Harpe edo leizetan bizi izan ginen garaiko beste hitzen etimologiak ere proposatzen dizkigu, esaterako “atea”, harri-pila adierazi nahi duela diosku Xahok: “hilobi ilun batean bezala bizi ginen harpearen sartzea ezkutatzeko eta hesteko”. Edo “hegatza” hitza, Hegoaldean “hegala” esaten duguna: “Luzaz aterpetzat ukan nituen haitz malkarretako bazterrak izendatzeko irudikatua izan zen”.

Xahoren liburuan proposamen askoz gehiago dago baina ezin sartu artikulu honetan. Horregatik, gure hizkuntzaren sorreraz interesa duen orok, gure uste apalean, irakurri beharreko liburua da.

Jatorrirantz, atzerantz, egindako bidaiak lagundu zion Xahori etorkizuna iragartzen. Berak esan zuenez, egunen batean euskal hiri bat suntsituko zuten. Xahok iragarritakoa Gernikaren bonbaketa zen. Xahoren bizitzak, Joxan Artzek esandakoa berresten digu: “dakienak badaki, nora dijoan jakiteko, behar duela nondik datorren jakin”. Milurte berri honetan, gure hizkuntzaren etorkizuna zalantzaz beteta egonik, jatorria gehiago landu beharko genuke etorkizunerari hobeto aurre egin ahal izateko.

Erantzunak

Bagatza
2011-10-09 : 12:19

"Horren lekuko, adibidez, gure herrietako kale izenak dira. Horietan, Espainia edo Frantziaren alde borrokatu zuten militar gehiago daude gure nazioaren alde maila politiko edo kulturalean aritu direnak baino".



Noski, kolonizatuta eta menperatuta dagoen edozein herritan bezala.

Amonamantangorri
2011-10-09 : 16:00

Gure herrietako kale-izenek herri azpiratua garela salatzen dute, besteak beste. Emakume izenak ere, gutxiegi ikusten dira gure kaleetan, eta militarren izenak gehiegi.



Hala ere, hau ez hain adibide ona. Zugastik berak esan bezala, Joseph Agosti Xahoren izena, oraingoz, bi kaletan ageri da, Baionan eta Barakaldon. Gehiago behar lituzkeela? Zenbat gehiago?



Xaho ezinbesteko geltokia da gure iruditeria nazional(ist)aren genealogia osatzeko. Xahori mesede gutxi eginen diogu, ehundaka plaka jarri eta ez badugu irakurtzen eta aztertzen, beti haren ideiak testuinguru historikoan kokatuz. Hala, gure denboratik, Xaho bere garaiaren semea zela ulertu ahalko dugu.



Xahoren teoria linguistikoak haren garaiko korronteetan kokatu behar ditugu beti. Saussurrez geroztik hasi zen, linguistika, egun ulertzen dugun bezala ulertzen.



Baina, gaur egun, eskola pixkat badaukan pertsona batek Xahoren etimologiak serio hartzen baditu, igual pertsona horrek liburu pare bat irakurri behar lituzke.







Josu Jimenez Maia
2011-10-10 : 13:55

Gaur, hain zuzen ere, urriak 10, berrehun urte bete dira A. Xaho sortu zenetik. Iragan den astean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Xahoan asko ikasteko aukera izan genuen:


Xahoren itzal luzea!


Erantzun

Sartu