Agian, praktikan eta praktikotasunagatik onartu behar da komunikabide batek adierazpen eta informazio eskubidea izatea (erabiltzea). Baina erabat onartezina da enpresa horrek eskubideon erabilera okerraz gizarteari eragin nahi izatea helburu politiko jakinak lortzeko. Bestela, komunikabideek mezulari izateari utzi eta eragile politiko dira; horrela, komunikabideak ez dira komunikabide. Arazoa da, noski, ez dutela mozorroa kendu nahi.
Adierazpen eta informazio eskubideak norbakoarenak dira eta berari dagozkio, iritziak eta informazioak zabaltzeko zein jasotzeko erabiltzen duen baliabidea erabiltzen duela, bakarrik ala giza taldean gauzaturik, eta muga bakarra beste oinarrizko eskubideen errespetua dute. Baina iritzia eta informazioa bereizteak zalantzak sortu izan ditu beti, ba ote dagoen iritzirik gabeko informaziorik.
Esan liteke, bereiztea ezinezkoa denez, bata bestearen esanetara jarri behar dela kasuz kasu, bietako zein lehenesten den ezin argiago adieraziz: zein da lehen helburua, iritzia ematea edo informatzea? Biak zilegiak dira, baina argitu behar da, eskubide hauek bi alde dituztelako: aktiboa batetik, iritzia edo informazioa zabaltzea; eta pasiboa bestetik, jasotzea. Horrela jokatu ohi du hurkoarekin zintzoa den orok, eta solaskidea nahasteko arriskua dagoenean hizkuntza modalizatzen du: nire ustez, nire iritzia da, erositako prezioan saldu dizut... Bestela, solaskideak kargu hartuko dio, ez zaio engainatua izatea gustatuko, manipulatua, bere eskubidea urraturik sentitzen duelako. Eta, jakina, horrela jokatu beharko luke giza talde orok ere, taldeak ematen duen anonimotasun erosoa gorabehera.
Teoria argia da, baina historiak esaten digu eskubideon aitortza komunikabideekin estu loturik gertatu zela, hau da, iritziak eta informazioak zabaltzen zituzten enpresa pribatuekin, kasu gehien-gehienetan ideologia baten mesedetan. Pentsa liteke komunikabideek herritarren eskubide pasiboa ahalbideratzen dutela, beraiei esker iritziak eta informazioak jasotzen baitituzte. Horixe da aitzakia.
Baina komunikabideek eskubideok bereganatzen dituztenean, zalantza sortzen da: enpresa bat, pribatua zein publikoa izan, ba al da eskubide hauen jabea? Eztabaidak soka luzea dakar. Bien bitartean, komunikabideek baiezkoan jokatzen dute, eta ez dute lotsarik ezagutzen iritziak eta informazioak maneiatzen euren mesederako.
Kasurik argienetako bat egunkarietako editorial atalaren endekatzea da: iritzia eta informazioa bereizteko eta kazetarien objektibitatea babesteko zuzendariak bere gain hartzen zuen atala zen, baina gaur egun izate anonimo batek begiz jo eta gustuko ez duen oro fiskalizatzeko erabiltzen du, goizero Sinai menditik jaitsitako mandamendu taula balitz bezala; eta mandamenduak bezala, sinatu gabe, Jainkoak sinatu beharrik ez duelako.
Eta larriagoa da editorialari bidea zabaltzeko, aurretik informaziak asmatuz edota sasi-informazioak emanez bazterretako hautsa harrotzen denean: lelo berberarekin egunak joan egunak etorri jarduten Aditz Sakratuaren beharra sortzeko. Esan nahi baita, askotan lehendabizi informazioa harrien azpian bilatzen (asmatzen) dela, gero, editorialaren beharra sortzeko. Herritar zintzoak asaldatzen dira, pulpitutik justizia eskatzen da eta, azkenean, eskatutako neurriak hartzen dituzte agintariek. Hori manipulazioa da, helburuak helburu, kontzientziatik zilegia uste bada ere: abortua onartzea/debekatzea, Gobernuaren politika ekonomikoa aldatzea, nazioarteko gehiegikeriak salatzea, Espainaren unitatea babestea, ETA garaitzea... Baina manipulazioa ez da zilegia, esan bezala, helburu zintzo eta etikoa lortzeko bada ere.
Agian, praktikan eta praktikotasunagatik onartu behar da komunikabide batek adierazpen eta informazio eskubidea izatea (erabiltzea), izaera juridikoak inolako adimenik ematen ez badu ere. Baina erabat onartezina da enpresa horrek eskubideon erabilera okerraz gizarteari eragin nahi izatea, iritzia sortzeko ez ezik, helburu politiko jakinak lortzeko. Bestela, komunikabideek mezulari izateari utzi eta eragile politiko dira, alderdi, sindikatu, enpresarien elkarte eta abarren gisa; horrela, komunikabideak ez dira komunikabide. Arazoa da, noski, ez dutela mozorroa kendu nahi.
Pentsaezina litzateke, esaterako, telefono enpresa batek Gobernuari Bilduren ilegalizazioa eskatzea. Muturreko adibidea da, baina martxa honetan agian ikusiko dugu. Nolanahi ere, hedabideen aldetik eskubideon erabilera onargarriaren eta okerraren arteko muga ez da argia, ea noiz den zilegi. Esango nuke hemen ere demaseko alde kuantitatiboa alde kualitatiboa dela, hortxe dagoela gakoa, ez baitaude maila berean, adibidez, Murdoch-en inperio ekonomikoa eta alkateari kritika egiten dion herri aldizkaria. Lehenak boterea handia dauka, handiegia, agintariei eragiteko (agintzeko) benetako ahalmena, eta gainera, adierazpen eskubideari esker, ona eta txarra bereizteko eskubidea. Gaur egungoa ere bai, baina batez ere beste garai bateko Eliza ekartzen du gogora.
Eta, hala ere, kasu gehien-gehienetan ez da beharrezkoa argudio borobilik aurkeztea: kontzientziatik oker jokatzen duenak hurbilago dauka barkamena diru eta botere gosetik jokatzen duenak baino, dela Venezula, Txile zein Argentinako agintarien kontra, dela Euskal Herriaren kontra egunero egurra ematen. Noski, enpresek dirua irabazi nahi dute, horixe dute helburu nagusia, eta agintarien aldetik mesedea lortzen ez dutenean kexu dira; gehien-gehienak ohiko presio zilegi eta ez hain zilegiren bidez; hedabideak, editorialen bidez, gainera.
Gurean, tamalez, ez da kasu bakarra, horixe baita ohikoena, baina oraingoan PRISA taldea daukat buruan, El Pais egunkaria: kontzientziatik gogoz, baina interes ekonomiko eta enpresarial hutsengatik egiten dituen kanpaina mediatikoek goragalea ematen dutelako. Progresismoaren eta kazetaritza objektiboaren mozorroak ematen dit goragalea.
Txileko agintarien kontra? Ez dut uste Bachelet edo Piñera inoiz kritikatu dituztenik. Bachelet "sozialdemokrata" euren kutunenetarikoa da.