Sustatu logoa Teknologia albisteak

Iban Zalduaren Biodiskografiak

Erein Argitaletxea
2011-04-15 12:04

Iban Zalduaren Biodiskografiak liburua larunbatean aurkeztuko da, apirilak 16, eguerdiko 12:00etan eta Donostiako Bukowski tabernan (Egia, 18).

Aurkezpenean mahai kideak Iban Zaldua, Beñat Sarasola eta Iñaki Aldekoa izango dira eta Giorgio Bassmattiren musikaz lagundua egongo da ekitaldia.

Songs, songs, songs

Hamlet-entzat hitzak ziren mundu (“words, words, words”), eta hirurogeiko hamarralditik honako belaunaldi gazteentzat, berriz, musikak bildu du mundu hori (“songs, songs, songs”). Iban Zalduaren Biodiskografiak liburuak urte horietxek hartzen ditu musikaz nahi adina hitzaspertu eskaintzeko, eta, batik bat, jada atzean geratu diren nerabezaro-gaztaroko garaiak fikzioan berreskuratzeko (“The Sound nire talde kutunetakoa da, gaztaroa ze aspaldikoa dudan argiki salatzen duten horietakoa”) (103. or.).

Askorentzat, musika izan da bizitzan gertatu zaien gauzarik zoragarriena, hark emandakorik ez dute berriz aurkituko. Non ote, baina, musikaren xarma hori? Jada atzean geratutako entusiasmoan, ilusioetan eta bizitzaren beraren xarma hartan.. Izan ere, horixe guztia da, bizitzak aurrera egin ahala, erremediorik gabe galdu duguna. Maitasun ederrenak ere galdutako haiek izan ohi dira. Ezinbestean hartuko du musikaz blai datorren Zalduaren gaztaroak ere halako nostalgia igurtzi bat: maitasun galduak, lagun galduak eta abar. 68ko maiatzeko iraultza-nahi hartako esloganetan aldarrikatu zenaren antzera, iraultza egitea elkarrekin asko egotea zen, edo maitasuna egitea. Ia disko bakoitzaren atzean maitasun istorio bat dago (“Zinta hori Amaiari oparitu nion”) (134. or.).

Biodiskografiak liburuaz pare bat gauza bederen aipa daitezke:

Bat.

Pop (-rock) musikaren eraginez eratutako modernitatea izan du egileak heziketa sentimental. Badakigu gainera “pop” arteak zabaldu zizkiola ateak gaur egungo postmodernitateari, jende arrunt samaldaren eguneroko sentimendu eta aspirazioak aintzat hartuz. (“Gainera, badakizu musika dela nik erromantizismoa onartzen dudan esparru bakarra; pop-a da maitasunak existitzen jarraitzen duela sinestarazten digun fikzio ia bakarra, egun”) (100. or.).

Musikaren abenturatik bizitzara, eta alderantziz (“Eta zorte txarreko taldea –kariñoa diet zorterik gabeko taldeei” ) (103 or.).

Bere jaioteguna hartzen du egileak liburuaren abiapuntu, hau da, The Beatles-en Revolver diska plazaratu zen urtea (1966), eta 2008an ixten du ibilbidea, Paul Weller-en 22 Dreams diska plazaratu zen urtean. Bien bitartean, kronologiari jarraituz, berrogeita bi urte igaro dira.

Mikel Hernandez Abaituak liburuaren hitzatzean esaten duen bezala:

Liburu hau irakurriz ez da zaila asmatzen autorea zein belaunalditakoa den, aukeratu dituen diskoei so egiten badiegu: XX. mendeko 60ko hamarkadakoak hiru dira, 70eko hamarkadakoak zazpi ­–kontrazalekoa kontuan hartuta–, 80ko hamarkadakoak hamasei –hamazazpi esan beharko genuke again, Nouvelle Vague-ren diskoa 2004koa izan arren bertan bertsinatzen diren abesti gehienak 80ko hamarkadakoak nagusitzen dira argi eta garbi. Hain zuzen ere, normalean gehien markatzen gaituzten pop-rock abestiak 14-24 urte genituen garaikoak izaten dira gutxi gorabehera (…) eta harako hark bere abestietako batean ingelesez kantatzen zuen bezala, “we always came back to the songs we were singing at any particular time”.

Bi.

Autobiografiak (edo biodiskografiak) autofikzioak dira beti. Kontuz baina “fikzio” hitzarekin, erraza baita, literaturaren aitzakian, berarekin noragabetzea. Izan ere, fikzio horrek egia literarioaren faboretan egiten baitu lan. Ez dakigu egileak diskoko (edo ipuineko) maitale bat izan zuen ala ez. Ez digu horrek axola. Inporta zaiguna zera da, fikzioaren bidez nola txertatzen zaizkion ipuinari gure bizitzetako erasan mingarriak (maitasun ezinduak, maitasunaren porrotak, erorialdiak, heriotzak…), nola zapuzten den ipuinean musikaren zoriontasun promesa.

Azken batean, nerabezaro-gaztaroko mundu iragan galdu hura, gaur eta liburu honetan, helduaroko egilearen sentiberatasunetik dago kontatua. Distantziaren begitxulotik begiratuta, beraz.

Liburuaren erabilerari buruzko arauak

Begibistan da Biodiskografiak liburu bitxia dugula. CD baten formatoan argitaratutako ipuin liburua. Eta, gainera, musikaz blai. Zer da hortaz tramazo hau? Hau literatura da. Amaitzeko, horra liburua irakurtzeko aholku pare bat:

  • a) Begiratu, kuriositatez soilik, ipuin bakoitzak ezkerreko orrian dakarren disko portadari, eta ondoren irakurri ipuina.
  • b) Aukera bazenu, jarri CDa (aukeran, biniloa hobe) eta ipuinari dagokion kanta entzunez irakurri. Edo aurrenekoz entzun eta gero irakurri.

Dossierraren paratzaileak lehenengoa aukeratu du. Eta, konklusio gisa, esan dezake Iban Zalduak bere ipuingintzaren senik onena bildu duela ipuinotan (umorea, ironia fina, ezusteko franko eta errealismo porrokatua). Egilearen aurreko liburuak gustuko izan dituen irakurleak gozatu ederra hartuko du honekin ere. Agian, egilearen libururik orijinalena da hau.

Fermin Etxegoienek hitzaurrea idatzi du, eta Mikel Hernandez Abaituak hitzatzea. Merezi dute.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu