Sustatu logoa Teknologia albisteak

Gure kargu publikoen hizkuntza publikoaz

Bittor Hidalgo - Donostia
2011-07-18 11:07
Politikariak, berak nahi duen hizkuntza hitz egingo du. Ez? Funtzionarioak, herritarrak eskatutakoa egin beharko du. Egin beharko luke, euskara baleki behintzat. Eta herritarrak espainolez aritzeko eskatuz gero, espainolez egin beharko dio. Baina politikariak, berak aukeratu lezake hizkuntza bere jendaurreko azalpenetan. Ez dio inork inposatzen. Eta ezin du soinean EUSKARAZ BIZI NAHI DUT lema eraman, pankartan EUSKARA HAUTATZEKO ASKATASUNA eskatu, eta gero, bere esku duenean, prentsaurrekoa, ETB2ko eztabaida, zeinahi elkarrizketa, espainolez egin. Itzuli diezaiotela, nahi badute. Ez gara beti gu izango gure hitzen itzultzaile.

Gure politikariak jendaurrean beti euskaraz egitea hautatzen badu, hedabide guztiek euskarazko hitzak jaso beharko dizkiote beti, zuzenean erakutsi nahi badute, nahiz gero bere hitzak itzuli beste zeinahi hizkuntzatara. Baina politikariak erakutsiko du, bagarela, ahal dugunean, euskaraz bizi nahi dugun hiritarrak. Eta euskaldun bihotzekook harrotasuna sustraituko dugu gure bihotzetan. Ia-euskaldunak euskalduntzeko nahia areagotuko. Eta ez dakienari, ikasteko beharra sortuko dio, zuzenean ulertu nahi edo behar badio behintzat, besteak beste kazetariak. Eta ikasi nahi ez badu, ez du orain arte egin duen baino ahalegin gutxiago egingo gu ulertzeko. Noski, hedabideek manipulatu ahal izango lituzkete gero politikarien hitzak. Baina ez al dute jada orain ere beste hainbeste egiten, nahiz hitz guztiak apropos eman espainolez?

Gure politikariak aldiz, jendaurrean espainolez egitea erabakitzen badu (nahiz euskaraz ere egin), erakusten du bera ez dela ahal duenean “EUSKARAZ BIZI NAHI DUEN” horietakoa. Ez duela erabiltzen bere ASKATASUNA, “EUSKARA HAUTATZEKO”. Baizik eta, berak ere ondo dakiela hainbat balio jartzen bere euskal nortasunaren eta hizkuntzaren gainetik, eta nahiago duela balio horiek, badaezpada ere, espainolez komunikatu. Euskaldunok ondo segituko dugu ulertzen, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Donostiako Alkateak, zinegotziek, diputatuek, ondo asko segitzen dutela jakiten “gauza inportanteak espainolez egin behar direla”. Nahiz gero (edo lehenago) euskaraz ere egin. Eta orduan berdin izango dio sentimenduz egiten duen, edo dekorazioz.

Baina ez al zen horixe orain arte “beste” politikariek egiten zutena? Eta BILDUkook ez al ziren ba guretakoak? Gero, hauek ere, guri etorriko ote zaizkigu berriro beti euskaraz egiteko eskatzen, beraiek egiten ez dutenean. Martxa hori ordea ezaguna zait. Nola ez dio ia-euskaldunak alferreko irizten segituko erabat euskalduntzeari, euskaldun “eredugarriek” espainolez egiten badiogu! Ez dakienak, nola ez du euskaraz ikasi gabe jarraituko lasai. Zertako ikasi, BILDUko erradikalenek ere lehenago edo geroago dena espainolez ematen segitze badiote?

Ez ote da gizabidezkoa dena euskaraz egitea? Lotsagabea ote da gure hizkuntza gutxienez ulertzeko eskatzea? Eta zer ote da orduan Euskal Herrian bizitza osoa egitea bere hizkuntza inposatzen guri euskaldunoi beraiekin bizi ahal izateko? Hori al da gizalege?

Politikariok botoak galduko ote dituzue, aurretik hainbeste aldarrikatu duzuena betetzeagatik? Nolatan hainbeste espainol zuen ahotan? Errespetuagatik egiten duzuela? Nori errespetu? Gero zuek ere pribatuan katalana hitz egiten duzuela zuen bileretan, edo Madrilen euskara zuen bikotekidearekin? Eta zer? Hori ia zuen bizitza pribatua da. Maoria hitz egiten baduzue bezala, edo zuberera ederra. Hiritar pribatuarekin ere egin beharko duzuen bezala. Baina publikoan…

Orain, ahal duzuenean, zuek zuen lan publikoa ez baduzue euskaraz egiten, gero nori eskatu behar diozue egiteko? Nori eskatu behar diogu? PPkoei? PSOEkoei? Euskararekin ezer gutxi jakin nahi duenari?

Edo orain, edo inoiz ez. Animo.

P.S. Artikulua GARA egunkariak argitaratu zuen joan den uztailaren 13an (BERRIAk oraindik behintzat ez).

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu