Sustatu logoa Teknologia albisteak

Apple, Financial Times eta harpidetzen auzia

Joxe Rojas, Teknopata.net
2011-06-09 12:06

Lehen biktima argi eta garbia, nire ustez behintzat, paper elektronikoa da. iPadaren merkaturatzeak eta Applek haren inguruan muntatu duen txarangak lehiakide guztiak tablet erako gailuei begira jarri ditu, paper elektronikoan oinarritutakoak bazter utzita. Irakurterrazagoa, energiaren kontsumoaren aldetik askoz ere eraginkorragoa eta gailu eramangarrietan erabiltzeko askoz ere egokiagoa den teknologia (prototipo malguak ere ikusiak ditugu han-hemenka) dike lehorrean geratu da, Appleren gailuak sortu duen lilurarekin lehiatzeko ahaleginetan.

Applek lortu du prentsa digitalaren alorrean erreferentea izatea (euskarriari dagokionez behintzat), eta botere hori baliatu nahi du etekin ekonomiko handiagoak lortzeko (beste edozein enpresak ere berdin egingo luke, noski). Baina jokaldia txarto atera ahal zaio Jobsi.

Joan den otsailean, App Store online dendaren bidezko harpidetza sistema estreinatu zuen. Haren bidez, aplikazio egileek harpidetza kuotak kobra ditzakete euren aplikazioen bidez. Esaterako: FInancial Times egunkariak aplikazioa sor dezake bere edukiak Appleren gailuetan irakurri ahal izateko, eta aplikazio horretan bertan txertatu eduki horien harpidetza eskatu eta ordaintzeko aukera.

Aukera erosoa irakurlearentzat zein hedabidearentzat, zalantzarik gabe, xehetasun bat behintzat albo batera uzten badugu: Appleren politiken arabera, sistema horren bidez lortzen den diruaren %30 Applerentzat berarentzat izan behar duela. Financial Timesen harpidetzaren truke 15 euro ordainduz gero, 4,5 Jobsen poltsikora doaz.

Eta gertatu behar zena gertatu da: Financial Times gogaitu egin da baldintza horiekin eta, batez ere, lehenago ala beranduago aldatzeko ikusten diren aukera urriekin, eta pikutara bidali du bere aplikazioa. Haren ordez, iGailuetan primeran ikusten den webgune dinamiko berri bat sortu du, HTML5 erabiliz, eta haren bidez bideratuko ditu aurrerantzean harpidetzak zein harpidedunentzako edukiak. Abantaila gehigarri bat ere badu horrek: Applerenak ez diren gailuen jabeek ere egin ahal izango dute harpidetza, merkatua zabalduz.

Ez dakit FInancial TImesen kasua anekdotan geratuko den, ala beste batzuek ere jarraituko dioten. Financial TImes publikazio handia da, irakurle asko eta asko dituena, eta Appletik banatzeko margen nahikoa izan dezake, baina hedabide txikiagoek beharbada nahiagoko dute Appleren bidezko harpidetzen %70, ezertxo ere ez jasotzea baino…


Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: Joxe Rojas, Teknopata.net

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu