Euskararen erabilera Interneten, Eusko Jaurlaritzaren txostenaren arabera
Blanca Urgellek aurkeztutako txostena apirilekoa da: Euskararen egoerari etabilakaerari buruzko adierazleak. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) egin zuen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) balantze baten gisan. Sarean jarri dugu ikusi eta deskargatzeko, hemen.
Informazio eta komunikazioaren teknologien erabilerari buruzko atal bat dauka, eta horietan dago goiko datua eta koadroa. Beste datu batzuk ere badaude txostenean. Euskarazko nabigazioaren bilakaera erakusten du honek. %20aren inguruan zegoen duela 10 urte, eta berdintsu dago orain. Ingelesaren erabilera jaitsi egin da, seguruenik sektore eleanitzago eta prestatuago batzuk lehenago hasi zirelako Interneten duela hamarkada bat. Gaztelaniaren marra ez da ikusten grafiko honetan, uneoro %100ekoa delako erabilpena.

Argazkiak.org | Internet, euskarazko nabigazio portzentaia © cc-by-sa: sustatu
Blanca Urgellek goiko grafikoaren emaitza ontzat eman zuen, %23an kokatuz une honetan euskarazko nabigazio edo erabilpen kopurua. Kaleko erabilpena %15eakoa izanik, Internetekoa goitik dago.
Beste koadro honek, berriz, erakusten du elebidunek (euskaldunek, alegia) Interneten zertan ematen duten denbora, euskarazko zein edukitan sartzen diren.

Argazkiak.org | Euskaldunek zer sarean © cc-by-sa: sustatu
Ikusten denez, erdiek ez dute euskarazko edukirik bisitatzen sekula. Datuak 2007-2008 urteetakoak dira, agian sare sozialen eztanda hasteke edo hasten zegoen unekoa. Blogak, ordea, bazebiltzan euskaraz urte batzuk lehenagotik baina oso euskaldun gutxiren arreta jasotzen zuten urte horietan.
Baina azken taula horretan adierazgarriena, beharbada, zera da, euskaldunen erdiek ez dutela euskararik ikusten sekula Interneten daudenean. Horrek bat egiten du HPSren apirileko txosten honek duen beste datu kezkagarri batekin: euskaldunen kopurua hazi den arren, etxean, adibidez, gero eta gutxiago erabiltzen da euskara. Jaitsiera oso nabarmena da, taula honek erakusten duen moduan:

Argazkiak.org | Euskara etxean, transmisioa © cc-by-sa: sustatu
Erantzunak kargatzen...