Donostiako Hiritar digitalen biltzarraren ostean hausnartzeko
Oso interesgarria iruditu zitzaidan aurreko astean Donostian ospatu zen Hiritar Digitalen Nazioarteko Kongresua. Bertako kontu interesgarrienak nabarmendu nahi izan ditut, burutazio pertsonal batzuk gehituaz, ospatu zen hiriko biztanle moduan, izan ere partaidetzaz hitz egiten denean, politikaz ere hitz egin beharko litzateekela iruditzen zait. Gaztelaniaz zein euskaraz idatzi ditut burutazio horiek, baina euskarazko artikuluan hitz batzuk gehitu ditut biltzarrean HPSk egindako agerpenaz.
Hitzaldi interesgarri asko izan ziren biltzarrean, eta nabarmendu ditut batzuk artikuluan: Jordi Graells eta Antoni Gutierrez-Rubi Kataluniatik (beti Kataluniatik!), Alfonso Alcantara (Andaluziatik, yoriento Twitterren) eta politologo eta komunikatzaile euskaldun bat, aurretik apur bat entzuna eta sekula zuzenean ikusi gabea, Yuri Morejon, tipo interesgarria.
Hitzaldi hauen eta beste batzuen ondoan, pena eman zidan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik emandakoa hankamotz geratzeak. Kontu interesgarriak ekarri zituen, bultzatuko dela .eus domeinua edo wikipediarako eduki transferentzia (Lur entziklopedia liberatuko da, eta bide teknikoak ezarriko dira artikuluekin Wikipedia hornitzeko), baina hitzaldia gutxi prestatua zekarren: beste material eta prestakuntza batekin etorri behar da halako biltzar batean. Emandako inpresioa izan zen, euskararen gaia, astuna eta komunikaziorako gutxi prestatua zela...
Eta gainera, Lurdes Auzmendik ez zion gaiari heldu: herritarron eta gobernantzaren harreman digitalak euskaraz zer? Eusko Jaurlaritzan komunikazio digital horren arduradunak, egiazki, elebakarrak dira, eta iruditzen zait euskararen presentzia "konpromisozko detaile deserosoen" kategorian tratatzen dutela sarri hiritarrarekin komunikazio prozesuan, baliabide edo arreta edo sentsibilitate handi barik; are gehiago: metodo edo plangintzarik gabe, garapen tekniko eskaseskin, eta kalitate kontrolik gabe; adibide lartxo hemen kuriositatea duenarentzat. Honetaz zer esanik ote zuen HPSk, jakin barik geratu ginen.
Erantzunak kargatzen...