Teknologia albisteak
3

Kirmen Uribek webgune berria du

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-04-11 : 11:04

Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak webgune berria dauka: www.kirmenuribe.com. Webgune dinamikoa izateko asmoz jaio da: albisteak, agenda, bideoak, testuak... Uriberi 5 galdera ere egin dizkiogu, webgune berriaren aitzakiaz: webgunearekin dituen helburu eta asmoak azaldu dizkigu, eta teknologia berriekin duen harremana.

Internet erabilgarri izateaz gain, inspirazio iturri ere bada.

Lehendik ere bazeukan webgunea Kirmen Uribe idazleak (Ondarroa, 1970). Oraingoan, baina, goitik behera berriztu du, gune dinamikoagoa sortuz. Idazlearen agenda eta hitzaldien berri emango du, albisteak ere baditu, bideoen atal bat... bere biografia eta bibliografia azaltzeaz gain. Tarteka testuak gehitzen joateko asmoa ere badu.

Webgune berria dela eta, galdera batzuk bota dizkiogu Kirmen Uriberi, eta berak azkar erantzun.

  • Webgune berria daukazu. Zer helburu duzu webgune berri honekin?
    Helburua komunikazioa da, irakurleekin harremanak estutzea. Nahi duenaren esku jartzea informazioa (berriak, agenda kontuak, orain arteko egindakoaren laginak...) eta gainera bitxikeriak ere gerturatzea, lortzea zailak diren gauzak: irakurketak, grabazioak, edizio arraroak... Adibidez, Bordelen bertako aktore eta musikarien laguntzaz euskaraz eta frantsesez egindako errezitala dago entzungai. Edo Taipeiko poesia festibalean "Bisita" poemarekin tajutu zuten bideoa. Bestalde, esan beharra dago webguneak ez duela soilik testuetan arreta jartzen, idazleen webetan gertatu ohi den legez, dinamikoagoa egin nahi izan dugu, eta irudiari ere toki berezia eman nahi izan diogu, ikusentzunekoei.
  • Webguneaz gain, zure hainbat bideo Youtuben daude, Facebook orrialdea ere baduzu... Laneko kontu hutsak dira? Ala zure eguneroko jardunerako ere erabiltzen dituzu teknologia berriak?
    Ez, eguneroko bizitzan erabiltzen ditut, maila pertsonalean eta lanean. Mundu guztiak bezala, bestalde.
  • Interneta, oro har, eta sare sozialak bereziki, erabilgarri ikusten dituzu idazle baten jardunerako?
    Ez erabilgarri bakarrik. Inspirazio iturri ere bai. Gaur egun ezin da idatzi teknologia berriak kontuan hartu gabe, haiei bizkarra emanda, izango ez balira bezala. Gure bizitzan eragina duten neurrian literaturan ere izan behar dute. Pasa den mendeko nobela beltzak zigarroaren kerik gabe idaztea bezala izango zen. XX. mendeko literatura kazetaritzak eta zineak moldatu zuten. XXI. mendekoa ezingo da ulertu internetik gabe. Ni saiatu naiz tradizio berri hau guztia nire lanean jasotzen. B-NY-B eleberrian gmaileko mezu elektronikoak eta Facebookekoak bere horretan ageri dira, baina ez hori bakarrik. Idazketan ere izan dute eragina. Liburuak sare-egitura du, lehenengo pertsonan kontatzen da eta sare-sozialetako testuen abiadura hori erabili dut kontakizunean. Asko dugu ikasteko idazleok teknologia berrien kulturatik.
  • Gainera, aipatu duzun eleberri horrek, New York-Bilbao-New York liburuak, blog egitura duela ere aipatu izan da. Inoiz ikusiko zaitugu blog bat idazten?
    Badut asmo bat, "Lantegia" izenekoa, eta azaldu literatur lan bat barrutik, nola sortzen den, dauden zailtasunak, zalantzak, dokumentazio-lanak. Hori dena irakurlearen esku jarri. Baina pixkanaka pixkanaka joango naiz, oraingoz webgunea martxan jartzearekin nahikoa dugu. Sare-sozialetan parte hartzea ere oso interesgarri ikusten dut, blog klasikoa moldatzea baino areago.
  • Euskal idazleen artean badago nolabaiteko fobia txiki bat teknologia berrien aurrean. Ez dago ia blogaririk, are gutxiago tuiterlaririk, eta webgunea duzuenok ere dozenara ez zarete helduko. Rara avis bat zara? Denbora kontua da?
    Denbora kontua da dudarik gabe. Ezin dugu bizi teknologia berriei bizkarra emanda. Literatura sistema goitik behera aldatuko da urte gutxian. Badirudi batzuk beldurrez ikusten dutela hori, Eibarren armak egiten hasi zirenean sorginak hil zirenean bezala. Hori dio behintzat esaera zaharrak. Ez, gauza interesgarriak sortuko dira, hibrido berriak, literatura eta ikusentzunekoak nahastuz... Irakurleekin harremana ere sarearen bitartez egingo da gehienbat. Edo zuzenekoetan. Nahiz eta hasieran egoera zaildu egingo den neurri handi batean, aldaketa garai guztietan jazo ohi denez, nik aukera bat bezala ikusten dut kontua, gauza berriak probatzeko aukera.
  • Eta amaitzeko: noizko Twitterren?
    Astirik banu egoki kudeatzeko, bihar bertan.

KirmenUribe.com


Argazkiak.org | KirmenUribe.com © cc-by-sa: codesyntax

Erantzunak

Mikel Elorza
2011-04-11 : 11:27

Komentarioa elkarrizketa egin duenarentzat da:

laugarren galderako "euskal idazleen artean badago nolabaiteko fobia txiki bat teknologia berrien aurrean" zer da, datuetan oinarritutako estatistika? intuizio hutsa? galdetzaileraren iritzia? Arrazoia ez da ba izango blogari gutxi edo tuiterlari gutxiago egotea, ezta?

Sustatu
2011-04-11 : 12:29

@MikelElorza:


"Blogari gutxi eta tuiterlari gutxi egotea" arrazoi izan daiteke, baina baita ondorio ere, jakina. Baina hori ere pista bat dela iruditzen zaigu (eta ez txikia). Izan ere, gaur egungo gizartean, idazle batek sekula ez badu sarean idazten... ezin esan oso teknofiloa denik.


Horretaz aparte, badira azkenaldian euskal idazleek bota dituzten zenbait purrustada, Internet etsaia bailitzan. Batek baino gehiagok.


Hala ere, arrazoia ere izan dezakezu, noski. "Euskal idazle batzuen artean" idaztea zuzenagoa litzateke. Izan ere, Lertxundi, Mendiguren, Katixa edo Kirmen bera dira, besteak beste, beste jarrera teknofiloago horren isla.


patxi lurra
2011-04-19 : 19:49

Euskarazko blogosfera Eibarko komunitateak eta ezer gitxi gehiagok osatzen eben garaian Julen hortxe egoan, eta oso momentu interesgarri eta dibertigarriak emon baeuskuzan arren, blogeatzeari laga eutsan orain dala urte batzuk.



Lagun batek esan deusta lagun batek esan deutsala datu horretaz ez ahazteko. Arren.

Erantzun

Sartu