Sustatu logoa Teknologia albisteak

EAJren ezkerrera behar den alderdi politikoa, eta abertzaleen batasuna

Josu Mendicute
2011-08-02 13:08

Ez dut nik ezer asmatuko Hego Euskal Herria lau hankako mahaia dela esaten badut, baina Hamaikabaten azken albisteekin gogora etorri zait 2009ko irailean Iñaki Galdosekin izandako hizketaldi bat.

Abertzaletasun instituzionalaren eremuan EAJren ezkerrean beste alderdi baten presentzia defendatzen zuen Galdosek, eta horren bideragarritasun urria saiatu nintzen azaltzen ni.

Hamaikabatek ez zeukan batere erraza. 2009an izan zen PSE eta PP Legebiltzarrean batu eta Lehendakaritza EAJri kendu zioten urtea; eta hori ikusita, pentsatzekoa zen EAJtik gertu egon daitezkeen boto-emaleek EAJri emango ziotela babesa, eta ez beste alderdi txiki bati, halako paktuei aurre egin ahal izateko. Bozka erabilgarria (edo lizentzia ematen badidazue, boto utilla).

Fenomenoa ez da hemengoa, tendentzia orokor bat baizik. Gure inguruan bipartidismorantz doazen heinean, pentsatzekoa da tendentzia beretsua izango dugula hemen, baina biderkatuta: euskal abertzaleen bipartidismoa + espainiar nazionalisten bipartidismoa. Lau hankako mahaia, alegia.

Hamaikabatek EAJrekin akordio egonkor bat izateko zailtasunak ikusten nituen:

  • Pentsatzekoa zen Hamaikabatek zerrendetan postu onak nahiko zituela.
  • Lojikoa zirudien EAJk interes handiegirik ez izatea, akordiorik gabe bere hegemonia Hamaikabaten gain ezarriko zuelakoan.

Politikan eragiteko moduak badaude, politikaren eremuan zurrun sartuta egon gabe. Enpresariak ez dira hauteskundeetara aurkezten, ezta komunikabideak. Baina badute politikan eraginik. Eta hori izan liteke Hamaikabaten bidea. Gauzatzeko zaila, nire ustez; baina egin zitekeen biderik hortik; instituzioetatik, ostera, ez nuen etorkizunik ikusten.

Eta hala izan da: Hamaikabat ez da aurrerantzean alderdi politikoa izango, plataforma bat izango da. Ikusiko dugu eraginik ba ote duen, eta zenbaterainokoa, baina ez dizkie (dirudienez) EAJri eta Ezker Abertzaleari botoak lehiatuko. Edozela ere, gauzak ikusita, badago Galdosi eta Hamaikabati zer aitortu, 2009ko irailean berarekin izandako elkarrizketan esan zidan esaldi batek zentzu osoa hartu baitu denborak aurrera egin ahala:

Gu banandu gara EAtik, abertzaleen batasuna posible egiteko.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu