Teknologia albisteak
1

Eskaera hautagaiei: mesedez, egin balorazioak tokiko datuak eskuan hartuta

Erabiltzailearen aurpegia
Josu Mendicute
2011-05-19 : 11:05

Harro agertu zen Laura Garrido (PPk ETBko eta Euskadi Irratiko enparauetara bidaltzen duen ordezkaria) igande gauean ETB1ean egindako eztabaidan Espainiako gaur egungo langabezia tasa eta 2004koa konparatu zituenean. Gipuzkoako hautagaien arteko eztabaida zen. Eta Gipuzkoako langabezia tasa, gaur, Espainiako 2004koa baino baxuagoa da.

Xabier Euzkitzek aurkeztutako saioan Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izateko hautagai abertzaleek parte hartu zuten (EAJko Markel Olanok, Bilduko Martin Garitanok eta Aralarreko Rebeka Uberak) eta abertzaleak ez diren alderdietan euskaraz dakiten ordezkari batzuek: PSEko Eneko Andueza, PPko Laura Garrido, Ezker Batuako Mikel Izagirre.

Mapa hori ikusita, etsigarria da hautagai guztiak bertan ez izatea eta, Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako hautagai guztiak aurrez aurre ikusteko, gaztelaniazko ETB2ra joan beharra. Oraindik ere abertzaleak ez diren alderdiek hautagai erdaldunak aurkezten dituzte. Eta ez naiz euskaraz dakiten ordezkari horien hizkuntz gaitasuna baloratzen hasiko, egin dezala nahi duenak iruzkin batean.

Baina hautagai euskaldunen eztabaida -bide batez, berria ez dena- alde batera utzita (momentuz), hautagaiei eskatzen diet tokian tokiko datuak erabili ditzatela. Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari ez diot eskatzen Espainiako langabezia konpontzea, baizik eta Gipuzkoakoa. Nire Alkateari ez diot eskatzen alboko herrian parke bat egitea, baizik eta nire herrian.

Ba, Laura Garrido PPko ordezkariak Espainiako ekonomiaren zenbait datu krudel bota zituen igandekoan:

  • 5 milioi langabetu.
  • %22ko langabezia.

Eta Garridok harro gogoratu zuen ez zela hori 2004an, Rodriguez Zapaterok gobernua eskuratu zuenean, alderdi popularrak utzitako egoera:

Hemen badakizu nola zegoen langabeziaren tasa Alderdi Popularrak gobernua utzi zuenean, %11an zegoen, eta nola dagoen orain: %22an dago.

Ez dut esango Espainiako egoera ekonomikoa aipatu behar ez dutenik. Baina alkategaiek eta Aldundirako hautagaiek eskaini behar dizkiote konponbideak bere udalerri eta lurraldeen arazoei. Laura Garridori gustatu edo ez, Gipuzkoak arazo handi asko ditu; besteak beste langabezia, ez txikia: %8,9a. 44.000 pertsona, alegia; baina Espainiaren %22 horrek erakusten duen errealitatetik urrun xamar dagoena. Eta Gipuzkoan aurkezten diren alderdiek horri eman behar diote erantzuna, alderdi bakoitzak berea.

Erantzunak

Aizkorrondotik
2011-05-25 : 21:55

Laura Garridok duen ezagutza maila ekonomiari dagokionez oso txikia da. Nere lagun batek dioen bezala: "Ez dek enteatzen!" Berriz diot, gu gobernatzen gaituen (bai, "gobernatu" diot, ia artaldeak baiginan hartzen gaituzte-eta) politikari batek oinarrizko kontu batean, hau da Ekonomiaz, hain gutxi jakitea, marka da gero! Hori bai, negozio handi baterako, esaterako AHTrako, euro kopuruak kalkulatu behar direnean, orduantxe enteratzen dira zeozer Laura eta bere sokakoak direnak, "inbertsio" handi horietatik jaso litezkeen "eskupekoak" ere handiak direlako.

Erantzun

Sartu