Zea Maysen kantu bat oinarritzat harturik, 500 lagunek hartu dute parte gaztetxean barrena egindako bidaian. Kukutzaren eraisketa galerazi nahi dute.
Errekaldeko gaztetxea Bilboko beteranoenetarikoa dugu. Duela hamahiru urte okupatu zuten egungo eraikina, 1998ko abuztuan, baina aurretik beste bi kapitulu eginak zituen auzoan autogestioaren aldeko okupazioak. 1996an Errekalde, Irala, Indautxu, Basurto eta Zorrotzako hainbat gaztek Kukutza kaleko eraikin huts bat okupatu zuten, euren gisara antolatu ahal izateko; Kukutza I deitzen zaio gaur proiektu hari. Hiru hilabete iraun zituen abenturak, bortxaz bota baitzituzten bertatik. 1998an Larraskitu kaleko Unzeta lantegi abandonatua okupatu zuten berriro; Kukutza II. Eta sei aste geroago berriro ere kalean jarri zituzten Udaletxeak bidalitako indar polizialek.
Kukutza IIIan ere, urte guzti hauetan susto bat baino gehiago izan dute. Hirutan sartu dira poliziak barrura eta behin eraikina hustera ere iritsi ziren. Baina gaztetxea oso errotua dago inguruko gazteen eta auzotar guztien gogoetan, eta aurrera egitea lortu du denen bultzadarekin.
Egun beheko solairuan barra-kontzertu gunea eta ziber-liburutegia daude. Lehen solairuan, aldiz, barazki jantoki herrikoia, arropa trukerako gunea, entsegu lokala eta bulegoa. Bigarren solairuan malabaristen zein trapezisten entrenamendurako gunea, eskultura tailerra eta teatro entsegulekua daude. Eta hirugarren solairuan rokodromoa, gimnasioa eta dantza lokala.
Barakaldoko enpresa eraikitzaile bat da hau guztia behera bota nahi duena. Hau eta honen atzetik dagoen hainbat kolektiboren lana, gaztetxean eskaintzen dituzten tailerrak, hitzaldiak, kontzertuak Sei etxebizitza bloke, salerosketa librekoak, egin nahi dituzte bertan, Kukutzatik salatzen duten bezala auzoan 2.000 etxebizitzatik gora hutsik dauden arren.
Duela hiru hilabete agertu ziren bertara udaltzainak etxea husteko aginduarekin. Ordutik hainbat ekimen egin dituzte gaztetxearen alde, besteak beste arrakasta handia izaten ari den sinadura eta atxikimendu bilketa. Eta LipDuba sareratu dute orain. 500 lagunek hartu dute bertan parte eta ohikoa baina metraje luzeagoa duen lana osotu dute: hamar minututik gorako bidaia gaztetxean barrena. Kukutza bizi-bizirik dagoela erakutsi nahi izan dute honekin, jende askoren sostengua duela eta ekimen askoren sostengua dela.
Honek ere bisita asko eduki zituen, eta hauteskunde kanpaina alaitu zigun:
Ondarroako LipDuba. Herrixe udaletxea!
Guztiak ez dira hemen egongo, baina horra Euskal Herrian azken urte t'erdian egindako zenbait Lipdub: