Teknofiloen albistegia
15

Akanpaden inguruko hausnarketak

Erabiltzailearen aurpegia
Ana Malagon, Pravda Txikia
2011-05-20 : 13:05

Halako herri beligerantea izanik euskalduna, zergatik ez du halako erantzuna izan Democaria real ya mugimienduak? Hainbat hausnarketa etortzen zaizkit gogora, okerrak, ziur, gehienak. Interesatzen bazaizkizu, ondo... Ana Malagon-en hausnarketak Pravda Txikian. Asteartekoa da mezua, baina balio duelakoan, copyleft-ari esker, Sustatun ere bai.

Madrileko Puerta del Soleko irudiak ikusi ditut Periodismo Humano-ren eskutik. 20.00ak pasatxo zirenean Donostiako Bulebardetik pasa naiz, ea zeozer bazegoen #acampadadonostia deiari erantzunez. 75 bat pertsona zeudela esan du norbaitek. Nik gutxixeago zirela esango nuke. Kazetari jantzi erdoildua jarri dut eta han esandakoa tuiteatzen jarri naiz. Kontatzearen plazerragatik.

Donostian biharko deia egin dute 20.00etan akanpatzeko (astearterako zen hau). 20 bat prest agertu dira. Permisoak eskatuko dituzte. Logistika pixkat bat eta jendea, batez ere, jendearen beharra sumatzen da. Bilbon ez zekiten gaur gauean 6 ala 10 izatera helduko ote ziren. Ea bihar Donostian zenbat biltzen diren Bulebarrean.
Halako herri beligerantea izanik euskalduna, zergatik ez du halako erantzuna izan Democaria real ya mugimienduak? Hainbat hausnarketa etortzen zaizkit gogora, okerrak, ziur, gehienak. Interesatzen bazaizkizu, ondo. Baina gehienbat, nik neuk ez ahazteko idazten ditut hemen.

Espainiarekiko desafekzioa (abertzalea izan ala ez): Espainiaren arazoak ez ditugu gureak ikusten. Gero eta urrutiagokoak suertatzen zaizkigu. Eta ez hori bakarrik, sorbaldaren gainetik begiratzeko kapazak gara sarritan. Bai arazoen iturria, bai arazo horiei eman nahi zaien erantzuna (berdin du hau nolakoa den). Niri behitzat, gertatzen zait.

Euskal Herrian hobeto bizi gara: Aurreko puntuarekin zerikusia du. Ez nuke ondo bizi garenik esango, baina datuek diotenez, krisiak ez digu hain gogor jo eta langabezia tasa ez da hain altua. Eta ez, espainolekiko solidaritatea eta elkartasuna ez da sekula euskaldunen puntu fuerteetako bat izan. :D

Sektarioak eta mesfidatiak gara: Herri hau askotan irten da kalera, hori onartu beharra dago. Eta Gorka Juliok esan didan bezala, arrazoi erradikalagoengatik ere. Onartu egingo dut hau ere. Baina ia beti korronte politiko eta sigla batzuen azpian. Ia beti alderdi jakin batzuek ala sindikatu jakin batzuek deiturik. Euskaldunak amorfotasunean gaizki moldatzen gara. Mesfidati egiten gaitu. “Hauek nire taldekoak dira ala ez?”, galdetzen diogu geure buruei. Eta zalantza izpi txikienaren argipean, etxean gelditu. Agian sektarioarena oso fuertea gelditu zait. Jar ezazu “partidista” horren ordez. Badakizu, noizean behin nire alde antialderdisistema ateratzen zaidala.

Zentrifugoa dena zentripetoa bilakatzen denean: Igandean Espainia osoko hiritan egon zen manifestazio deia. Donostiakoan nik espero nuena baino jende gehiago bildu zen (ez nuen inor espero, hori ere egia da). Baina mugimenduaren indar guztia Madril eta Bartzelonan elkartzen ari da (batez ere, lehenengoan), eta irakurri dut Granadan ere, Donostia eta Bilbon bezala, jende gutxi agertu dela. Bi hiri nagusiak puntxa irabazten doazen eran, atentzio fokoa eta ondorioz, mobilizazio gaitasuna murrizten doa beste hirietan. Joder, honek futboleko 1. maila dirudi.

Zer iruditzen zaidan niri Democracia real ya eta akanpaden kontu hau guztia? Nire zalantzak ditut, noski, edozeinek bezala. Badu puntu naïf bat. Badu “ea noiz etorriko den hau dena hondatzera” puntu bat ere. Badu “honen guztiaren atzean esku zitalen bat egongo da” puntua. Eta noski beti dago hor “honekin ez goaz inora” puntua. Baina denbora daramat erantzun baten eske, niretzat erabat suntsituta dagoen sistema baten aurrean. Eta hau zuzena, okerra, espainolena, gaztetxo inuxente batzuena, edo nahi duzuenena, baina erantzun bat da. Pataletaren eskubidea bermatu beharko luke Giza Eskubideen deklarazio orok.

Eta erantzuten duenari eta behingoz, aurpegia ematen duenari, nik ezin diot ezer leporatu. Are gutxiago gero eta deserosoagoa zaidan etxeko sofa hontantik. Gertutik ikusi nahi dut istorio txiki hau. Eta neure buruari bada ere, kontatu.


Jatorrizkoa: © copyleft: Ana Malagon, Pravda Txikia

Erantzunak

bordaberria
2011-05-20 : 14:56

Eta zenbat madrildarrak manifestatu dira ilegalizazioak direla eta, Bilbon egin ditugun hainbat manifestazioekin batera? zenbat elkartasun erakutsi digute demokraziaren izenean partiduak legezkanpo utzi, egunkariak itxi, torturak salatuz,... EHan aspaldi gaude mobilizatuta eta ongi da haiek ere pixka bat suspertzea, baina kontuz bere eskakizunen artean Estatuko boto guztiak berdin baliotzea lortzen badute, euskal abertzaletasuna ia desagertu egingo da Espainiako parlamentuan.

Horretarako, guri independentzia eman edo gure Nafar estataua berreskuratu eta betirako lagunak, zuek (espainolak) zuen aldetik eta gu gure bidetik.

Joxe Aranzabal
2011-05-20 : 14:59

Bat nator zurekin, Ana, gauza gehienetan. Izorratu egiten gaitu mugimendu hau Espainiatik etortzeak. Hala ere, hori ez da egia osoa. Aurretik Ipar Afrikan zabaldu zen antzeko haserrealdia (horrek ere ez du laguntzen gu erakartzeko) eta Frantziatik etorri zitzaigun Haserretu zaitezte Stephan Hesselen liburuska. Eta, harago joanez, baina ez askoz urrutiago, Wikileaks dugu, horrek agerian utzi baitzituen aurrez bagenekien gauza asko, sistemaren kaka.


Esango nuke motibo asko zegoela haserretzeko, eta hona uste baino beranduago iritsi zaigula haserrea (iritsi baldin bada), norabide askotatik, nahiz eta bulkada handiena hego aldetik iritsi den, askotan legez. Horregatik geratu gara hotz, ala, baita, gure ezkerreko korazaren azpian beste batzuk baino konformistagoak garelako?


ikasares
2011-05-20 : 15:57

Aupa! eskerrik asko Ana gaia mahairatzeagatik eta besteei parte hartzeagatik. Anak idatzitakoaz nire iritziak:

1. arrazoiarekin bat. Neuri ere kosta egiten zait, eta Bordaberriren arrazoiaren antzekoa etortzen zait. hala ere jarrera honek laguntzen ez digula uste dut. Zapaltzen gaituzten estatuetako jendearekin aliantzak eraiki behar ditugu geure askapenaren alde. Baina geureari, euskaldun izateari eta geure herri eskubideak aldarrikatzeari uko egin gabe, noski.

2.arekin ez. Lapurreta ekonomikoa EHn ere bada nabarmena (nire herrian, Santurtzin, langabezia %20 baino gehiago, esaterako), eskubide sozialen gainbehera berdintasu, eta gainera, euskaldun gisa zapalkuntza erantsi behar.

3.arekin ere bat, gehienean.

4.az ez jakin/ez erantzun.

Dena dela, niri etortzen zaidan beste gauza bat da, EHn jende gutxitxo mobilizatu ei bada ere, honetan ere espainiari begira hainbat eta hainbat, geure bidea jorratu ezinean edo nahi barik. Herri zapalduaren konplexua, gutxiagotasun-konplexua alegia.

laino
2011-05-20 : 16:06

Ondo dago gure burua psikoanalizatzea, baina euskaldunok egiten duguna edo egiten ez duguna aztertzeko etengabe halako ariketa psikoanalitikoak egitea patologiatik hurbil samar dagoela iruditzen zait.



Nik ere bi iritzi daukat azaltzeko zergatik “Democracia Real Ya”-k ez duen hainbeste arrakasta izaten ari Hego Euskal Herrian.



1-Euskal Herrian hamarkadak daramatzagu benetako demokrazia eskatzen, eta baita larrutik ordaintzen ere atrebentzia hori. Nahiz eta akats eta hutsuneak izan erresistentzia eta borrokaren dinamikak nahiko zabalduta egon dira gure artean; arlo askotan.



Beraz, “Democracia Real Ya” Euskal Herritik ikusita, nire ustez, ustekabe pozgarria izatetik ez da pasatzen. Atsegin eta interesgarria, baina oraindik zertarako den gauza ikusi beharrekoa.





2-“Democracia Real Ya”-ren aldarrikapenak bidezkoa eta aurrerakoiak dira, ene ustez, baina bitxiak dira aurkitu ditudan hutsuneak.



Agian oker nago, horrela balitz, zuzendu mesedez; baina eskatzen dituzte lege aldaketen artean ez dago “Alderdien Legea” bertan bera uztea, edota autodeterminazio eskubidea aldarrikatzea, edo Errepublika (Espainiakoa, noski) eskatzea. Eta azken puntu honekin lotuta ¿nola da posiblea “benetako demokrazia” monarkia batekin?



Espainian sortu den mugimendu honi hoberena opa diot, baina Euskal Herrian gure bidea egiten ari gara aspalditik. Ongi etorri berriei eta bidean aurkituko gara.

Furunda
2011-05-20 : 18:08

A ze poza badatorrela ikusteak!



Badator iraultza eta ez aterik itxi! Ikusten zen: Wikileaks, arabiarren mugidak, Sinde legearen aurkakoak, Indignez-vous aldarria, eta orain M-15. Ez du inporta noiz lehertuko den, baina ez izan zalantzarik eztanda egingo duela. Iraultza guztiek izan dituzte hasierako mugimendu zalantzati eta porrotera kondenatuak: Frantziako eta Errusiako iraultzek (ez al duzue "Zivago doktorea" ikusi?), 68ko maiatzak, herrialde arabiarren matxinadek...



Ez dutela programarik! Besterik ez genuen behar! Baina, hau zer da ordea, matxinada edo prozesu elektorala? Sentimenduek eta idealek mugitzen dituzte, gero gerokoak.



Zergatik ez dugun euskaldunok bat egin? Garai txarrean harrapatu gaituelako, zalantzarik gabe! Kontrapausoan. Nekatuta. Garai bat, borroka armatuaren denbora (edo borrokaren denbora?) ixten harrapatu gaitu. Prozesu batean, baketze prozesu baten erdi-erdian harrapatu gaitu. Hitz egiteko garaian eta diskrezioaren garaian harrapatu gaitu. Lotsariak (urte askoan) ezkutatzeko garaian ere bai.



Penagarria alderdi abertzale ezkertiarren erantzuna: beraientzako botoa eskatu, kalera ateratzeko deia egin ordez. Nora goaz hauekin?



Oharra: txit gomendagarria J.L. Sampedroren elkarrizketa. Ez dakit non ikusi nuen ziur, baina Puerta del Sol TV-n daukazue.

ni
2011-05-20 : 18:35



beno, zure hausnarketak harturik nire iritzia:

1.-Arazoa ez da españarena (ñ-ez). arazo hau handiagoa da, orokorragoa. badira demokratikak direla esan eta egiten ez duten hainbat arazo dmokratiko, ez naiz luzatuko, hainbat adibidde daude. bestalde, esan, euskaldun batzuk bai egiten ditugula gureak ere orohar dauden arazoak. baliteke, beraz, identiate arazoak dituztenek, eta hortarako behin eta berriz soilik beraien burua begiratzen dutenek izatea espainiar, frantziar, edota portugalek arazoekin ez identifikatzea.

2.-euskalerrain hobeto bizi gara hura, baita entzun dut finlandian. arazo ikusgarria da langabezia. baina badira arazo gehiago langabeziatik harago. adibidez,nola erabakitzen den herri baten politika partido eskuindr batekin eta fronterak itxi, nahiz inmigrazio laguntzak murrizten, (finlandian kasu).

3.-españa etiketaren mesfidati ugari dago. eta beno, beste herri batek ideia on bat badu zergatik ez jarraitu? berdia izango zen iraultza hau belgikan sortuez gero?? edo frantzian??. nik uste españa etiktarkin oraindik mesfidati jartzen garela, eta guer aurreiritzi gztiak akitbatzn direla.

4.-iraultza, iraultza bihurtzeko leku batetan sinbolizatu behar da. begira gernika adibidez.



nire iritzia: politka herrira gerturatu nahi dut. eta herrian jndea gerturatzen bada hitzegitera, hori da politika. eta gainera gure euskalerriaren kasuan zerbait terapeutikoa da. elkartu plazan, pentssamolde ezbrdinak, eta "jolas arau" berrak proposat politikarako. eta ez dadila izan alderantziz!!



on egin!

Iban Zaldua
2011-05-20 : 19:21

Niri asko gustatu zait Ana Malagonen testua, eta bat nator aurkezten dituen hausnarketa eta zalantza askorekin. Irudipena daukat euskal herritarrok (euskal herritar batzuk) harroegi gaudela gure ustezko iraultzailetasunaz, eta errazegi onartzen dugula abertzale = ezkertiar ekuazioa (nire susmoa da independentzia lortu eta biharamunean bat baino gehiago harrituko litzatekeela Euskal Herria zein eskuindarra den konprobatzean...).


Enfin, ni, behintzat, ez naiz gai sentitzen akanpadak batzuek egin duten bezala deskalifikatzeko edo gutxiesteko. Badaezpada ere.


Luistxo Fernandez
2011-05-21 : 11:41

Ni ere bat nator oro har Anarekin, uste dut fin idatzi duela. Twitterren mehatxu egin du bigarren parte bat idatziko ote duen. Zain gaude.


Nik badut espainolekin halako uzkurtasun bat, Black Panther jarrera bat... The white man will never be your friend, brother. Bart iluntzean Bulebarreko #AcampadaDonostia horretan ikusitako hizkuntza portaerak ere esperantza gutxi.


Baina tira, politika gogoan mugitzen hasi direnei ez diet geldi egoteko esango. Eta ahal bada lagundu, kasu honetan aukeratxo bat zabaldu da...


Izatez, gaur arratsalderako Bulebarrean pare bat jarduera deitu dituzte:


  • 16.00etan, kultura trukatzeko saioa. "Eraman pendrivea!", diote #kultura! #p2p!

  • 17.00etan, umeentzako jarduera edo tailerrak.


Tira, ba lehen saiorako ni disko gogorrarekin joango naiz, eta Azpitituluak.com gunean kargatu diren film askorekin joango naiz, filmak eta azpitituluak, denak prest. Inor gerturatzen bada, azpitituluen mania honetaz ere berba egingo dugu.


Ondorengo haur jardueren inguruan, ez naiz asko fio ea euskaraz izango diren, baina tira, inork familian etorri nahi badu, aukera. Film politak baditut batzuk umeentzako modukoak nire bilduman euskaraz azpidatzita.


Amaitzeko gaurkoz, ohartxo bat: flipantea iruditzen zait nola batzuek politika berritzaileaz diskurtsoak ematen ausartzen diren ni sinatuta.


A. Lizeaga
2011-05-21 : 11:47

Oso eztabaida interesgarria. Euskal herritarrak hotz edo epel aritu garen?

Uste dut hemen bakoitzak baduela bere "parrokia" eta etorkizunerako zer norabide politiko nahi duen argi duela gutxi gora behera (aldaketazaleak (abertzaleak orohar)eta gauzak bere horretan segitzea nahi dutenak).

Hori ez da gertatzen espainiarren artean. Zertan amets dezake egoeraz nazkatuta dagoen espainiar batek?

Niri erantzun bakarra datorkit burura.

Agian, akanpaden mugimenduak hauteskundeen mugarria gainditu eta jarraitzen badu arestian Iainok gainetik aipatu duen Errepublika baten aldarrikapenak benetako indarra hartuko du.

Ikusiko.

Sustatu
2011-05-21 : 12:10

Blog honetan ere eman du eztabaidarako kontuak.


Laino
2011-05-21 : 12:26

Esanguratsua da eztabaida batzuk nola errepikatzen diren. Orain berriro "Spanishrevolution" ala "basquerevolution" izan behar duen. Espainiako Errepublika ala Euskal Herriko Errepublikaren alde borrokatu behar dugun. XX. mendeko 50-60-70 hamarkadetan lez.



Beste aldetik euskaldun batzuentzat badirudi maiatzaren 15ean hasi dela sistema honen aurkako dinamika eta aldarrikapenak, edota "iraultza"; eta beste euskaldun batzuei leporatzen dutenaren txanponaren beste aldea adierazten dute: herri honetan sektore ugari oraino egindakoa mespretxatu eta gutxietsi. Madril da gure iparra orain eta ez Euskal Herrian abian dauden dinamika eta aldarrikapen propioak. Hori ere psikoanalizatu dezakete bestekin egitea gustuko dutenek.



Badago ere gure "erantzun falta" galdutako borroka luze baten ondorioz sortutako nekeari eta borroka egiteko gogo ezari leporatzen diona. Oroimen gutxi, alafede, aurreko asteotan bizi izan duguna ahaztutzeko.



Edonola ere, azterketak azterketak dira, eta errealitateak bere bidea egingo du gure burutazio argiei kasu handirik egin gabe. Euskal Herrian azken hamarkadetan eta gaur arte sistema bidegabe eta zapaltzaile honen aurka borrokan jarraitu dutenek jarraituko dute ildo berean. Espainian subjetu borrokalari berri bat sortzen eta egonkortzen bada eta benetako demokraziaren alde aritzen bada bidaideak iazngo gara, zalantzarik gabe.



Baina gurea "basquerevolution".



U_
2011-05-21 : 13:22

Zorionak Ana gaia plazaratzearren.



Laino, zurekin erabat ados.

bananio
2011-05-21 : 14:08

Egia da hemen aipatu den guztia.Neu ere mesfidati agertu naiz kontu honekin. Hala ere, kontzientziak esaten zidan bertan egon behar nuela eta hala egin dut asteartetik aurrera.Egia bada sozialdemokrazia kutsua dariola, baina oinarrian dituen ideiak ez dira batere txarrak eta globalizazioarekin edota bolognakoarekin gertatu zen bezala, diskurtsoaren zati bat geratuko delakoan nago. Eta hpri beti da positiboa.

Hori bai, ezin konparatu (aurretik esan duzuen legez) bartzelona eta madrilekoa.Irakurri al dituzue batzelonakoek atera zuten manifestua?zerikusirik ez madrilekoarekin.Beste traza bat du.

Bilbokoa #spanishrevolution izatea eta ez #basquerevolution, euskaldun abertzale asko eta askoren errua baino ez da. hasieratik honetan sinistu izan bagenu,bestelako itxura izan zezakeen.Baina euskaldunok beti bezala, gure zilborrari so eta aurrea hartu digute,beste behin.

Hemengo kontuekiko espainakoen elkartasun ezaren argudioa,benetan umekeria iruditzen zait.

Badago EHn mugimendu sozial asko eta akanpadetako jende askok eta askok bukatuko du horietan parte hartzen. Ez dutela egingo ezker abertzalean parte hartuko?ezker abertzalearen errua baino ez da izango,ez haiena.

Sustatu
2011-05-21 : 17:24

Bigarren parte bat argitaratu du Ana Malagonek Pravda Txikian. Beste hausnarketa sakon eta interesgarri bat, Donostiako #acampadaDonostia horren harira, Gorka Julio Teketenek idatzia.


bordaberria
2011-05-22 : 11:12

Gaurko (maiatzak 22) Sol enparantzan jarraitu ala ez eztabaidatuko da, seguraski jarraitzea erabakiko da, baina gaur gabaz gauzak aldatzen joango dira:

-hauteskunde emaitzak jakin eta gero, batzuentzako ahaleginaren gogoa kenduko zaie eta helburuak betetzat (hauteskundetan astindu ezkertiar bat egitea) hartuko dute

- asko azpertuko dira eta interesa gutxiko zaie are gehiago Medioak beste "foko" batzuetarako bideratuko dutelako informazioa: emaitzak, paktoak, krisia,...

-poliziak lanean hasiko dira, "biolento" batzuk berriro martxan jarriko direlako, infiltratuez ari naiz 15Mko argakietan agertu zen moduan.

- beste askok, internetz batez ere, lanean jarraituko dute orain arte egin duten bezala, eta ideia interesgarriak ekoizten jarraituko dute baina publikoaren"lehio" estu bat- aknapdako kideen arteko ezberdintasunak eta banaketan handiagotuko dira, ez dute berdin esaten Madrilekoak eta Bartzelonakoak adibidez, baina "batasuna" hautsi egingo da eta askok horretan laguntza ikaragarria emango dute.

ekin.

- EHan jarrituko dugu, 40.000 lagun politikoki hildakoekin, gure preso eta erbesteratuekin, gobernu kolonialarekin,...eta melankolia seinuekin, amesten ai spanish iraultzaile hoietako egunetan ze egun politak pasatu genituen, Pariseko 68 maiatzan bezala.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu