Euskarazko lehen hiztegitxoaren Codex-a lapurtu dute
Galiziako hiriburu Santiagon, Done Jakueren katedralaren artxibategian zegoen Codex Calixtinus delakoa, eta asteartetik faltan botatzen dute liburuzainek.
Ez da kodize horretakoa euskarazko idatzizko lehen agerpena (zaharragoak dira emilianotar glosak non izioki dugu era agertzen den), baina bai lehen hitz zerrenda, ordainekin emandako hiztegitxo txiki bat; bidaietarako gaur egunean egiten direnen antzekoa. Izan ere, nolabait funtzio hori du testuak, Aymeric Picaud erromesaren idatzia baita, Done Jakue bidearen deskribapen batean datorrena.
Bost liburu eta bi gehigarri dira beraz Codex hori osatzen dutenak, 12. mendekoak, eta horietako baten autoretza egozten zaio Aymeric Picaud frantziarrari, 5.a, Liber Sabcti Iacobi delakoa. Done Jakue Bidea egiteko gidaliburu bat nolabait esateko.
Picaudek Euskal Herritik igarotakoan egindako deskribapenaren analisia egin zuen bere garaian Gidor Bilbaok Uztaro aldizkarian, eta baita pasarte zehatzen itzulpena gaurko euskarara. Hiztegitxoaren pasartea, Klasikoen Gordailuan ere badator.
Gure hizkuntzaren berri emateaz gain, oso gaizki utzi gintuen Picaudek irakurleen begitan, hori da egia. Bilbaoren itzulpenean:
Herri basatia da hau, beste herri guztietatik ezberdina ohituretan eta izaeran, zeinnahi gaiztakeriaz betea, kolorez beltza, itxuraz maltzurra, gaiztoa, okerra, doilorra, hitzik gabekoa eta ustela, lizuna, mozkortia, bortizkeria orotan iaioa, izugarri eta landugabea, makur eta zitala, fedegabe eta errukigabea, anker eta kalapitaria, batere dohainik gabea, bizio eta maltzurkeria guztietan ikasia, getarren 20 eta mairuen parekoa gaiztotasunean, gure herri frantsesaren etsaia arlo guztietan. Txanpon bakar bategatik hiltzen du frantsesa, ahal badu, nafarrak edo euskaldunak.
Azken bereizketa hori, nafar eta euskaldun, bitxia da bai, baina halaxe ageri da Picauden testuan, Nauarri eta Bascli ginela, nahiz eta ohituretan eta hizkuntzan bat izan, nonbait desberdintasun fisikoa zegoen batzuen eta besteen artean, Aymeric Picauden iritziz:
Nafarrek eta euskaldunek itxura eta ezaugarri berdinak dituzte, janariak, jantziak eta hizkuntzari dagokionean hain zuzen, baina begitartea zuriagoa dute euskaldunek nafarrek baino.
Detailetxo hauen berri eman dugu "Ricardo Gomez hizkuntzalariak tuiteatu dituelako albiste hauek.
Erantzunak kargatzen...