Teknologia albisteak
1

Iberdrola arriskuan eta enpresak ixten… Zer egingo du Kutxa Bank-ek?

Erabiltzailearen aurpegia
Xabi Larrabe
2011-09-19 : 13:09

Enpresa batzuk, lanpostu eta aberastasuna sortzeaz gain, badira zerbait gehiago, herri baten DNA bihurtzeraino heldu daitezke-eta. Enpresa horiek elementu bultzatzaileak dira eta herrialde baten bizkarrezurra direla esan genezake. Adibidez, Nabarran Volkswagen dugu, Araban Mercedes eta Michelin, Gipuzkoan Mondragon Taldea eta CAF eta Bizkaian Iberdrola, Euskaltel eta Petronor.


Atzetik, tamaina txikiagoko baina garrantzi estrategiko handiko enpresak daude, esaterako Arcelor-Mittal, Gamesa, Aernova, ITP, Idom, Sener, Ormazabal-Ikusi, Viscofán, Tubacex, Panda, Condesa, Tubacex, Tubos Reunidos, CIE Automotive, Ibermática… Haiek eta bestelako enpresa ertain eta txikiagoak, edo atzean dauden autonomo, profesional liberal eta bestelakoak, egunero jaten ematen digun katearen azkenak baina garrantzitsuak diren osagaiak dira.

Joan den 1980ko hamarkadaren krisialdiak gure herrialdearen produkzio gaitasunaren %25aren galera ekarri zuen. Arazo asko egon zen: gainkostu energetikoak, teknologia falta, merkatu murritzak eta… finantzazio falta. Mondragon taldean, Jose Maria Arizmendiarrietak, taldeko sartzaile guztien iritziaren kontra sortutako Euskadiko Kutxari esker, krisiari aurrea egin ahal izan zitzaion inor baino hobeto eta lanpostu eta enpresa gutxi galdu ziren. Zailtasunak zituzten gainerako enpresak, horietako asko finantza arlokoak, aukera gutxiago izan zuten eta asko desagertu ziren.

Zoritxarrez ez zen ezer ikasi aurreko krisi horretatik eta orain etorri zaigun krisialdi berria enpresak ere ixten ari da, erritmo arin batean berriz ere. Finantza mailan banku eta kutxek ematen duten erantzuna orain dela 20 urteko berbera da: ez da dirurik mailegatzen, nahiz eta lanpostuak sortu ditzaketen proiektu bideragarriak egon, etxebizitzarekin lortzen den antzeko bermerik ezin delako eskuratu enpresetan.

20 urte hauetan gure herriko 4 aurrezki kutxa publikoek ez dute ia batera lan egin enpresak laguntzen. CAF salbuespenetako bat izan zen. Enpresa honek egun batetik bestera bere bezero nagusia zen Renfe galdu zuen eta nahiz eta produktu egokia eduki, merkatu berriak bilatu behar zituen. Gaur egun Kutxa, BBK eta Vital diren kutxen erantzun bateratuari esker enpresa salbatu egin zen eta etorkizun oparo baterako bidean jarri zuten.

Europistasek, Itinere gaur egun, kutxa batek baino gehiagoren partaidetza izan zuen. Edo Euskaltel, hiru kutxen laguntzari esker sortua, Eusko Jaurlaritzak bultzatu zuelako. Iparraldeko Herrikoa erakundea ere Transizio garaian kutxen laguntzaren bat izan bazuen ere, gaur egun ez dauka Hegoaldeko inolako laguntzarik.

Enpresak sortzeko eta sendotzeko arlo finantzarioa oinarri garrantzitsuenetakoa dela kontuan hartuz, hemengo kutxek aspaldi sortuta eduki behar izan zuten sozietate bat batera lan egiteko, Euskal Herriko enpresak benetan bultzatzeko. Hementxe bertan erreferentzia izan daitekeen esperientzia bat dugu. Izan ere, mundu osotik urtero jende asko etortzen da hona zerbait ikasteko: Mondragon Taldea. Horretan, Euskadiko Kutxa, kooperatiba berrien motorea izan zen: produktu bideragarria edukiko zuen proiektua eskatzen zen. Gainerako gaietan laguntza osoa zegoen. Eta inon baino hobeto funtzionatu zuen.

Kutxa Bank-ek (euskaraz idazteko izen desegokia alajaina!) erronka garrantzitsua du: Euskal Herriak krisialdiari aurre egiteko eta enplegu, berrikuntza eta garapena sortzeko behar den goi egitura bat sortzea. Horretarako, erakunde bat sor lezake lau esparrutan lan egiteko. Batetik, gaur egun bezala, enpresetan partaidetzak izateko, baina ez orain bezala baizik eta maila indartsuago eta zabalago batean. Partaidetutako enpresak talde batean sartuko lirateke, ildo estrategiko bateratuak betetzeko: I+G, merkatuak zabaltzea… eta printzipio etiko batzuk ere jarraituko lituzkete.

Enpresa hauetarako ez litzateke bakarrik laguntza finantzarioa egongo, baita estrategiko, tekniko eta komertziala ere. Horrelako laguntzarekin, adibidez, Babcock Wilcox berriro indartzea lortuko zen, eta ez orain bezala pikutara joaten utzi zaiola, nahiz eta bere sektoreko enpresek inoiz baino lan gehiago izan, zuzendaritza talde on bat ez jartzeagatik eta, CAFen moduan, laguntza ekonomikoa ez emateagatik (oraindik garaiz ote gaude?). Edo Aernnovak Arabatik kanpora ez zituen eramango proiektu garrantzitsuak, laguntza finantzario faltagatik.

Edo gauza garrantzitsuagoak egiteko moduan egongo litzateke. Bizkaian arazo larria dugu BBVArekin. 15 urteetan Zerbitzu Zentral guztiak eraman dituzte Madrilera eta… Malagara. Kutxa eta BBK Guipuzcoanon bere independentziari eusteko sartu ziren moduan, Sabadellen sartzea egoki ikusi izan duten arte, gauza bera egin liteke BBVAn. Cajasur erosi beharrean, edo etorkizunean bestelako finantza erakundeak erosi beharrean, askoz hobeto izango zen BBVAn partaidetza esanguratsu bat eskuratu, hainbat gauzatarako.

Batetik, egoitza soziala gure herrian jarrai dezan (nork uste du ez dutela Madrilera eramango 10 urte baino lehen?). Bestetik, Zerbitzu Zentral batzuk Euskal Herrira itzul daitezen. Eta, azkenik, Iberdrolan berriro parte har dezan, batez ere orain, kutxa batzuk enpresa honetan dituzten akzioak sartzera behartuta egongo direnean. Izan ere, Fenosa desagertu den moduan Florentino Perezek etekin galantak lortu ahal izateko, orain Iberdrola ere desager daiteke, berau zatituz, Florentinok berriro aberasteko.

Orain urte batzuk, Oriolek Iberdrola Endesari merke-merke saldu nahi izan zionean, BBK eta BBVAren arteko lanari esker (garai hartan partaidetza esanguratsua zuen), Jose Ignacio Sanchez Galan zuzendaritzan jarri zuten eta, horri esker, enpresa salbatzeaz gain mundu mailan 5. lekuan jartzea lortu izan dute.

Kutxa Bank-en erakunde horrek landu lezakeen bigarren esparrua Elkargi, Oinarri, garapen agentziak, Herrikoa eta antzekoak indartzea da, baina ez orain arte bezala agente finantzario gisa, baizik eta inplikazio zuzen eta serio batekin, enpresei eskaintzen dizkieten zerbitzua kuantitatiboki eta kualitatiboki bikoizteko.

Landu lezakeen hirugarren esparrua partaidetutako enpresen artean harremanak bultzatzea da, sinergia eta produktu bateratuak sortzeko. Horrez gain, harreman garrantzitsua izango beharko luke Mondragon Taldearekin, Kutxa Bank-ek partaidetutako enpresekin batera, produktu, merkatu edo enpresa berriak sortzeko.

Landu lezakeen laugarren esparrua enpresen hazitegia litzateke, herri honen erreferente bihurtuz eta proiektuei, jarraipena, doako edo errenta baxuko lokalak eta bestelako aholkularitza eta laguntzak eskainiko litzaizkieke lehenengo 5 urtetan. Horrez gain, mikroenpresak, autonomoak, liberalak… ere landuko lirateke. Arlo honetan kasu berezietarako atal bat egongo litzateke gizarte ekintzatik laguntzeko, ohiko bermeak baino gutxiago eskatuz. Izan ere, helburua ideia enpresarial guztiei laguntza ematea izango litzateke. Ez dezala inork esan ez duela laguntzarik izan bere proiektua aurrera ateratzeko.
Laguntza mota hau kutxa batek egiten du baina nahiko maila mugatuan.

Krisialdi honek, laguntza finantzariorik ez izateagatik enpresak ixtea ezin dugu onartu, produktu bideragarria edukitzen jarraitzen duten bitartean. Batez ere, gure herriak euskal enpresei laguntzeko nahiko gihar finantzarioa daukanean.

Baina, horretarako, kutxen egiturari eutsi ez izana akats historikoa izan da, kutxak batuz noski, baina ez banku bihurtuz. Gero eta argiago dago Frantzia eta Alemaniako eredu ekonomikoei begiratu behar diegula, non kutxek aurrezkiaren %50 baino gehiago daukaten. Eta ez Italia edo Espainiari begiratu, haien kutxa publikoak desagerrarazi dituztenei. Bereizteko eta bide berri batetik joateko urrezko aukera galdu dugu.

Xabi Larrabe


Erantzunak

Tarratian
2011-09-19 : 14:27

Halako enpresa handien baitan bada enrpesa-eskoeltan luze eta zabal irakatsia izan den esaera bat, jefeak han-hemen sakabanatuta dauden lantegietara bisitan joaten direnean erruz botatzen dutena: ¿Hay alguien imprescindible en la fábrica? Pues hay que deshacerse de él. No queremos a nadie imprescindible.



Halaxe jokatu behar genuke herri gisa zenbait enpresarekin.

Erantzun

Sartu