Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskarari buruzko datuak eta datuon aurreko erreakzio falta harrigarria

Aurreko asteburuan, EAEko 2010eko Euskal Iritzi Publikoaren Urtekaria argitaratu zelako berria ikusi nuen hainbat komunikabidetan, bai eta larritu ere, azpimarratzen ziren datuez. Niri beldurgarriak iruditzen zaizkit, baina agian nire paranoiak baino ez dira izango. Honatx bakan batzuk.

Internet bidez argitalpena eskuratu (pdf) eta aztertuta, prentsak nabarmentzen zituen datuak, Urtekaritik okerrik gabe jasota zeudela egiaztatu ahal izan nuen. Hiru egunez zain egon naiz euskarazko foro honetan datuon aipamenik aurkituko ote nuen, hizkuntz politika edo euskalgintza ogibide duten edo izan dutenen aldetik. Alferrik. Niri beldurgarriak iruditzen zaizkit, baina agian nire paranoiak baino ez dira izango. Honatx bakan batzuk:

  • Euskaraz ongi egiten dutenen artean (oso ongi + nahiko ongi, biak batuta), heren batek baino ez du euskaraz egiten nagusiki, etxekoekin edo lantokian. Lagunartean berriz, hori baino okerrago: laurden batek baino ez.
  • Euskaraz jakiteak gaur egun lan aukerak ugaltzen dituela uste dutenak %85 dira, baina euskaraz jakiteak gaur egun prestigioa ematen duela uste dutenak %45 baino ez. Eta eskerrak "euskara jakiteaz" galdetu duten eta ez "euskaraz jarduteaz", ez baitakit zer atera zitekeen eta orduan.

Iruzkinen zain egon naizen egun hauetan zera baino ez dut topatu: Miren Azkarate sailburu ohiaren artikulu bat gaur egun sozialistek EITBn zeinen gaizki egiten ari diren kritikatuz, eta Kontseiluaren beste bat, euskaldunek euskaraz bizitzeko duten gogoa goraka nola doan azpimarratuz, hainbat aldarrikapen eta manifestazio jendetsu igargarri. Berjondaiela!

Itsu sinesten dudan gauza bakarretako bat zera da, alegia, ereiten den gauza bera biltzen dela. Hortxe dugu gure uzta. Gustuko duenak segi dezala hazi bera ereiten. Eta ez duenak, eragin dezala, nork bere neurrian eta inguruan bestelako hazia ereiten hasteko, garaiz den artean. Eta gogoan hartu beti ez dela garaiz izango. Noiz arte ez dakit, baina beti ez.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu