Euskaraz nahi? Orona igogailuekin jai
Begi aurrean banu bezala gogoratzen dut nire lehen monopatina. Beltza zen, arina, orduko Sancheski Platano haiek baino askoz hobeto diseinatuta eta eginda: zabalagoa, azkarragoa... eta gehien harritzen ninduena modeloaren izena zen: Zutik-nahi. Eibarren egiten zuten matxino itxurako bizardun mono-urdin beldurgarri batzuk, Legarre kaleko soto sakon eta ilun batean.Eta bertan saltzen zieten egileek beraiek, dirua eskutan lantegi sasi-klandestinoaren eskilara luzeak beldur-ilusioz jaisten genituen haurroi.
1970ko hamarkada zen. Garaian enpresari batzuk ere euskararen alde egiteko gogoa zuten, nonbait, eta produktuen zein lantegien izenean hizkuntza aldarrikatzen zuten. Etxetresnak Otsein ziren (Espainiako telebistan "Ot sein" ahozkatzen bazuten ere), Danena, Danok-bat, Biona, Gu-bi... Igogailuak, Orona.
Keinu hutsa? Baliteke. Hizkuntzaren erabilera folklorikoa?, agian... Baina alde ederra gaurko joerarekin. Hor duzue Orona igogailu etxeak geure peoran jarri diguna, beti bezala, espainol batueraz. Duela pare bat urte kexatu nintzaien eta "lan jarduna euskaratzeko" lanean ari zirela erantzun zidatzen. Berrikuntza poliki doa Oronan.
Eta bitartean, Citizen Kanek Rosebud lerarekin bezala, neure monopatinarekin amesten jarraituko dut gauetan: "Zutik-nahi", "Zutik nahi"... Ohe ondoko beleak erantzuten dit: "Jai, jai..."
Erantzunak kargatzen...
