Beasaingo Errekarteko baserriak (Errekarte Haundi eta Telleri Etxea) bota nahi dituzte, 163 etxebizitza egiteko...
Argazkiak.org | Errekarte Haundi baserria © Alazne Mujika
Hori ikusita, bi baserriak eta beren inguru berdea babesteko bi dokumentu idatzi ditut: Beasaingo Udalak onartu nahi duen Hirigintzako Proiektuari alegazioa jarri diot. Eusko Jaurlaritzako Kulturako Sailari honako eskaera egin diot: Monumento Multzoa izenda dezan Errekarte eremua. Monumento izendatzeko eskaerari erantzun dio jada Kulturako Sailak, eta honako gomendio honekin bukatu du idazkia: "egurrezko egitura ez denez jatorrizkoa, ezin ditugu baserriak babestu, baina inguruko eraikinak ikusita, Udalak babes ditzan gomendatzen dugu".
Informazio osoagoa: hemen. Argazki sorta, Picasan.
Hasteko, Errekarte Haundi XV. mendekoa delako, 540 urte inguru dituelako. Izan ere, Balizko Arkeologia Gunea dela esan behar da. Hau da, lurrazpian erdi aroko aztarnak daudela susmatzen du Gipuzkoko Foru Aldundiak (tamalez, XVIII. mendean baserria erre egin zen eta ezer gutzi geratu zen zutik. Hala ere, ikerketa sakon bat merezi du eraikin honek, zehazteko zein den zati bakoitzaren edadea).
Telleri Etxea XVII. mendekoa da, eta 315 urte inguru ditu.
Argazkiak.org | Telleri Etxe baserria © Alazne Mujika
Gainera, aipaturiko Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren gomendioa du, non Udalak bi baserriak babestu behar dituela eskatzen den. Aipagarria da Udalak berak Beasaingo ondareaz 2001ean egindako inbentarioa (Asier Olazabal Uzkudunek, Historian Lizentziatuak, egin du) Bertan, babesteko gomendatzen diren eraikin asko daude. Martina Maiz kaleko 6. zenbakian zegoen etxeari buruz, adibidez, hauxe dio: XIX. mendeko etxe ugari kontserbatzen ez denez Beasaingo herrigunean bere garrantzia ukaezina da, bai historikoki eta bai arkitektonikoki. Agerian da ez zutela babestu, eraikin berria aspaldi altxatu baitzuten.
Hori horrela izanik, argi dago Errekarteko baserri-inguruak balio historikoa duela, eta hori ez dagokiela soilik baserrien ezaugarriei edo etxe horietan gertatutakoari. Bien artean sortzen duten eremua ere bada garrantzitsua. Errekarten naturarekin dugun harremana, ikusten diren ibaia eta mendiak, balio handikoak dira.
Horretaz gain, hiri-eremuan ez dago beste baserririk; hortaz, bi horiek desagertuko balira galdu egingo genuke etxebizitza-tipologia mota hori; aberastasun arkitektonikoa galduko genuke, eta orain dugun hiritik mendirako trantsizioa desagertu egingo litzateke.
Telleri eta Errekarte Haundi ez dira bota behar. Beren egitura gordez gero, barne-espazioak birgaitu daitezke eta eguneratu, etxebizitza duinak egin ahal dira. Kanpoko espazio libreak ere errespetatu behar dira eta parke publiko bat egin; edota, esate baterako, baratze ekologikoak jarri. Aukera aprobetxatu eremu aberats bat lortzeko, beasaindarron aisialdirako.
Udalak Kulturako Sailaren gomendioa bete behar du eta Errekarte Haundi eta Telleri Etxeak babestu behar ditu. Halaber, diruz lagundu jabeak, errehabilitatzeko. Horixe dakar-eta babesteak.
Ez dut uste Beasaingo hirigunean ehun urte baino gehiagoko eraikin asko dagoenik, Igartzako multzoa, Elizako gunea eta Udaletxeko plaza izan ezik.
Egia esan, eraikin zahar asko bota da azkenaldian: besteak beste, Errekarte Txiki botatzeko baimena eman zuen Udalak orain dela urte gutxi, Errekarte Haundiren eskubi aldean zegoen baserria; jadanik etxe berria eraiki dute. Hark ere bazuen babes teorikoa, Balizko Arkeologia Gunea baitzen. Antza denez,
Arkeologia Gune izatea ez da nahikoa eraikin bat errespetatzeko.
Beste adibide gertuko bi: kale Nagusiaren hasieran XVI. mendeko etxe bat bota zuten orain dela gutxi Udalaren baimenarekin, berria egiteko, modernoago eta altuago; Batzokia ez zen oso zaharra, baina bere elegantzia eta originalitatea ez ditugu ahaztuko gainera, operazio horren ondorioz frontoi estalirik gabe geratu ginen zentroan.
Ez da ahaztu behar eraikinak eta plazak memoria gauzatuak direla, memoria bizia. Betiko kaleak egunerokotasunean txertatuak daude, norbanakoen esperientziaz blai daude: pilota partida hura gogoratuko dugu, amaren jaiotetxea, umetan baloian jolasten genuen plaza hori... Historiako gertakariak gogorarazteko ahalmena ere badute: berez, eraikitako espazioaren garrantzi historikoa mendiei diegun errespetu eta mirespenarekin konparatu dezakegu: daukagun ondarea zaindu behar dugu, ekonomia iraunkorraren legeak bete, dagoena konpondu edo birgaitu bota baino lehen, memoria kolektiboa errespetatu
Ozen eta argi esan behar dut: Beasaingo Udalak ez du gure ondarea behar bezala babesten. Azken 15 urteetan Beasainek jasandako eraldaketa ez da ekologikoa, ez da ekonomia iraunkorrean oinarritzen, eta memoria historikoa bi dimentsiotako gauzak bihurtu ditu, hau da, argazki eta testu hutsak!
Obrak hasi dira, Udalak entzungor egingo al dio Kultura Sailaren gomendio garrantzitsuari? baserriak babestuko al ditu?. Momentuz, guztiz kontrakoa egin nahi du, baserriak bota 163 etxebizitza egiteko. Argazkiak geratuko zaizkigu Beasain izan zena miresteko, eta hemendik 20 urtera argitaratu ahal izango ditugu, Beasain Jaietan urtekarian.
Mingarria egiten zait ondarea baloratzeko txostenetan ez dela kontutan izaten zein ingurunetan gauden. Adibidez, Oñatin 200 urteko hamarnaka etxe dituzte agian, baina Atlantan duten etxe zaharrenak 100 urte ditu eta kontu handiz zaintzen dute.
Eibarren kasuan, harrizko kale zati bakar bat gelditzen zitzaigun, baina balio askorik ez zuela eta kendu zuten etxeak egiteko. Orain ez dugu ezer, eta pauso honetan inoiz ez dugu 200 urteko etxerik izango, lehenago botako ditugu eta!
Kaixo:
Beasaindar etnologo Martín Garcíak gure baserriei buruzko azterlanean honakoa dio: D. Martín de Recarte ya figura el 6/9/1.468 en una escritura otorgada por Beasain, Gudugarreta y Astigarreta a Dª María de Yarza, con objeto de aprovechar bienes comunales.
Eta bera izanik lehenengo jabea, ez da urrutik ibiliko Errekarte Haundiren jatorrizko eraikuntza. Telleriren gainean ez nituen hainbeste datu, eta ez nekien hain zaharra zenik.
Tira, dena den, astakeri hutsa biak eraistea.
Ea Udal berriak babesteko asmoa duen, ikusiko dugu!
Eskerrik asko guztioi
Telleri baserriari buruz 1567az geroztik daude idatzizko aipamenak eta Errekarte aundi baserriari buruz ere XVI. mendeko lehen erdialdetik agertzen dira idatzizko kontuak.
Ez direla atzo goizeko kontuak, alegia. Baina, tira, badakigu nola zaintzen ditugun gure ondareak, memoria historikoa memorian gorde beharko dugu, bertatik bertara ikusteko aukerak agortzen ari dira eta.