Dibertsitate linguistikoa eta kulturala enpresen nazioarteratzean
Enpresek nazioarteratze-prozesu bati ekiten diotenean, hainbat faktore hartzen dituzte kontuan beren merkatua zabaltzea, ordezkaritza komertzialak irekitzea edo produkzio-plantak eraikitzea erabakitzen dutenean: egoera sozio-politikoa, egoera ekonomikoa, sistema fiskala, eskulanaren kostua eta antzekoak. Alabaina, enpresek ez diete horrebeste begiratzen faktore kulturalei eta linguistikoei, hots, hango jendeek zein hizkuntzatan egiten duten eta zein balio kultural dituzten. Ondorioz, faktore horien kudeaketa bigarren mailakotzat jotzen da, kontuan hartzen denean; izan ere, batzuetan ez dira kontuan ere hartzen. Jokaera horrek kontsekuentzia negatiboak ditu nazioarteratzen ari diren enpresentzat eta galera ekonomikoak eragin ditzake. Horren datu zehatzak ematen ditu Europako Batasunak eginiko ELAN txostenak (Effects on the European Economy of Shortages of Foreign Language Skills in Enterprise). Adibidez, Europako enpresa ertain eta txikien % 11 negozioak galtzen ari da hizkuntza-kudeaketa egokia ez duelako.
Ikastaroaren helburua da erakustea nazioarteratzen ari diren enpresen nagusiei, arduradunei eta kudeatzaileei eta beraiei hizkuntza-zerbitzuak ematen dizkieten hornitzaileei, hizkuntzen aniztasunaren kudeaketa egoki batek ondorio ekonomiko positiboak dakarzkiela: dirua aurreztea, kostuak murriztea eta negozioa egiteko aukerak handitzea. Horretarako eleaniztasunaren kudeaketan adituez aparte, Microsofteko ordezkariek eta Euskal Herriko enpresa esanguratsu batzuren arduradunek hartuko dute parte.
Ikastaroa ekainaren 28an eta 29an izango da Donostiako Miramar jauregian. Izena emateko.
Erantzunak kargatzen...