eitb.com: 170.000 euskaldun Internet bidez entretenimendua eta informazioa jasotzen
Gure inguruko webgune nagusien audientziak neurtzen dituen sistemak datu ofizialak argitaratu aurretik (ohi bezala, hilabetea amaitu eta bi astera), martxoan eitb.com-ek milioi bat erabiltzaile bakar baino gehiago lortu zituela Twitter eta Facebook bitartez aurreratzea erabaki genuen. Tuit horien harian, sareetan dabilen taldeko lankide batek galdera hau jaso zuen Sustatutik: Eta horietatik, zenbat euskaldun? Erantzuna: 170.000 inguru. Eta hurrengo galdera: Eta zergatik ez duzu horren inguruan zeozer propio idazten? Jarraian, Sustatun eta eitb.com-en batera argitaratzeko bururatutakoa.
Nielsen enpresak Interneteko audientzien neurketak egiten dituenetik, hizkuntza bakoitzaren datuak neurtzeko aukera izan dugu lehenengo aldiz eitb.com-en. Hala,
- euskarazko edukiek 174.048 erabiltzaile bakar,
- gaztelaniazko edukiek 807.073 erabiltzaile bakar,
- frantsesezko edukiek 44.358 erabiltzaile bakar
- eta ingelesezko edukiek 70.717 erabiltzaile bakar izan dituztela dakigu.
Guztira, 1.082.888 erabiltzaile bakar lortu ditu eitb.com EITB Taldeko atariak martxoan, hizkuntza guztietan izandako emaitzak zenbatu eta bat zetozenak kenduta, noski.
Euskarazko erabiltzaileen kopurua oso esanguratsua da guretzat, eta are gehiago horien jatorria kontuan izanda. Oro har, esan daiteke heren bat Gazteatik datozela, beste heren bat telebistako eta irratiko edukietatik, eta hirugarrena aktualitatetik (atal guztietatik: Politika, Gizartea, Kirolak, Kultura, Eguraldia...). Horrek ez du esan nahi albisteak euskaraz irakurtzen dituenak gero telebistako bideoak ikusten ez dituenik, baina horrela ulergarriagoak dira datuak, gure ustez.
Datu horien artean, itxaropentsuena, hauxe: Gazteak 64.000 erabiltzaile bakar izan ditu webguneko edukietan, eta 25.000 lagunek erabili dute ordenagailua Gaztea entzuteko, ohiko irratiak erabili beharrean. Argi geratu da, hainbatetan aipatu den moduan, gazte jendeak Internet erabiltzeko joera duela. Eta euskaraz ...
Hor badugu zer hobetu, eta, batez ere, umeen edukietan. 5.000 lagun pasatxo sartu dira martxoan umeentzat propio sortutako edukietan. Jakin badakigu ikaragarrizko buelta eman behar diegula umeen edukiei, eta datozen hilabeteotan, besteak beste, horretan arituko gara.
Eta, zeresanik ez, helduen entretenimenduan eta informazioan ere badugu non hazi. Guztira. milioi bat euskal hiztun gaude munduan eta horien erdiek baino gehiagok Internet erabiltzen dute... Badugu non hobetu, noski.
eitb.com berria, EITB nahieran eta EITB mobile
Hobekuntza horien beharrari aurre egiteko, ezinbestekoak izango ditugu esku artean dauzkagun proiektuak datozen aste eta hilabeteotan: eitb.com goitik behera eraldatzea; EITB nahieran; eta mugikorretarako zerbitzuak, iPhone eta Android sistemetarako aplikazio eta guzti.
eitb.com atariaren ikus-entzunezko izaeran sakondu nahi dugu, ikusgarriagoa eginez. Ez da itxura aldaketa soila, webgune osoa ulertzeko beste modu bat baizik. Eta berezitasun horren ikurretako bat, noski, EITB nahieran zerbitzua izango da.
Bitxikeria bat: izen honek (EITB nahieran, gaztelaniazko a la carta adierazteko) hainbat buruhauste eman dizkigu, baina azkenean horren alde egin dugu, oraindik zalantzak izan arren. Eta beste gauza batekin konturatu gara: EiTBk, beste hainbatetan bezala, euskaraz existitzen ez den kontzeptu bati jarri behar izan diola izena. Gutako batek Twitter bidez zabaldu zuen hala-holako galdeketa bat, ia erabiltzaile euskaldunen artean ulertzen zen... Espero dezagun webgune osoaren testuingurua lagungarria izatea.
Izena alde batera utzita, EITBko saioak nonahi eta noiznahi jarraitzeko aukera eskainiko du, gaur egungo prozesu neketsu eta aldrebesa asko erraztuz, eta edukiak erabiltzaileei era erakargarri eta erraz batean eskainiz. Asmo horrekin ari gara, behintzat. Mugikorren alorrean egingo dugun ahalegina ere bide horretatik doa; nonahi eta noiznahi...
Gure egitasmoak kaleratzeko, baina, komunitatearen laguntza eskatuko dugu, behar denean belarrondokoak jasotzeko, hobekuntzak identifikatzeko eta oker egindakoak zuzentzeko.
Euskarazko entretenimenduak badu etorkizunik Interneten, eta informazioak ere toki nabarmena izango du aurrerantzean ere, noski. EITB taldean gabiltzanon nahia hori da: euskaldun guztiei ahalik eta zerbitzurik onena eta osoena ematea.
Edurne Ormazabal
www.eitb.com
Zuzendaria
Erantzunak kargatzen...