Teknologia albisteak
2

Euskaltzaindia, Iruña Veleia eta Txillardegi

Erabiltzailearen aurpegia
Koldo Urrutia, Arabako Iruña Argitzeko Batzordea
2011-09-18 : 15:09

Asko dira Euskaltzaindiak gure hizkuntza normalizatzeko eta jagoteko egiten dituen ekimenak, garrantzitsuena, ezbairik gabe, euskara estandar bat sortzea eta zabaltzea izan delarik. Bere zeregin horretan, argi dago lorpen ederrak lortzen ari dela gure hizkuntzarako, eta herri gutxi euren akademiaz harro egon daitezke, euskaldunok gureaz gauden bezainbeste. Baina, bidean, badira ere harrotzeko modukoak ez diren zenbait gauza, esaterako, une honetan osasunez gaizki dagoen Txillardegiri akademian sartzen utzi ez izana. Andres Urrutia euskaltzainburuak orain dela urte gutxi akats historiko hori konpontzeko ahaleginak egin bazituen ere, beranduegi zen eta Txillardegik uko egin zion sartzeari, ia bizitza osoan ukapen borobila jasan ondoren.

Bere garaian, Koldo Mitxelena batuaren lemazaina izan zen modu berean, Txillardegik bere ingeniaritza ikasketak batua sortzen laguntzeko erabili zituen, maila askotan, batuaren bidea ondo amaitu zezan laguntza ezinbestekoa eskainiz. Bitxia da ikustea batuaren sorreran diziplina guztien ikuspuntutik lagundu zela: Koldo Mitxelena hizkuntzalaria, Txillardegi ingeniaria, Gabriel Aresti kontularia… hau da, bakoitzak bere ikuspuntua eskaini zion euskara berriari. Txillardegi, SOS Iruña Veleia Plataformak sustatutako “Iruña Veleiako auzia argitzearen aldeko manifestua” izenpetu duen pertsonetako bat da, beste 2.132 gehiagok bezala, horietako batzuk, hizkuntzalariak. Adierazpen honek hiru gauza sinple bezain garrantzitsu eskatzen zizkion Arabako Foru Aldundiri: grafitoen analitikak egitea, noizkoak diren jakiteko eta egiazkoak ala faltsuak diren behingoz argitzeko, indusketa kontrolatuak egitea Eliseo Gilek aurkitutako antzekorik topatzen den ala ez eta, azkenik, ostrakak egoera onean ote dauden egiaztatzea.

Zoritxarrez, Arabako Foru Aldundiak, uko egin zion ostrakak analitiken bidez datatzeari, nahiz eta beste herrialdetan, zalantzak daudenean, beti erabiltzen duten. Adibidez, azken hilabeteotan albiste batzuk agertu dira gai honen inguruan. Italian, faltsutzat hartutako “fibula prenestina” urrezko gerrikoaren testua egiazkoa dela frogatu dute analitikek, urte askotan faltsutzat hartuta izan ondoren. Eta, gauza bera, Estatu Batuetan aurkitutako hezur batean egindako mamut baten marrazkia gertatu da. Iruña Veleian ere hezurretan egindako idazkunak daude; hauek ezin dira datatu eta Estatu Batuetakoak bai?

2008ko azaroaren 19an Arabako Foru Aldundiak ostrakak faltsutzat hartu zituenean, Euskararen Jatorria Elkartean zur eta lur geratu ginen datazioak egin gabe horrelako erabaki bat hartu zelako. Ondoren, adierazpen publiko bat egin genuen Durangoko Azokan eta jarraian Arabako Iruña Argitzeko Batzordea sortu genuen gai hau argitzeko. Geroztik hitzaldiak, gure urteroko biltzarretan gaia sakonki landu eta inplikatutako erakundeekin harremanetan izan gara gai honi irtenbide zientifiko egokia emateko: ETS, Iruña Okako Udala, Lorena Lopez de Lacalle, Malentxo Arruabarrena…

Baina zoritxarrez, afera hau txarrago jarri da. Iazko uztailean, Epaileak, Gilek eskatutako datazioak egitea onartu zuen hilabete berean, zuzendari berria den Julio Nuñezek hondeamakina sartu zuen eta sektore oso bat suntsitu zuen, pala mekanikoa harlauzetaraino sartuz, horietako batzuk apurtuz eta horien gainean zeuden horma zatiak, hondakinak... den-dena isurtegira bidaliz erritmo beldurgarrian: 8 minuturo kamoi bat betez. Autopista bat egiten ari zirela zirudien, eta ez indusketa arkeologiko bat.

Gai honen inguruan, Amatiñok ondo adierazi zuen moduan, Aldundiko Batzordeko kideek esandakoez inolako zalantzarik ez zuela izan esan ondoren, egiazkoak izan zitezkeela adierazten zuten 13 txosten eginda ikusita (hau idaztean orain baino gutxiago zeuden), ez zeukala zentzurik datazioak ez egitea. Eta honako hau ere esan zuen: “Ez dakit baina, ni Euskaltzainburu edo Arabako Diputatu Nagusi banintz ez nuke lasaiegi lo egingo. Eta... benetakoak balira? Historiak ez lieke konturik eskatuko Gorrotxategiri, Lakarrari eta abarri, ezta Euskal Herriko Unibertsitateari ere, Euskaltzaindiari eta Arabako Diputazioari baizik…Andres Urrutiak eta Xabier Agirrek dute hitza.”

Amatiñok adierazi bezala, Euskaltzaindiak zerbait esan behar zuen gai honen inguruan eta, horregatik, martxoaren 9an gure elkarteak eskaera bat bidali zion. Gertatutakoaren laburpena eman ondoren hauxe esaten genion gure akademiari: “Iruña Veleia euskararen historiarako ezinbesteko mugarri bihurtu da dagoeneko, eta suntsitzen hasi dira, gure uste apalean, euskal filologian irakasten diren eduki gutxi batzuen kontra egon litezkeen idazkunak aurkitu direlako. Eta horregatik, hondeamakina zientziaren eta egiaren gainetik jarri dute.

Guzti honengatik, Euskaltzaindiari honako eskaera egiten dio Euskararen Jatorria Elkarteak: Arabako Foru Aldundiari eska diezaiola gai hau bide zientifikoetatik kudea ditzan, hau da, mundu mailan prestigio gehien duten arkeometria laborategietara ostraka batzuk eramanez (Belgikako Groningen-era edo Liejako Europako Arkeometria Zentrora, adibidez), idazkunak data ditzaten, eta eztabaida zientifikoa modu ireki, zabal eta muga gabe bultza dezan.”

Bidali ondoren, apirilaren 8ko batzarrean gure idazkia aztertuko zutela adierazi ziguten telefonoz. Ostrakak egiazkoak izan daitezkeela adierazten duten txosten asko eta Nuñezek egindako suntsipenaren txostenik ez zutenez, apirilaren 8an, lehenengo orduan, eskuz eman genizkien 2.400 orrialde baino gehiago okupatzen zuten 17 txostenok, eta, gaia egun horretan ez erabakitzeko eskatu genien, txostenetako batzuk ondo irakurri eta aztertu arte bederen.

Zoritxarrez, Euskaltzaindiak egun horretan gaia amaitutzat eman zuen, eta egun horretan erabakitakoarekin, honako erantzuna igorri zigun Xabier Kintanak izenpetutako gutuna hurrengo astean: “Zure gutuna eta dokumentazioa jaso da, bai eta zure kezka ulertu ere. Diozunez, Iruñako aztarnategien gainean hondeamakina batzuk ari dira lanean, eta zuloak egiten dabiltzan lekuan arkeologi gairik egonez gero, pentsatzekoa da jarduera horrekin kalte egin liezaieketela, bertako aztarnei. Uste izatekoa da, horko indusketak arkeologo profesionalen zuzendaritzapean egiten badira behintzat, aurretik azpian egon zitezkeen materialak ongi babesteko behar ziren neurriak hartuko zirela. Kontuan hartu behar da, nolanahi ere den, Euskaltzaindia ez dela arkeologiaz arduratzen den erakundea, eta, alde horretatik, ez dagokiola iritzia eskatu ere egin ez zaion arlo horretan eskua sartzea. Zure interesa eskertuz, adeitasunez agurtzen zaitu”.

Zur eta lur geratu ginen. Gauza askorik ez genuen espero Akademiatik baina horrelako erantzun bat, inondik inora. Batetik behar ziren txostenak irakurri gabe hartu zutelako erabakia, hau da, beharrezko informazioa jaso gabe. Bestetik, gai arkeologiko batez arituko bagina tratatu dutelako gaia, euskararako gai garrantzitsua dela argi eta garbi egonik.

Euskaltzaindiak zuzen jokatu izan balu, zentzuzko beste zerbait esan zezaken, adibidez, Aldundiak gai hau argitzeko sortu zuen Batzordeko kide batzuek 2008ko azaroaren 19an aurkitutako ostraken testuak faltsuak zirela adierazi zutenean denok ontzat eman genuela baina idazkunak egiazkoak izan zitezkeela eta datatzeko aukera zegoela adierazten duten 16 txostenak publiko egin ondoren, gaia hobeto argitu behar zela; edo une honetan arkeometria gehien lagundu diezagukeen alternatiba bakarra dela eta horregatik ostrakak datatzea komenigarria dela zalantzarik ez egoteko, gai hau daraman baino oraindik gauzatu ez duen 1. Instrukzioko Epaileak onartu duen moduan, edo bertako Iruña Okako Udalak ere ontzat eman duen moduan, edo antzeko zerbait. Baina ez, horren ordez gaia desbideratu eta arkeologia eskaera bat balitz tratatzea ere!

Euskaltzaindiak Iruña Veleiarekin, Txillardegirekin egin zuen bezala, akats historikoa egin du, euskara historikoa argitzeko dugun aukera bakarra lurperatu dutenei babes osoa eskaini dielako; zientziari, kasu honetan, aurkikuntza arkeologikoak datatzen dituen arkeometriari, ateak ixtea justifikatu duelako; eta, txarrena, euskararen eta ondarearen kontra Julio Nuñek egindako sarraskia ontzat eman duelako. Urte askotan gogora dezagun hori!

Erantzunak

Xabier Mendiguren Elizegi, xme
2011-09-19 : 01:41

Iruña-Veleiako faltsu/egiazkotasun auzian sartu gabe, mixerablea iruditu zait, nork bere opilari su emateko, gaixo eta zaharturik ohean dagoen gizona erabiltzea.



Antton Erkizia
2011-09-19 : 11:46

Ba niri oso egokia iduritu zait ba konparazioa, hara (eta neu ere faltsu/egiazko horretatik aparte).



Txillardegirekin egin zutena SEKTARIOA izan zen (ideiengatik eman zioten betoa Euskaltzaindian) eta hori erratea ez zait mixerablea iduritzen, baizik justua eta egokia. Dudik ez dut Tiullardegiren beraren gustukoa, berarekin eginiko injustizia publikoki aitortzea).



Eta Iruña-Veleiarekiko ere jarrera SEKTARIOA iduritzen zait (sekta, irakasle-filologo-katedradun-jakintsuen gremio/sektaren aldeko jarrera itsua).



Bertzerik da Euskaltzaindiak ez sartu nahi izatea. Begira, hori ez zait gaizki iduritzen, agian. Baina publikoki gauzak erratea?. Bai horixe !!.

Erantzun

Sartu