Sustatu logoa Teknologia albisteak

Transkripzioen liburu "automatikoak" jaitsi daitezke Ahotsak.com webgunetik

CodeSyntax
2011-07-15 11:07

Euskararen ahozko ondarea biltzera dedikatzen den Ahotsak.com proiektuan aukera berri bat ezarri dugu: transkripzioen PDFak (liburuak, izatez) jaisteko aukera.


Argazkiak.org | Ahotsak.com PDF Liburuak © cc-by-sa: codesyntax

Ikus-entzunezko elementu asko ditu Ahotsak.com-ek, baina grabaketak lantzeko prozesuan, transkripzioak ere egin eta eskaintzen ditu Ahotsak-en ardura duen erakundeak, Badiharduguk., Elkarte honek eskatuta, transkripzio horiek inprimatzeko aukera erraz bat eskatu ziguten, eta horretarako egin dugu PDFak sortzeko sistema hau. Detaile tekniko gehiago CodeSyntax-en webgunean.

Zera da kontua, Ahotsak-ek aztertzen diharduen herri bakoitzean dago eskumatan, PDF esteka. Adibidez Bergaran bilatzen baduzue hona joango zarete. Jaitsi PDF hori, eta 700 orriko liburu bat izango duzue esku artean. Bergara da transkripzio gehien duen herria, eta horregatik da mardula liburua, baina pisu aldetik ez da horrenbeste, 2 Mb.

Gaur bazoazte Bergarako liburu hori jaistera, PDF hori aste honetan sortutakoa izango da, baina itzuli hilabete barru, eta bitartean Bergarara gehitu diren transkripzioekin liburua eguneratuta egongo da, beste orritxo batzuekin hornituta.

Herri guztiekin bezala, informatzaile bakoitzarekin ere liburutxo bat sortzen da, webgune osoan. Adibidez, gizon honenak. Inork ez badu PDFrik deskargatu herri edo informatzaile batzuetan, lehen klikarekin sortzen da lehen alea, eta PDF hori katxeatuta geratzen da. Esan bezala, hilabeteko iraungitzea du liburuak katxean, bestela berriz eratzen da liburua.

Hona adibide bat:

Inork ez du maketatu edo erredaktatu liburu hori, berez irteten da webguneko edukietatik, bere aurkibidearekin, baita argazkiekin ere bai, orri-oin garbiak... Inprimatzea bakarrik falta zaio. Hori egin daiteke sarean horretarako diren zerbitzuetan baliatuta (Lulu, Blurb, Bubok) edo etxean bertan.

Liburu bakoitza sorkuntza datarekin doa, eta Ahotsak proiektuaren lizentziarekin sinatuta, cc-by-sa, Creative Commons Aitortu-Partekatu


Argazkiak.org | Ahotsak PDF izenpea © cc-by-sa: codesyntax

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu