Horra gure balantzea, http://lekeitiokale.blogspot.com/ Lekeitioko Kale-Antzerki Nazioarteko Jaialdiarena. Haizeak gure errautsak eramanen ditu beste hizkuntzaz mintzo diren ezpainetaraino, gure aitaren etxeak zutik iraunen du gu gabe. Sarrionandiaren hitz hauekin eman zion amaiera Dantzaz konpainiak Sarritsasoa izeneko ikuskariari, dantzariek itsasoan dzanga egiten zuten bitartean.
Jarraian, ilunabarreko hodeiertzean Sarritsasoaren umeak, bizitza berri baten haziak bailiran, itsasoratzen ziren txalupaz.
Jaialdian izan diren ikusle gehienak bat datoz, Sarritsasoa izan da aurten egitarauak eman duen emanaldirik zirraragarriena. Iurretako poetaren unibertsoa dantza bilakaturik, hondartzan aurkitu du jokatzeko lekurik paregabea. Eszenatoki natural harrigarri horretan hamaika emozio sortarazi du.
Dantzarien lana eder eta nekaezina, energia handiko koreografiak eta efektu ikusgarriak ditugu sormen-lan honen ezaugarrietako batzuk. Naufragoak dira, bidaia batean murgildurik. Talaieroak norabideari begira, arrantza-sarean kateaturik eta bat batean Gernikako bonbardaketa, ikuskizun honen unerik gorenetako bat. Eszena honetan aipagarriena da Lekeitioko Karkabia taldeko dantzari eta umeen parte hartzea. Amaiera aldean, su txiki batzuek itsaso gainean kulunka biztu zuten gure gogoa. Bihotzean gorderik betirako, ahaztezina.
Sarritsasoak, jaialdiaren bederatzigarren produkzioak, arrakasta ikaragarria izan du. Bide berria urratu eta geroari begira ate bat zabaldu du.
Eskoziatik heldu da Chipolatas taldea. Hiru artista goitik behera. Musikari onak, umoregile finak, malabarista trebeak eta batez ere, eszenaren maisuak. Gentlemen of the road ezuste zoragarria izan da. Antzezlan biribila eta bizitza gozo eta baikor baten aldeko aldarrikapena.
Gauetan bildu da ikusle kopururik handiena. Ostiralean, Scura Splats talde mediterranearrak, klasiko bilakatu dena, suzko kalejira den Correfoc-a kaleratu du antzerkizale gazteen gozamenerako. Biziki ikusgarria da 4.000 ikusle pirotekniarekin hartu-emanetan. Herri oso bat su azpiko dantzan. Bizitzaz profitatzeko gonbitea luzatzen duen dantza.
Larunbatean, berriz, Generik Vapeur talde frantziarrak 5.000 ikusle harritu ditu kalejira indartsu eta oldakor batekin. Gizon urdinek, bidoiak eskuan, probokazioa dute lege. Itsasotik heldu dira eta Lekeitiok eskaintzen dituen bazter miresgarriak ederto erabili dituzte Bivouac antzezlanari ukitu konparaezina emanez.
Japoniatik Ojarus bikotea heldu da, Lekeition baitute Europako biraren abiapuntua. Bertotik Italiara, Poloniara abiatu beharko dira. Alde batetik estetika, ekialdeko buru luze deigarriak jantziz, eta beste aldetik, singletasuna, proposamen artistiko xume eta zuzena eskainiz zapore gozoa eta atsegina utzi dute gure ezpainetan.
Deabru Beltzak-en lan berria robotikan oinarritzen da. Hiru otso erraldoi eta otso-piano ibiltaria ederto eraikitako elementuak dira. Teknologia aldetik aurrerapausoa, zalantzarik gabe.
Ezin dugu ezkutatu Lekeitio Trapumaniak jota dagoela, Trapu Zaharra taldeak jarraitzaile sutsu ugari biltzen baitu jaialdi honetan. Camping Renove lanak errealitatearen absurdoaren ildotik jarraitzen du. Hiru aktoreek umore aldiak menderatzen dituzte eta inprobisazioaren maisuak dira. Gutxitan ikusi dugu kale-antzerkian paella bat egitea zuzen-zuzenan argumentu batean zehar. Hala ere, umorea da nagusi eta ironiaren bidez, gizatasunaren falta salatzen du. Gizakia ekarri munduaren neurrira Kirmen Uribek jaialdiaren kartelean eskatzen zuen bezalaxe.
Haurrek ere izan dute zerekin gozatu. plaza bete ume Eidaberen Kanpanolue 11 salto gehiago ikusteko. Antzerki parte hartzailearen magia ezagutzen du Bilboko talde honek eta animazio jokoek ikusleen espazioa irauli egiten dute. Alaia, oso alaia.
Lekeitioko Kale-Antzerki Nazioarteko Jaialdia apala den heinean, kalitate eta emozio handiko antzerkialdi emankorra da. Eguraldiak ez du zapuztu egitarauaren emanaldirik, emanaldi bakarrak elizako arkupetan babesa aurkitu behar izan du. Aurreko urteetako arrakastari jarraitzen dio. 25.000 ikusle bildu dira hamabost emanaldietan. Euskal Herrian erreferentea den nazioarteko jaialdirik berritzaileena. Espazio berrien bila abiatu ginen eta hondartzan aurkitu dugu leku ikusgarria eta nabarmena. Gizaki hobe, zoriontsuago eta askeago egiten gaituzte kaleko arteek. Ibilbide itxaropentsu horretan jartzen ditugu gure urratsak, aitaren eta amaren etxeak zutik dirauen bitartean.
Imanol Agirre, zuzendari artistikoa.
Egitarau ederra benetan eta zirraragarria ikustea nola erantzuten dieten bai herriak eta baita ere bisitariek zuen proposamenei. Zorionak eta hurrengo urtera arte!