Teknologia albisteak
1

Gizon-dantza Donostian: tradizioa, alkatea eta bestelakoak

Erabiltzailearen aurpegia
Oier Araolaza, Dantzan.com
2011-06-28 : 16:06

San Joan bezperan Donostiako konstituzio plazan egin ohi den gizon-dantzan Juan Karlos Izagirre alkateak eta udal-batza berriko zinegotziek parte hartzeak oihartzun zabala izan du, eta hainbat kontu idatzi eta esan dira horren harira egunotan. Horietako batzuk bildu eta kontuak argitzen eta zehazten saiatuko gara ondoko lerrootan.


Donostiako soka-dantza, joan den ekainaren 23an. Argazkia: Iñaki Zugasti / dantzan.com CC-BY-SA

Donostiako alkate izendatu eta emandako lehen urratsetakoa San Joan bezperako soka-dantzan parte hartzea izateak aparteko oihartzuna eman dio aurtengo Konstituzio plazako gizon-dantzari. Festa eta tradizioen inguruko iritzi-trukea eztabaida politikoarekin elkartu da, eta denetarik idatzi eta esan da. Azken urteotan, soka-dantzaren alorra gertutik aztertzeko aukera izan dut, eta oraingo honetan esandako zenbait kontu beste testuinguruan jarri eta osatzen ahalegindu nahiz. Hasteko, hona Iñaki Zugastik hartutako irudiak:

http://www.dantzan.com/bideoak/donostia-2011-gizon-dantza

Tradizioa da, ala ez da?

Javier Maria Sada historialari donostiarrak ukatu egin du Diario Vascon argitaratutako artikuluan "tradiziorik berreskuratu denik". Sadak dioenez, Udal batzak ez du aurreskua dantzatu izan San Joan suaren inguruan. Euskal Jaien hasieran dantzatzen zuten alkate eta zinegotziek soka-dantza, irailean, eta ezhttp://www.dantzan.com/bideoak/donostia-2011-gizon-dantza ekainean, eta behin bakarrik, 1965ean hain zuzen ere, gertatu zen Euskal Jaiak ekainean ospatu zirela munduko txirrindulari txapelketak zirelako iralean, eta ondorioz, urte hartan, Nicolas Lasarte alkateak eta udal batzak San Joan bezperan dantzatu zuten soka-dantza. 1980ean Jesus Mari Alkain 1965 urteko horretan oinarritu zen San Joan bezperan gizon-dantzan parte hartzea erabakitzeko, baina Sadaren esanetan, tradizio hori ez zegoela ikusi ondoren ez zuten gehiago dantzatu.

Beraz, Sadak ez du ukatzen alkateak eta udal batzak soka-dantzan parte hartzeko tradiziorik ez denik egon, baizik eta hori ez zela San Joan bezperan egiten. Egia da ohitura handiagoa izan dela Euskal Jaietan egiteko mota honetako ohorezko aurreskuak, baina hankasartze larria ere ez da, "tradizioa berreskuratu" egiten dela esaten ez den bitartean. Izan ere, oraingo honetan zenbait tokitan  horixe argitaratu da, eta horrek sortu du ezinegona. "Izagirre recupera el Gizon dantza el día de San Juan" moduko izenburuak argitaratu dira, eta noski, horiek ez dira zuzenak. Gizon-dantza urtero dantzatzen du Goizaldi dantza taldeak Donostiako Konstituzio plazan San Joan bezperan, beraz, ez dago berreskuratu beharrik.


Ohorezko aurreskua Donostian Konstituzio plazan. Argazkia: Fototeka Kutxa.

Javier Sada berak eskaini izan ditu aurretik Donostian egin izan diren agintarien soka-dantzen inguruko datuak. 1906ko Donostiako Euskal Jaietan alkatea buru zela dantzatu zuen udal-batzak ohorezko aurreskua Konstituzio plazan. Aurretik, Ingalaterrako Victoria erreginaren bisitan ere dantzatu zen, eta 1927ko Euskal Jaietan ere antolatu zen ohorezko esku-dantza Konstituzio plazan udal-batza osoarekin.

Donostia ohorezko aurreskua XX mende hasieran 2
Ohorezko aurreskua Donostian Konstituzio plazan. Argazkia: Fototeka Kutxa.

Jose Inazio Ansorenak erantzun dio Sadari egunkari berean, "La Esku dantza de autoridades es tradicional" izeneko artikuluarekin. Ansorenak azaltzen du agintarien soka-dantzak ohikoak direla XVIII. mendetik, eta ez dela une jakin eta bakar bat izan horretarako, agintariek eurek erabakitzen baitute noiz egin. Zenbait herritan jai-egun nagusian egin ohi dela, baina baita ekitaldi eta ospakizun berezietan ere. Gizon-dantza izenari buruz, hasierako sokan emakumeek parte  hartuz gero egokiago ikusten du esku-dantza, dantza-soka edo soka-dantza izenak erabiltzea Ansorenak. Udalaren txistulari bandaren zuzendariak zehazten duenez, orain egindako berreskuraketa ez da izan San Juan egunean dantzatzea, baizik eta udal-batzak plaza agerian berriz ere dantzatzea.

Agintariak dantzan

Donostiako alkate berria dantzara atera izana albistea izan da komunikabide gehienetan, baina behin zarata ixilduta, errepikatu dezakegu gauza zabaldua dela udal-agintariek dantza egitea, eta Odon-ek ez bazuen egiten ere, beste hainbat herri eta hiritako alkate eta zinegotziak dantzatzen dutela urtero beraien herrietako soka-dantzetan.

Bilboko alkateak, Iñaki Azkunak Begoñan aurreskua dantzatzen du Andra Mari egunean, aurretik Gorordok egiten zuen moduan. Xabier Agirre Arabako Diputatu Nagusia izan denak bere legealdian urtero dantzatu du Armentian, San Prudentzio egunean. Beste hainbat herritan dantzatzen dute alkateek eta zinegotziek soka-dantza:

Antzuolan, Beasainen, Lazkaon, Ordizian, Zerainen, Andoainen edo Oiartzunen.


Agintaren dantza-soka Beasainen, Aurtzaka dantza taldea.

Beasaingo agintarien soka-dantzari buruz artikulu bitxia atera dute Aurtzaka dantza taldearen blogean orain gutxi. Bertan esaten dutenez, azken urteotan dantza-sokan parte hartu duten alderdi politikoen ordezkariek emaitzak hobetu dituzte hauteskundeetan eta parte hartu ez dutenek behera egin dute.

Izen-dantza
Alkate berriaren asmoak ezagutzera eman eta minutu gutxira sortu ziren dantzaren izenaren inguruko kezkak. Udal-batzak parte hartu bazuen, eta tartean emakumeak bazeuden, izena aldatu beharko zela aipatu zuen Beñat Sarasolak twitterren.

Gizon-dantza deitu izan zaio Donostiako konstituzio plazan egin izan denari. Izen horren lehen erreferentzia Juan Inazio Iztuetak 1824an idatzitako Gipuzkoako danza gogoangarrien kondaria liburuan jasotzen da, soka-dantzen sailkapena egiterakoan gizon-dantza aipatzen baitu, eta ohorezko soka-dantza horren protokolo xehetasunak agertzen baititu bertan. XIX. mendean eta XX. mende hasieran gehiago erabili izan dira ohorezko aurresku, esku-dantza edo "baile real" (gazteleraz) izenak.

Soka-dantzen genero zabalaren barruan, hainbat aldaera daude, eta izenak ere nahi adina. Bihar bertan, ekainak 29, San Pedro egunez Donezteben trapatan izenekoa dantzatuko da, Berriz-en erregelak eta Lekeition eguzki-dantza. Eta hirurak soka-dantzak dira generoari dagokionez. Bat gatoz Sarasola eta Ansorenarekin, Donostiako udal-batzaren soka-dantza honi gizon-dantza izendatzea trakets samarra dela, eta badira hainbat aukera beste modu batera izendatzeko: esku-dantza, agintarien aurreskua, esku-dantza, dantza-soka, e.a.

Batasun irudia

Alderdi politikoetako ordezkariak elkarrekin dantzan jarri ditu Izagirrek soka-dantzaren bidez, eta horixe azpimarratu dute hainbat komunikabidek. "La Gizon Dantza unió a la corporación" dio DVk adibidez. Ez da harritzekoa. Soka-dantzari behin eta berriz egozten zaion gaitasunetako bat horixe da, soka berean lotzea, eta parte hartzaileak ordezkari politikoak izanik, aurreskuak batasun irudia eskaintzeko duen indar sinbolikoa nabarmen agertzen da. 

Orain 13 urte, Eibarko soka-dantzan parte hartu zuten zinegotziek gai horixe bera izan zuten eztabaidan ondoko egunetan. 1998an, Iñaki Arriola, PSEkoa zen alkate Eibarren, eta Udal-batzan zeuden ordezkatuta: PSE, EAJ, EA, HB, EB eta PP alderdiak. Garai horretan (orain bezelatsu) PPk uko egiten zion Herri Batasunako kiderik zegoen inongo mahaitan eseri eta ekitalditan parte hartzeari. Baina, urtean behin soka-dantzan partzen zuten, eta elkarri eskuak emanda plazaratzen ziren San Joan egunean.


Soka-dantza udal-batza eta kezkako dantzariekin Eibarren, 1995eko ekainaren 24an. Argazkia: Aitor Pintado / Kezka dantza taldea. CC-BY-SA.

Luis Alberto Aranberri Amatiño zinegotzi zen Eibarko udalean eta honakoa idatzi zuen DVn: "En tiempos en los que parece estar prohibido coincidir con HB, todos y cada uno de los partidos sin excepción se dan la mano y bailan en la plaza del pueblo.". Bi egun beranduago erantzun zion toki berean Regina Otaolak, PPko zinegotziak: "Nosotros bailamos con el pueblo y para el pueblo, pero no con HB y menos a su son como parece hacerlo usted y el partido al que pertenece". Ikusten denez, soka-dantza eta politikaren artekoak joko asko eman izan du lehenago ere.

Space Invaders (III)

Oihartzun berezia izan du San Joan bezperako gizon-dantzak Donostian, eta ondorioz, argazkilari eta kamerariak ez-ohiko kopuruan hurbildu dira Konstituzio plazara. Orain bi urte plaza eta egun berean grabatutako gizon-dantzan ikus daiteke kamera bakanen bat baino ez zela hurbildu ekitaldia jarraitzera. Oraingoan, alkate eta zinegotzien parte hartzeak erreportari sorta zabala erakarri du. Eta berriz ere, errespetorik ez da izan dantzaren espazioarekin. Argazkilari eta kamerariak plazaren erdian eta Mikel Larreategik galdetu du twitterren ea ez ote gauden Space Invaders sesio berri batean.

Gure kolaboratzaile Iñaki Zugasti bertan zen kamera eskuan, eta hesiaren atzealdetik bere kamerak hartutako irudiek erakusten digute nola ibili ziren plazaren erdian kamerariak inolako lotsarik  gabe. Plaza dantzarako hesituta dago,  eta batzuk dantzan ari dira eta besteak txistua jotzen. Baina beste guztiak? Zergatik egon behar dira plazaren erdian, dantzariei traba egiten eta ikusleei dantza estaltzen? 


Bideotik hartua.

Hirugarren aldia da hau salatzen dudana (ikusi Space Invaders I eta Space Invaders II), eta aurretik egindako galdera berberak datoz bidera: Zergatik ekitaldiaren orduan plazara joan eta hesiaren atzean tokia hartzeko ahalegina egin duenak ez du errespetorik merezi eta azken orduan etorritako edozein jarri dakioke bere aurrean kamera bat eskuetan izatearen aitzakian, eta ostera, etxean geratu denak telebistaz edo egunkariaren bidez ekitaldiaren irudi onena izan behar du? Zergatik ez da errespetatzen dantzaren eremua futbolean edo pilotan errespetatzen den moduan?

Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: Oier Araolaza, Dantzan.com

Erantzunak

Karlott
2011-06-29 : 19:55

Javier Maria Sadak, beti bezala, adaxkei, ez enborrari. Historialari, kronista edo nahi duzuna, baina euskaraz ez daki pertsiera klasikoaz baino hitz bakar bat gehiago. Bost axola. Zeharo arrotza du, erabat arrotz zaio gure hizkuntza.

Garai batzuetako Lecturas edo Sunday Times berpizten du beti: "San Joanetan, ez; Euskal Jaietan". Konforme, baina (horretara goaz) lehen dantzatu egiten zuten agintari haiek, herriagandik askoz ere urrunagokoak izaki. Hori da kontua. San Juanetan edo Joan zanetan.

Eta udalbatza honek berriro hartu du herriko plazan aurreskua dantzatzeko ohitura. Puntu.

Erantzun

Sartu