Teknologia albisteak
2

Herritarren euskaraz bizitzeko nahia indartuz doa

Erabiltzailearen aurpegia
Kontseilua
2011-05-10 : 18:05

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hizkuntza-politikari buruzko urtekaria aurkeztu du Bilbon. Lehen aldia da Kontseiluak lan hau egiten duena. Urtekariarekin batera, hizkuntza-politikaz sortu duen bloga (www.kontseilua.org/hizkuntzapolitika) ere aurkeztu du Kontseiluak. Ondorioen beri eman du Paul Bilbao idazkari nagusiak: "Administrazioen jardunari dagokionez, nabaria da ez dituztela euskararen normalizazioari dagokionez beharrekoak diren urratsak eman. Are gehiago, zenbait kasutan atzerapausotzat har daitezkeen neurriak hartu direla ere esan dezakegu, normalizazio prozesua are gehiago geldotzen duten neurriak, hain zuzen ere".

Hezkuntza alorrean, administrazio publikoan, alor sozio-ekonomikoan, helduen euskalduntzean, hedabideen alorrean... Euskararen normalizazioak hizkuntza-politika eraginkortu eta azkartzea eskatzen duen testuinguruan Administrazio ezberdinek ez dute aurrerapausoak ematearen aldeko apustua egin Bilbaok azaldu duenez. "Eta zenbait kasutan gainera atzera egin da. Atzera diogu, bi arrazoi desberdinengatik; alde batetik, neurririk hartu ez den kasuetan, honen ondorioz egoera betikotu egiten delako, baina are larriagoa dena, kasu batzuetan administrazio batzuek atzera egin dute" esan du idazkari nagusiak.

Administrazioen jarrerarekin alderatuz, berriz, herritarrek agertutakoa oso bestelakoa izan dela esan du Bilbaok; "herritarrek euskaraz bizitzeko beren borondatea inoiz baino argiago eta indartsuago erakutsi dutelako. Eskerrak, beste behin ere, errealitate latz honen aurrean herritarrek indar berriz ekin dioten euskararen aldeko aldarrikapenari. Are gehiago, herritarren aldetik nolabaiteko jarrera aldaketa bat gertatzen ari dela esan daiteke. Horren lekuko, 2009 bukaeran Ipar Euskal Herrian egindako Deiadarra eta 2010eko maiatzean Nafarroan egindako manifestazio erraldoia aipatu ditu Kontseiluko idazkari nagusiak.. Hori da iaz hizkuntza-politikarekin lotutako neurri, adierazpen edota gertakari garrantzitsuenak aztertu ondoren ondorioztatzen dena".

Alorrez alor aztertu du Kontseiluak 2010eko hizkuntza-politika. Hezkuntzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren hiru eleko esperientzia aipatu du Bilbaok, "Hezkuntza sailak, urte hauetan guztietako esperientziak erakutsitakoari muzin egin dio eta esperimentazioari heldu dio, esperientzia pilotuak ezarriz". Nafarroako TIL ereduaren kasua aipatu du Bilbaok, zeinaren bitartez ingelesaren irakaskuntza euskararen gainetik jartzen den. "Ipar Euskal Herrian, oraindik ez da belaunaldi berriak osorik euskalduntzea ahalbidetuko duen politikarik abian jarri eta Administrazioak euskarazko ereduen beharrei entzungor egiten jarraitzen du", esan du Bilbaok.

Administrazioaren euskalduntzeari dagokionez, EAEn "administrazioaren euskalduntzea eragozten edo galgatzen duten elementuek indarrean darraite eta zenbait kasutan atzerapausoak ere eman dira", azaldu du Bilbaok eta horren adibide 2010ean egindako lan deialdi ezberdinak aipatu ditu. Nafarroako Foru Komunitatean, administrazioa euskalduntzeko plangintzarik ez dagoela aipatu du Kontseiluko idazkari nagusiak, halaber, "Nafarroako Administrazioan lan egiteko euskararen ezagutzari ematen zaion balorazio eskasari muzin egin zion Gobernuak hainbat lan deialditan". Ipar Euskal Herriari dagokionez, zenbait herriko etxek langileak euskalduntzeko eta zerbitzu batzuk euskaraz emateko ahalegina egiten jarraitu bazuten ere, beste urte bat pasa da Administrazio publikoa euskalduntzeko plangintza orokor eta koherenterik gabe.

Alor sozioekonomikoan Kontseiluari kezka bizia sortu dion aldaketa ezagutu dela aipatu du Bilbaok, "kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzeko dekretuan funtsezko aldaketa bat gertatu da. Aldaketa horren arabera, aurreikusitako zehapenak ez dira aplikatuko; eta beraz, herritarren eskubideak enpresen borondatearen menpe geratuko dira", esan du. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, beste urte batez ez dago alor sozioekonomikoan, euskararen normalizazioa lortzeko inolako arau, plangintza edota egitasmo instituzionalik eta ondorioz lan-munduan euskararen presentzia enpresa eta langileen borondatearen araberakoa da.

Helduen euskalduntzearen alorrari dagokionez, Nafarroan bereziki larri da egoera, beste gauza batzuen artean Gobernuak diru-laguntzak aski-ezak direlako. EAEn ere murrizketak eman dira 2010ean. Ipar Euskal Herrian berriz, EEPren iazko diru-laguntza banaketak egonkortasuna eskaini zion sektoreari, hala ere, begi bistakoa da Ipar Euskal Herrian helduen euskalduntzea hedatzeko baliabide gehiago beharko dela.

Hedabideen sektorean, LTDaren sorrerak, erdarazko kateen ugaltzea ekarri du eta euskarazkoek betiko kopuruetan jarraitu dute EAEn. Nafarroan egoera bereziki kezkagarria da, Bilbaok esan duenez, izan ere, "Lurreko Telebista Digitalaren esleipenean kuota-sistemarik ez jartzeaz gain, tokian tokiko euskarazko hedabideek izugarrizko diru murrizketak izan zituzten 2009. urtean eta horrek zenbait hedabide ixtea edota murriztea ekarri zuen. Bestalde, digitalizazioak ekarri duen sistema aldaketaren eraginez, ez dago LTD bidez euskarazko ETB1 eta ETB3 ikusteko aukerarik eta lehenagoko sistema zaharraren bidez soilik ETB1 ikus daiteke. Era berean, gogoratu behar dugu Euskalerria irratiak, oraindik ere, ez duela emititzeko baimenik". Ipar Euskal Herrian kuota sistemarik ezarri gabe jarraitzen dute eta hedabide euskaldunak sustatzeko politika EEPren diru-laguntzetara mugatu da.

Hizkuntza bat normalizatzeko diru baliabideak behar dira, ugariak eta ongi inbertitutakoak. Krisiaren aitzakia baliatuta, instituzio desberdinek euskarari edota Euskalgintzari esleitutako diru-bitartekoak nabarmen txikitu dituzte. Aldiz, arrazoi berberarengatik, krisiarengatik alegia, beste sektore batzuetan diru inbertsioak handitu egin dira, sektorea indartu eta krisitik lehenago ateratzeko helburuz (kotxegintzan edo elektrotresnagintzan esate baterako). Adibidez, "Eusko Jaurlaritza: %3,13ko jaitsierak izan zituzten diru-laguntza programek. Nafarroako Gobernuan Euskalgintzak jasotzen duen diru-kopuruak ia %25 egin zuen behera. Ipar Euskal Herria salbuespena izan zen. Ez zen diru-murrizketarik egon, baina, era berean, esan behar da oraindik ere EEPren diru baliabideak aski-ezak direla euskararen normalizazioak Ipar Euskal Herrian dituen beharrak asetzeko", esan du Bilbaok.

Euskararen estatusari dagokionez, EAEn ez du inolako aldaketarik izan. Nafarroan beste hainbeste gertatzen da, baina arazoa areagotzen da Vascuencearen Legeak zonalde ez euskaldun eta misto bezala definitzen dituen horietan euskara ez delako ofiziala. Ipar Euskal Herrian, frantsesak Frantziako hizkuntza ofizial bakarra izaten jarraitzen du konstituzioaren aginduz eta 2008.eko konstituzio aldaketak ez du ondoriorik izan euskararen estatusean.

Urtekaria egitearen erabakiaren nondik norakoak azaldu ditu Ildo politiko-instituzionaleko arduradun Iñaki Lasak. "Hizkuntzen normalizazioa prozesu luze eta konplexua den heinean, ezinbestekoa da unean uneko azterketa gainditu eta hizkuntza-politiken jarraipen iraunkorra egitea. Aurrerantzean urtero egingo dugun urtekari hau helburu horrekin egin dugu. Euskalgintzaren esku jartzen dugun bitarteko berri bat da, azken urte hauetan Kontseiluak sortutako Udalen hizkuntza-politiken neurketa edota Hizkuntza-politika orokorren azterketa bezalako tresnen osagarri izan nahi duena".

Hizkuntza-politikarekin lotutako gertakari garrantzitsuenak idazki bakar batean eta kronologikoki ordenaturik biltzeak, besteak beste, Administrazio ezberdinak garatzen ari diren politiken norabidea argiago ikustea ahalbidetzen duela azaldu du Lasak.

Urtekaria eta baita honen oinarri diren hizkuntza-politikari buruzko aldizkariak, bi hilabetean behin argitaratuko direnak, formatu digitalean egingo direla azaldu du Saioa Rodriguez komunikazio arduradunak. "Hizkuntza-politikari buruzko informazioa biltzea helburu duen bloga ere sortu du Kontseiluak, www.kontseilua.org/hizkuntzapolitika domeinuan. Bertan, ildo honetako albisteak jasoko dira batetik, Kontseiluak egiten dituen lanak, aldizkaria kasu eta baita hizkuntza-politikak hobetzeko Kontseiluak egiten dituen proposamenak ere". Izan ere Rodriguezek azaldu duenez, Kontseiluak ez du kritika soilik egiten, dauden hutsuneak gainditzeko proposamenak eskaintzen ditu. Bestalde, urtekaria eragile sozial eta politikoei helaraziko die Kontseiluak, komunikazio arduradunak esan duenez.

Hauteskunde garaian bete-betean gauden une honetan, deialdi bat ere egin du Kontseiluak. "Alderdi politikoei, hizkuntza-politikaz egindako azterketa aintzat hartzea eta hurrengo legegintzaldian hau errotik aldatzeko neurriak har ditzaten eskatu nahi die Kontseiluak", esan du Bilbaok. Kontseiluak badu hizkuntza politika eragingarria egiteko proposamena eta hori guztion eskura jarri du Kontseiluak. Herritarroi, bestalde, euskaraz bizitzeko egin duten hautuarekin aurrera egin dezaten eta une zehatz honetan, euren bozka erabakitzeko orduan hori kontuan izan dezaten eskatu die.

Erantzunak

Kontseilua
2011-05-11 : 12:03

Kontseiluaren beste azterketa bat: Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak udaletan garatzen diren hizkuntza-politikak neurtu ditu, herritarrengan duten eragina handia delako. 2010ean 116 herritan egin da bigarren neurketa, ziklo politiko oso bat iragan denean, hain zuzen ere, eta honen bidez Euskal Herri osoan 2.410.450 biztanlerengan eragina duten hizkuntza-politiken azterketa jaso da.


Ondorio nagusiak:


  • Gipuzkoak erdiesten ditu hizkuntza-politikarik egokienak, eta normalizazio prozesuan trakzio lana egitea dagokio.

  • Normalizazio funtzionala gaindituta normalizazio geografikoan aurrera egiteko arnasguneen artean sinergiak sortzea gakoa da.

Gipuzkoan ondorioa argia dela azaldu du Paul Bilbaok, Kontseiluko Idazkari Nagusiak Donostian egin den aurkezpen ekitaldian, "Gipuzkoan metatzen dira hizkuntza-politikarik egokienak, normalizazio prozesuan trakzio lana egitea dagokio beraz". Euskararen normalizazioa bideratzeko hizkuntza-politika egokia 7tik gorako notak definitzen duela adierazi dute hizlariek. Izan ere puntuazio horrek euskara lehenesten dela adierazten du eta minorizatua den hizkuntza normalizatzeko diskriminazio positiboa beharrezkoa den heinean, 7tik gorako notak dira behar direnak. "Zentzu honetan Gipuzkoan aztertutako 39 herritik 29 ari dira hizkuntza-politika egokiak garatzen.


Hauen artean guztiek ere %70eko ezagutza gainditzen dute eta Anoetak du Gipuzkoako notarik altuena eta Euskal Herriko bigarren puntuaziorik altuena 9,33ko notarekin. Bilbaok argi hitz egin du: "euskararen normalizazio prozesua Euskal Herri osoan modu koordinatuan garatu beharrekoa da, bakoitzak duen errealitatetik abiatuta. Gipuzkoari, zentzu honetan, trakzio lan garrantzitsua egitea dagokio. Bihar Tafallan zerbitzuak euskaraz izan daitezen, gaur Anoetan lan munduan euskarak egoera normalizatua erdiestea beharrezkoa da. Normalizazioak aurrerabide funtzionala eta geografikoa behar ditu: alegia, nork bere herrian erabilera funtzional guztiak erdiesteko lan egiteaz gain, geografikoki inguruko espazioetara hedatzea ere klabea da. Usurbilek Lasarte-Oria irabazi beharra du zentzu honetan.


Helburu honetarako arnasgune diren herrien arteko sinergiak sortzea estrategikoa da. Zentzu honetan, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak betetzen duen funtzioa azpimarragarria da. Bada, aztertutako herrien artean 33k gainditzen du %70eko ezagutza tasa eta horietatik 12 baino ez dago UEMAn sartuta. Trakzio lana modu antolatuan egingo duen arnasguneen taldea handitzera jo behar da".


Euskal Herri osoko herriak kontuan hartuz neurketak eman duen ondorio nagusietako bati erreferentzia egin dio Paul Bilbaok Gipuzkoan ezagutza tasa baxuagoa duten herrietako hizkuntza-politiken nondik norakoak azaltzean: "ezagutza tasari erantzuten dioten hizkuntza-politikak garatzen dira. Herritar guztiok gara hizkuntza-eskubideen jabe. Bizi garen herriak duen ezagutza tasaren arabera eskubideak aitortzea etikoki eta politikoki zitala da.


EAEra etorriz, Euskararen legeak herritar orori euskaraz aritzeko duen eskubidea aitortzen badio ere, lege horren garapenerako plangintzetan lanpostuen Hizkuntza Eskakizunen kopuru minimoak herritarren ezagutza tasaren arabera definitzen dira, esate baterako. Hori gauzatzera jotzen dute Udal gehienek eta ondorioz zonifikazio estali bati erantzuten diote hizkuntza-politikek. Bestalde, egun dagoen errealitate demolinguistikoari erantzuten dioten politikak direla esan dugu eta euskararen normalizazioak hizkuntza-politika eraldatzaileak behar ditu, diglosia gainditu eta egoera iraultzera joko dutenak".


Donostiako Udalari dagokionez, 4 urte hauetan hizkuntza-politikan aurrera egin dela adierazi dute Kontseiluko ordezkariek. "2006an 5,38ko nota izatetik 2010ean 6,46 izatera pasa da. Hiriburuen artean hizkuntza-politika egokiak definitzen dituen mailara iristeko gertuen dagoena da. Hobetzeko bidea badu oraindik, ordea. Nagusiki laguntza bidezko politika du eta hizkuntza-eskubideen bermerako erabaki mailako neurriak ez ditu maila berean garatzen. Bestalde, hizkuntzaren trataera kasurik onenean orekazkoa da eta ez da euskararen aldeko diskriminazio positiborik egiten.


Bi ezaugarri nagusi hauetan aldaketak ematea da aurrera egiteko modua", adierazi du Indak. "Aurrerapauso handiena langile guztiak erabilera planetan sartzean ikus dezakegu, baita 0-3 urteko hezkuntza soilik euskaraz eskaintzean. Hizkuntza paisaian dezente aurrera daitekeela esan liteke eta ez dela egon joera koherenterik behatutako elementuen artean" gaineratu du.


Modu zehatzagoan, azpimarragarriak diren elementuak aurkeztu dira: "Ordenantza, plan orokorra eta euskara zerbiztua ditu. Langile guztiak erabilera planetan sartuak daude eta euskalduntzeko aukera eskaintzen zaio langileari. Herritarrekiko harreman zuzena duten azpikontratazioetan eta herritarren aholkularitzarako zerbitzu espezifikoetan hizkuntza-irizpideak dituzte. Merkataritzan euskara sustatzeko egitasmoa du abian eta merkatariei horri begirako laguntzak ematen zaizkie.". Halere, hobetu beharreko hutsuneak ere nabarmendu dira: "Langile kontratatu berri guztiak euskaldunak izan daitezen ez dago erabakirik. 20 udal ataletik soilik 2k lan egiten du euskaraz. Udalak diruz lagundutako talde eta entitateek errotulazioa euskaraz izan dezaten erabakirik ez da hartu. Udalak hizkuntza-paisaian eta komunikazioetan euskara erabiltzeko erabakia hartua badu ere, erdara hutsezko edo nagusiki erdaraz diren elementuak daude (obretako txartela eta zamaketakoak dira horren adibide).


Ez da erabakirik hartu udalari aholkularitza juridiko eta teknikoa eskaintzen dioten enpresek txostenak ele bietan helarazteko. Praktika handieneko kirol eskaintzan helduek zailtasunak dituzte zerbiztua euskaraz jasotzeko", besteak beste. Honek guztiak donostiarren hizkuntza-eskubideak urratzeko bide ematen duela adierazi dute Kontseiluko ordezkariek eta bestelako hizkuntza-politika bat posible dela azpimarratu. Izan ere, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak definitua du euskara normalizatzeko Hizkuntza-Politika Berri Eragingarria eta Paul Bilbaok bertaratutako ordezkari politiko eta sozialei eman die, elkarlanean aritzeko prestutasuna adieraztearekin batera.


Kontseiluak udalen hizkuntza-politikari lotuta egiten dituen proposamenak, datuak eta irakurketak www.udalenhizkuntzapolitika.org web gunean jaso dira.


Gorri
2011-05-11 : 20:52

Badirudi batzuek ez dutela ulertu albistegi hauen filosofia!

5.000 karaktereko "txapa" luzerik ez sartu berri gisa, mesedez, eta erantzun bezala are gutxiago.

Horretarako daude estekak, parteko dokumentuak hainbat formatutan...

Interesgarria izanda ere irakurtzeko gogorik ez du ematen!

Erantzun

Sartu