Gasteizko lokal okupatu batean ezagutu zuen flamenkoa. Maletak hartu eta Andaluziara jo zuen gehiago ikasi nahian; hamar urte egin zituen bertan. Jaioterrira itzuli denean gaztetxeetan tailerrak ematen hasi da. Eta emanaldiak tabernetan, antzokietan, kalean... Sekulako sua eta joa dauzka taulatu gainean, eta pixkanaka flamenkoa ezagutarazi nahi luke inguru hauetan.
Kasik bera baino handiagoa den maleta ekarri du altzoan. Soinekoak, txalekoak, zapiak, takoidun zapata mardulak ekarri ditu argazki saiorako. Internet bidez erosten omen ditu, garestiak omen dira. "Honek ia hirurehun balio zituen, honek berrehun" kontatzen digu arropaz aldatzen den bitartean. Zarauzko Gaztetxean egin dugu zita, gero kalean emanaldia eskaintzeko asmoa duelako. Kalekoari itxaron gabe argazkilariaren aurrean ere sekulako dantza saioa eskaini digu, ordea. Takoi soinua, esku-zartak, oihuak, birak, izerdia. Gaztetxean azteazken arratsalde buru zuri honetan dauden bizpahiru lagunek txaloka hartu dute Askoaren ikuskizuna. Bukatu dutenean, zerbeza batzuren bueltan hasi dugu elkarrizketa. Aulkia ere eskaini diogu, baina alferrik; galderei erantzun bitartean denbora gehiago egin du tente eserita baino. La Pulga, ondo jarri zioten ezizena.
Lokal okupatu batean eskaini zuten tailerrean ezagutu zenuen flamenkoa. Nola izan zen hori?
Gasteizko Zaramazulon Rosa Lahoz eta Angelucho deituriko perkusionista bat klaseak ematen hastekoak zirela komentatu zidaten lagun batzuek. Niri betidanik gustatu izan zaizkit ijitokeriak, Los Chichos eta horrelakoak, eta animatu egin nintzen. Gogoratzen naiz korroan jarri, Rosa dantzatzera atera eta, denok esku-zartaka, sekulako girotxoa sortzen zela. Gero banan-banan animatzen zen jendea... erritmoa, soniketea
, konpasa... uau! esku-zartak jotzen hasi da azaltzen duen bitartean. Gainontzekoei egiten diezun opari moduko bat da erdira aterata eskaintzen duzun dantza, eta aldi berean energia pila bat jasotzen duzu guztiengandik... Oso polita iruditu zitzaidan.
Ballet klasikotik zentozen, Victor Ullateren eskolan klaseak emandakoa ere bazinen.
Sei urte egin nituen umetan dantza klasikoa ikasten Guridiren eskolan, Gasteizen. Eta gero ikastaro batzuk ere egin nituen Bilbon Lefortekin eta Madriden Victor Ullateren eskolan. Dantza betidanik gustatu izan zait... Baina hamabi-hamahiru urterekin, badakizu, adin horrekin nahiago duzu zarata pixka bat, zerbait kañeroagoa, nik behintzat bai, eta balleta utzi eta bateriarekin hasi nintzen, taldetxo baten edo bestearen jiran. Eta horrela egin nituen sei edo zazpi urte, flamenkoarekin topo egin arte. Izatez, tailer horietara perkusioa ikastera gerturatu nintzen, baina hor dantzak harrapatu ninduen berriro. Agian flamenkoa, azken batean, dantzaren eta perkusioaren arteko nahasketa bat bezala ikusi nuelako.
Irakurri ELKARRIZKETA OSOA eta ikusi BIDEOA: gaztezulo.com
Bideoa ikusta, flamenkoa ikasteko gogoa sartzen da!taka taka taka taka...txalapartarekin bat egiten du!