Amaiur-en logoaren inguruan
Atzo Amaiur koalizioaren aurkezpena izan zen Iruñean. Asteartean koalizioaren oinarriak aurreratu zituzten arren, igandekoa ekitaldi formala izan da eta besteak beste erabiliko duten logoa erakutsi dute.
Azkenaldian gutako batzuk sortzen ari diren alderdi eta koalizio berrien logoak kritikatzeari afizioa hartu diogu, batzutan serio eta bestetan umorez (Sustatun bertan Sorturen logoaren inguruko eztabaida izan zen). Datozen lerroetan Amaiur-en logoa ikusi bezain pronto pentsatu dudana azaltzen saiatuko naiz.
Hasteko, argi utzi nahiko nuke ez daukadala logoak diseinatzen inungo esperientziarik, eta kriston meritua duen lan zaila iruditzen zaidala. Ez nintzateke holako logo bat sortzeko kapaz izango, baina badakizue, beste batzuk egindakoa kritikatzea askoz errazagoa izaten da.
Itxuraz logoak zubi bat irudikatu nahi du, herri honetako jende ezberdinak eraikitako edo eraiki beharreko zubia, akordioak lortu eta aurrera egiteko bidearen adierazle. Barkatu, baina azalpena entzun arte nik ez dut hor zubirik ikusi. Zerbait irudikatu nahi eta begi bisitan ez badago, aldez aurretik azalpenik jaso gabe ezer transmititzen ez badu, logo horrek ez du bere helburua lortzen.
Nire ustez logoek ideia edo sentsazio sinple bat transmititu beharra daukate, bakar bat, ahal den era zuzenenean. Ideia bat baino gehiagorako armarriak daude. Ezker abertzaleak historikoki izan ditueneak kontundenteak izan dira, izarrak, kolore beltz eta gorriak, ... defendatu, borrokatu, eta antzerako kontzeptuekin bat zetozenak. Berez adierazten zuten hori, bestelako azalpen beharrik gabe.
Sortu-k gogortasun horretatik urrundu nahian edo nire gustorako sekta itxurako logo pastel bat aukeratu zuen. Baina tira, eguzki horrek hasiera berri bat transmititzen zidan behintzat. Bildurena berriz zuzenagoa iruditu zitzaidan, nahi izanez gero izenik erakutsi gabe ere logoaren formak biltze hori erakusten du eta kolore berdeak garbitasun eta itxaropen kutsu bat ematen dio.
Amaiur-en logoak, amaiur izenaz gain ez du beste ezer adierazten. Koloreak tristeak dira, ez daukate ez indarrik ez bizitasunik, ez dira erakargarriak, ez dute sentsazio positiborik transmititzen laguntzen. Zubia dela suposatzen den hori zuria da, atzeko kolorea eta honi lotua, hutsunea, eta erakutsi nahi dena benetan nabarmendu eta markatu beharrean hutsunetzat uzten bada ... Zubia estilizatuegi dago, berez zubi bera ikustea zaila bada eraikitzen kontzeptua ez du jasotzen. Eraikitzen hori erakusteko ez dago esku batzuk adreiluak kokatzen erakutsi beharrik, zihur forma xinpleagoekin ere lortzerik badela.
Ez dakit logo hori tarte txikia eduki eta presaka ibili direlako edo aukeratu duten, baina nire ustez punch-a falta zaio, makala da ... fail!
Erantzunak kargatzen...