Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2011n jaso duen lehen kasua oinarri hartuta dokumentala ekoiztu du. Duintasun bidea dokumentala Oñatiko Kepa Elortzaren bizipenean oinarrituta dago, osasun arloan eta kasu zehatz honetan Osakidetzan egunero gertatzen denaren adibide edota eredu bat besterik ez dena.
Euskararen telefonoa zerbitzuaren bidez jasotzen ditu Behatokiak herritarren kexak. Horrela Behatokiak herritarren deiak modu sistematiko batez biltzen ditu. Gero, kasu guztietan oinarriturik hizkuntza-eskubideen egoeraren diagnosia egiten du. Horrela herritarrek berek helarazitako esperientzietan oinarriturik, egoeraren inguruko argazkia eskaintzen dio euskal hizkuntza-komunitateari. Argazki horretan sektoreen araberako irakurketa kualitatiboa eskaintzen baldin bada ere, milaka kexa bideratu ditu Behatokiak bere 10 urteko ibilbidean, horietako asko eta asko, ehunka, osasun zerbitzuarekin izan dute zerikusia.
Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik azaldu duenez, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak konfidentzialtasun osoz jokatzen du kexak bideratzeko orduan eta ez du herritarren daturik zabaltzen. Oraingoan ordea, gertaeraren larritasuna ikusirik, hautsi egin du printzipio hori. Herritar baten, Keparen, kasua baliatu dugu, urraketa egoera orokor eta sistematiko bat islatzeko.
Azken urteotako diagnosian osasun saila beltzunea izan da herritarren hizkuntza-eskubideen bermean. Kezka handiz ikusi ahal izan dugu zein diren euskaldunok osasungintzaren eremuan pairatutako urraketak: mediku erdaldunak artatua izatea, harrera zerbitzua euskaraz ez egitea, bozgorailuetako mezuak erdaran ematea, mediku txostenak erdaraz jasotzea . Osakidetzako edozein erabiltzailek ikus dezake, Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun zerbitzu publikoak euskaldunak izatetik oso urrun daudela, esan du Petriatik.
Dokumentalaren helburuaren berri eman du Behatokiko zuzendariak, herritarrak pairatu duen egoeran oinarriturik, hizkuntza-eskubideen eremuan, zehazki osasunaren alorrean, dauden hutsuneak, hizkuntza-legediaren inplementazioaren arazoak eta sustapen handiagoa eskatzen duen alorra agerian utzi eta hau konpontzeko eskatzea du xede dokumentalak. Dokumentu honen bidez Behatokiak erakunde publikoei ekarpena egin nahi die, herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzeari dagokiola, haien efikazia eta zerbitzu kalitatea hobetu ahal izan dezaten.
Osasun zerbitzu publikoak oraindik euskaldunak ez izatearen arduradun nagusia Administrazioa denez, Behatokiaren aburuz, eraginkortasuna da hizkuntza-politikak behar duena. Neurriak hartu behar dira hizkuntza-eskubideak bermatzeko, orain arte Euskararen telefonoaren bidez Osakidetzari jarritako ehunaka kexek hori da erakusten dutena.
Zerbitzu publikoak euskaldunak izan behar dira, euskal herritarrok eskubidea baitugu gure eskubideen betetzea eta administrazioarekin ditugun harremanak euskaraz egiteko, eta beraz, zerbitzu publikoak soilik izango dira benetan publikoak baldin eta euskaraz ematen badira, bestela euskal herritar zenbait baztertuta geratzen dira. Osakidetzari bi galdera zehatz egin dizkio Behatokiko zuzendariak: bigarren mailakoak al dira zerbitzua euskaraz nahi duten herritarrak? Kexen zain egon behar al du Osakidetzak herritarren eskubideak bermatzeko?
Egoera hauek gainditzeko, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeko, euskara eta euskaldunak bazterketatik ateratzeko funtsezkoa da urrats berriak ematea. Horrela, Administrazioari, Osakidetzari eskatu nahi diogu gogoeta egin eta euskaldunen hizkuntza-eskubideei erreparatu, garrantzi handiagoa eman eta urgentziazko mekanismoak abiatzeko esan du Petriatik.
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko Roberto Manjonek Osakidetzako langileen ikuspuntutik hitz egin du, ELA eta LABeko ordezkariak ondoan zituela. Osakidetzako euskara plana berandu etorri dela azaldu du. Hogei urteko atzerapen baten ondoren, Euskaltzale gehienek gutxiegitzat jo dute asmo hori, ELA eta LAB sindikatuok ere bai. 2009an egindako ebaluazioak erakutsi duenez, Osakidetza eta Osasun Sailaren agintaritzek, maila guztietan eta salbuespenak salbuespen, ez dute Euskara-plana bere plantzat hartzen, aitzitik, euskararen normalizazioa mehatxu eta eragozpentzat hartu dute. Dena den, gure ustez, plan hori ez da nahikoa. Bertan jasotako helburuak beteta ere, Osakidetza euskalduntzetik oso urrun egongo ginateke, bai egin beharreko bidean eta baita beharko genituzkeen tresna eta baliabideei dagokienean ere. Eta ondorioz, herritar eta langileon hizkuntza-eskubideak ez lirateke bermatuak egongo, adierazi du.
Osasun alorrean ematen den urraketa etengabea bi planotan gertatzen da, Manjonek azaldu duenez, bata maila soziokulturalean, hizkuntza-eskubideak direnez; baina bestea mila sozio-sanitarioan, alegia, Osakidetzaren berezko arloan, euskaldunok erdaldunek baino kalitate eskasagoko zerbitzuak jasotzen ditugu-eta. Nekez ukatu daiteke komunikazioaren kalitateak garrantzia duela zerbitzu asistentzialetan, medikua herritarragandik urrunago dagoela bere hizkuntzan hitz egiten ez badio.
Eskaera ere egin diote langileek Osakidetzari: zerbitzua euskalduntzeko helburu izango duen plangintza eskatu nahi diogu. Kalitatezko zerbitzu publikotzat euskaraz ere ematen den zerbitzua jo baitaiteke. Euskaraz ematen ez dena zenbateraino da publiko? zenbateraino kalitatezko? Zerbitzu oro euskaraz eman ahal izateko plangintza, eta plangintza hori gauzatze bidean den bitartean, euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatuak egoteko neurriak eta baliabideak artikula ditzala eskatzen diogu Osakidetzari. Plangintza horrek, gainera, langileen parte hartzearekin, langileen ordezkarien eta euskalgintzaren ordezkaritzarekin adostua eta garatua izan behar du.
Goiena-n argitaratutako testua (2011-06-13):
"Errespetua. Horixe da Kepa Elortza paziente oñatiarrak jaso ez dauana.
Dakizuenez, hizkuntza eskubideak gogor defendatzen dabil Osakidetzan baitan eta bere kasutik abiatuta Behatokiak dokumental ederra prestatu dau, Duintasun bidea izenburukoa hain zuzen be. Berton, Juanjo Sagarzazu neure lankideak modu ausartean parte hartzen dau, eta berak legez neuk be neure burua busti nahi dot gai honetan.
Dokumentalean agertzen diran datuen artean, Debagoieneko ospitalearen zuzendaritzak Elortza jaunari emondako erantzun lotsagarria dago. Buruzagi (erdaldun) asko oraindino ez dira konturatzen euskarazko asistentzia eskaintzea, batez be eremu geografiko batzuetan eta batik bat adin tarte konkretu batzuen pazienteei, kalitatezko asistentzia emotea dala, eta kontrakoa geure gizarteko zati ez hain txiki bateri huts eta iruzur egitea dala. Izan be, harrigarria da erdaldun batzuen erradikaltasuna ikustea, gitxieneko errespetua eta gizalegearen ganetik dagoana. Neure esperientzia pertsonalean behin Polizia Nazionaleko bulego batean (!) hango funtzionario batek barkamena eskatu eustan gazteleraz atenditzearren eta euskaraz zekian bere lankide baten zerbitzua eskaini eustan. Adibide isolatua izango da noski, baina tristea da osasun sistema publikoan horiek bezalako erantzunak askoz sarriagotan ez izatea.
Halaber, ume euskaldunak ditugun guraso euskaldunok Pediatria kontsultetan oso nekez lortzen dogu mediku edo erizainek euskarazko berbak erabiltzea euren paziente txikiekin. Eta adineko jenteagaz bardin.
Beste sasoi batzuetan gizarteak orokorrean gehiago errespetatzen zituan agure-atsoak, baina norabide bietan gertatzen zan begirune hura: "Sendagileei berorika egiten genien, baina hori sendagileek euskaraz egiten zuten garaian gelditu zen" (3 Mariak, Arantxa Urretabizkaia)."
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari den Garbiñe Petriatiri eta "Duintasun Bidea" dokumentalaren protagonista nagusiari, Kepa Elortza oñatiarrari, Euskadi Irratian egindako elkarrizketaren audioa duzue hemen.
Behatokia eta Kepa Elortzari egindako elkarrizketa Euskadi Irratian from HIZKUNTZ ESKUBIDEEN BEHATOKIA on Vimeo.