Teknologia albisteak
2

25.000 urte baino gehiago dituzten marrazkiak aurkitu dituzte Mañarian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-05-04 : 19:05

Pintura gorriz egindako zaldiak aurkitu dituzte Askondo haitzuloan, Mañarian (Bizkaia). Kronologikoki, Santimamiñekoa baino lehenagokoa da multzo artistikoa, duela 25.000 urtekoa.

Gravette edo Solutre aldikoa da arte-azternategi hau, gure aroa baino 18.000-28.000 urte lehenagokoa. Hainbat motibo grafiko aurkitu dituzte, pintura gorriz horman egindakoak: zaldiak eta esku bat, besteak beste.

Sarrerako irudian ikusten den zaldia da aurkitutakoaren gainean photoshopeatutakoa, eta beste hau da horman aurkitutako irudi orijinala, beste koba batzuetan agertutakoen antzekoa:


Argazkiak.org | azkondo © cc-by-sa: herri.admin

Eskuaren argazki orijinala hemen eta horren gainean markatutakoa hemen.

Deian azaldu denez guztira gorriz margotutako 5 zaldi aurkitu dituzte, horietako bi 1,5 metro baino handiagoak, esku bat, lerro zerbikal-dortsal bat, puntu gorri bat, grabatu batzuk eta animalia baten hezur bat horman tinkatuta, bi metroko altueran.

Aurkikuntza jabego pribatu batean egin dute. Hala ere, halako multzoak aurkitutakoan bere babesa bermatzen du Ondare Legeak, eta hortan oinarriturik itxi egin du gunea Bizkaiko Foru Aldundiak. Edukia definitzeko prozesua hasi du eta jarraian eduki horiek ikertzeko, kontserbatzeko eta bere balioa ezagutarazteko programa bat egingo du.

Erantzunak

Karlott
2011-05-04 : 20:23

Drogaren (zaldia, arraia) eta anarkiaren (eskua zabalik) apologista ziren marrazkigile haien ondorengoak izan daitezkeenez, Bilduko guztiak legez kanpo. Ez da kontu berria, beraz.

Luistxo
2011-05-05 : 10:27

Datazioa zuzena bada, Askondoko zaldietatik Ekaingo zaldietara denbora-tarte bera dago hala nola Ekaindik geure eguneko erreplikara, duela 13.000 urte ingurukoak baitira Eklaingoak. Zirraragarria.


Eskuaren irudia ere oso indartsua iruditzen zait.



Argazkiak.org | Eskua © cc-by-sa: herri.admin



Argazkiak.org | Eskua zaharberrituta © cc-by-sa: herri.admin


Erantzun

Sartu