Teknologia albisteak
2

Jaurlaritzaren sare sozialetarako gida: hizkuntza irizpideak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-05-27 : 15:05

Eusko Jaurlaritzak gizarte-sareetarako komunikazio eta estilo gida bat aurkeztu du gaur Gasteizen. Hizkuntzari dagozkion atalak ekarri ditugu hona. Puntu gehienak hizkuntzari dagozkion atalean datoz, baina gero puntuz puntu, dela Twitter edo blogen atala, ñabardura gehigarri batzuk daude.

Pdf formatuan, hona gidaren euskarazko bertsioa:

Atal batzuk, dokumentu txikiagoetan laburbildu dituzte:

Dokumentu horietatik, jarraian, zer dioen hizkuntzen erabileraz.

Komunikazio elebidunetan euskara nabarmentzeko neurriak

Euskararen egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak ekoitzitako komunikazioetan euskara nabarmentzeko neurriak hartuko dira. Horretarako, bi estrategia erabil daitezke gutxienez:

  • Kokapena. Hitzen kasuan, euskaraz agertzen direnak aurrean edo gainean jar daitezke; zutabeak badira, ezkerrekoa euskarazkorako erabiliko da; eta, orriak badira, berriz, eskuinekoa euskarazkorako erabiliko da.
  • Tipografia. Ez dugu ahaztu behar letra-tipoa edo tamaina erabil daitezkeela euskarazko testua nabarmentzeko.

Komunikazio idatziak: dokumentazioaren igorlea Eusko Jaurlaritza bada, komunikazioa bi hizkuntza ofizialetan edo euskaraz egingo da.

(Itzulpena baino, testua euskaraz zuzenean)

Azaroaren 24ko 10/1982 Legeak (Euskararen erabi-lera normalizatzeko oinarrizkoa) ezartzen duenez, Administrazioaren komunikazioak bi hizkuntza ofizialetan egin behar dira, baina ez du adierazten itzulpena erabili beharko denik nahitaez horretarako. Nolanahi ere, euskararen egoera soziolinguistikoaren ondorioz, testu gehienak gaztelaniaz idatzi dira gero euskarara itzultzeko. Argi dago bide hori erabilita euskarazko itzulpenaren egitura, estiloa eta diseinua gaztelaniazko testuaren mende geratzen direla.

Mendekotasun hori gainditzeko, Eusko Jaurlaritzak, ahal den neurrian, bi hizkuntzetan idatziko dela bermatuko du, zuzenean itzulpen- zerbitzuetara jo gabe. Bi hizkuntza-komunitateri informazioa ematea da, azken buruan, Eusko Jaurlaritzaren lana, eta, horretarako, ez da beharrezkoa zuzenean itzulpenetara jotzea beti: nahikoa da bakoitza bere aldetik idaztea, eta igorri beharreko mezua bi hizkuntzetan zabaltzea, mezuaren edukia errespetatuz betiere, baina estiloa hizkuntza bakoitzaren ezaugarrietara moldatuta.

Gizarte-sareak, Internet eta Intranet

Gizarte-sareetan, Interneten eta Intraneten Eusko Jaurlaritzaren titulartasuna duten edukiak euskaraz nahiz gaztelaniaz kontsultatu ahal izango dira oro har. Izenez eta izenburuez gain, pixkanaka-pixkanaka euskarazko edukiak ere areagotuko dira, sailetako erabilera-planetan ezarritako moduan.

Sailetako web-orrietan sailak berak sortu ez dituen edukiak gehitzen direnean (beste sail, instituzio edota enpresa batzuen materiala, esaterako), bi hizkuntzak era orekatuan agertu beharko dira; hau da, testuak sortzeko erabili diren hizkuntzen artean oreka egon beharko da, eta, bereziki, haien kalitatea bermatu beharko da.

Eusko Jaurlaritzaren blog eta foroetako hizkuntza-irizpideak

Eusko Jaurlaritzaren blogetan, aurreko atalean jaso diren Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Ofizialen Erabilerarako Irizpideak erabiliko dira. Edukiak EAEko bi hizkuntza ofizialetan (euskara eta gaztelania) argitaratuko dira osorik, bi bertsio bereizitan. Bi hizkuntzen kalitatea zainduko da. Iruzkinak bakoitzak nahi duen hizkuntzan egin daitezke, eta iruzkinaren hizkuntzari dagokion bertsioan argitaratuko dira.

Blogak administratzaile edo dinamizatzaile elebidun bat izango du; pertsona hori argitalpenaren erritmoa koordinatzeaz arduratuko da (kolaborazioak proposatuz), eta jatorrizkoak bi hizkuntza ofizialetan era orekatuan argitaratzen direla bermatu beharko du. Horrez gain, iruzkinetan interes orokorreko eztabaida edo gai bat sortzen bada hizkuntzetako batean, eduki berri bat sortuko da landutakoarekin beste hizkuntzan.

Gizarte-sareak oro har

Eusko Jaurlaritzaren gizarte-sareetan, aurreko atalean jaso diren Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Ofizialen Erabilerarako Irizpideak erabiliko dira. Edukiak EAEko bi hizkuntza ofizialetan (euskara eta gaztelania) argitaratuko dira. Sareek administratzaile elebidun bat edukiko dute, eta hizkuntzen kalitatea zaintzeaz arduratuko da pertsona hori.

Facebook eta Tuenti

Kontu bakar bat irekiko da, eta edukiak euskaraz nahiz gaztelaniaz argitaratuko dira. Edukiak sartzerakoan, euska-razko edukiari emango zaio lehentasuna. Lehenengo euskarazko edukia bistaratuko da, eta gero gaztelaniazkoa. Parte hartzen duten hizkuntzan erantzungo zaie erabiltzaileei. Argazki, etiketa eta bestelakoen iruzkinak bi hizkuntzetan egingo dira, lehenengo euskaraz eta gero gaztelaniaz.

Microblogging: Twitter

Kontu bakar bat irekiko da, eta edukiak euskaraz nahiz gaztelaniaz argitaratuko dira. Edukiak sartzerakoan, euska-razko edukiari emango zaio lehentasuna. Lehenengo euskarazko edukia bistaratuko da, eta gero gaztelaniazkoa. Horrez gain, ahal den guztietan, tuit bakar batean egingo da iruzkina bi hizkuntzetan, lehenengo euskaraz eta gero gaztelaniaz. Hashtagak, nomenklaturak edota avatarrak euskaraz izango dira nagusiki, motzak direlako, hizkuntza ikusten laguntzen dutelako eta ez dutelako mezua ulertzea oztopatzen.

Bideoak, argazkiak, geolokalizazioa eta markatzaile sozialak

Aurreko atalean jaso diren Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Ofizialen Erabilerarako Irizpideak erabiliko dira. Edukiak EAEko bi hizkuntza ofizialetan (euskara eta gaztelania) argitaratuko dira. Edukiak sartzerakoan, euskarazko edukiari emango zaio lehentasuna. Lehenengo euskarazko edukia bistaratuko da, eta gero gaztelaniazkoa.

(aurrerago txostenean...)

Hizkuntza-erabilerak

Edukiak euskaraz nahiz gaztelaniaz argitaratuko dira. Edukiak sartzerakoan, euskarazko edukiari emango zaio lehentasuna. Lehenengo euskarazko edukia bistaratuko da, eta gero gaztelaniazkoa. Parte hartzen duten hizkuntzan erantzungo zaie erabiltzaileei. Argazki, etiketa eta bestelakoen iruzkinak bi hizkuntzetan egingo dira, lehenengo euskaraz eta gero gaztelaniaz.

(...)(Twitterren) Beste tuit batzuei erantzuteko, jatorrizko tuitaren hizkuntza erabiliko da.

(...) Eusko Jaurlaritzaren blogetan, Gida honetako 3. kapituluan jaso diren Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Ofizialen Erabilerarako Irizpideak erabiliko dira. Edukiak EAEko bi hizkuntza ofizialetan (euskara eta gaztelania) argitaratuko dira osorik, bi bertsio bereizitan. Bi hizkuntzen kalitatea zainduko da. Iruzkinak bakoitzak nahi duen hizkuntzan egin daitezke, eta iruzkinaren hizkuntzari dagokion bertsioan argitaratuko dira.

Blogak administratzaile edo dinamizatzaile elebidun bat izango du; pertsona hori argitalpenaren erritmoa dinamizatzeaz arduratuko da (kolaborazioak proposatuz), eta jatorrizkoak bi hizkuntza ofizialetan era orekatuan argitaratzen direla bermatu beharko du. Horrez gain, iruzkinetan interes orokorreko eztabaida edo gai bat sortzen bada hizkuntzetako batean, eduki berri bat sortuko da landutakoarekin beste hizkuntzan. Edukiak beste hizkuntza batean ere jar daitezke, adibidez, ingelesez, baldin eta edukiaren izaera orokorrak hala eskatzen badu.

Erantzunak

Sustatu
2011-05-27 : 15:52

Bildumatxo bat ere aurkeztu dute gaur:


Sail eta ekimen bakoitzaren Twitter edo Facebook kontuak, blogak...


Unai
2011-06-28 : 11:22

Twitter kontu berri bat sortu dute Eusko Jaurlaritzan (http://twitter.com/#!/euskalmet) eta orain hilabete bat aurkeztu zituzten hizkuntza irizpideak ez dituzte betetzen.

Erantzun

Sartu