Europan gero eta azterketa gehiago egiten ari da genetikaren alorrean, besteak beste, orain dela 15.000 urte azken glaziazioa amaitu ahala, Europa nola populatu zen jakiteko. Azterketa hauen bidez Euskal Herriari buruz informazio oso interesgarriak sortzen ari dira eta, gure ustean, horiexek ezagutzea ezinbestekoa da gure herriaren historia hobeto ulertzeko. Horretarako, Euskararen Jatorriaren 6. Biltzarrak genetika izango du hizpide, Europako eta hemengo genetisten eskutik.
Genetika biologiaren baitan sortutako ikerketa adarra da eta izaki bizidunengan dagoen aldakortasun eta herentziak aztertzen ditu, geneen bidez. Genetikan hainbat ikerketa lerro dago, adibidez, ADN mitokondriala, edo amaren bidez transmititzen diren leinuen ikerketa.
Europan gero eta azterketa gehiago egiten ari da alor honetan, besteak beste, orain dela 15.000 urte azken glaziazioa amaitu ahala, Europa nola populatu zen jakiteko. Genetika arloan egindako azterketa hauek, Joxemiel Barandiaranek abian jarri zuen teoria indartzen ari dira: euskal populazioa, gutxienez, 8.500 urtez bizi izan da euskal lurraldean. Teoria hau behin betiko baieztatuz gero, euskararen jatorrirako oinarri ezin hobea izango dugu, paleolito garaian, euskara izan ote zen eztabaidatzen hasteko.
Genetika arloan ospe handia duen Stephen Oppenheimer izango da Garesen parte hartuko duen hizlarietako bat. Oxford-eko Unibertsitateko irakasle honek, Britainia Handia eta Irlandako 10.000 biztanleen ADN probak aztertu ondoren, honako ondorioa atera du: Britainia Handiko biztanleen osagai genetikoen %90a iberiar penintsularen iparraldetik datorrela, Euskal Herritik bereziki. Informazio guzti hori "The Origins of the British" liburuan azaldu zuen eta liburuaren hasierako mapa ezin interesgarriagoa da: penintsulatik Bretainia Handirako gezi nagusiak Euskal Herria du abiapuntua.
Esan beharra dago, Oppenheimerrek bere teoria azaldu arte, indarrean egon den teoria hauxe izan dela: britainiarrak zibilizazio germaniar handi batetik sortutako zelta herriaren ondorengoak direla. Nahiz eta teoria hori maila guztietan zabalduta egon, hango unibertsitateetan barne, eta nahiz eta britainiarrek iberiar penintsulari buruz iritzi oso ona ez izan (PIGS famatu hori) Oppenheimerrek, zientzia gauza guztien aurretik jarriz, ez zuen zalantzarik izan bere ikerketek emandako ondorioak gizarteari zabaltzeko. Eta britainiarrek, aurreiritziekin jokatu beharrean, bere teoria berriari ate guztiak zabaldu zizkioten.
Oppenheimerren liburua 2005 eta 2006 bere herrialdean best seller izateaz gain, bere tesia britainiar guztiengana heldu zen irrati, telebista eta prentsaren bidez. Harrigarria bada ere, ikerketa argitaratu eta 5 urte luze pasatu ondoren Oppenheimer ez da inoiz Euskal Herrira hitzaldi bat emateko gonbidatua izan, orain arte. Oxford-eko genetistak, ADN frogekin, azaldu du azken glaziazioan Europa gehiena izotzez estalita egon zenean, gizakia desagertu zela ia Garonatik iparraldera. Garai hartan bizitzeko leku bakarrenetakoak Europan Iberiar Penintsula-Akitania ingurunea zen, Ukrania-Balkanekin batera. Eta bi leku horietatik abiatu zirela Bretainia Handia eta Irlanda populatu zuten biztanleak.
Oppenheimerren tesi honek Municheko Unibertsitateko Theo Vennemann-en teoria indartzen du, eta Theok euskararen eta hizkuntza germanikoen artean proposatzen dituen harremanei azalpen logikoa ematen die.
Baina 6. Biltzarrean genetika lan oso interesgarriak egin dituzten genetista gehiago izango ditugu hizlari. EHUko ADN bankuko Biomics enpresako Marian Martinez de Pancorbok eta Sergio Cardosok arlo honetan egin dituzten lanen berri emango digute, zehazki, kantauri isurialdeko giza leinuek Europako mapa genetikoan duten garrantzia.
Gaur egungo laginak aztertuta eta Europako beste hainbat giza populazioren inguruko datuekin alderatuta, ondorio nagusi eta argia atera dute Marian eta Sergiok: duela 15.000-20.000 urte hemengo aterpera heldu ziren gizakiek garatu zituzten ezaugarri genetikoak, neurri batean, egungo gizakien DNAn islatzen direla.
Horrela DNA mitokondrialaren aldakortasuna aztertuz, babesleku franko-kantauriarreko populazioek glaziazio osteko Europaren birpopulaketan izan zuten inplikazioa nabaria dela aipatzen dute: �Babesleku franko-kantauriarra Frantziako hego-mendebaldean hasi eta Kantauri isurialdearen ekialderaino zabalduko litzateke. Kokapen hori, azken glaziazioan Europa iparraldetik klima-egoera gogorrarengatik hegoalderantz migratu zuten giza taldeen babesleku garrantzitsuena da�.
Neurri handi batean, Stephen Oppenheimerren lanarekin bat egiten du Marian eta Sergiok egindako azterketek. Horrela populazio horiek glaziazio osteko Europaren birpopulaketan izan zuten papera gero eta argiago dagoela dirudi, H1 eta V leinuek birpopulaketa-prozesuaren markatzaile genetiko gisa duten garrantziagatik eta J1c, U5b eta T2b leinuak aintzat hartzea proposatuz.
Genetika arloan lan mardula egin duen Antonio Arnaiz ere izango dugu hizlari maiatzaren 7an. Arnaiz 9 urtez Bretainia Handian egin zituen ikasketak eta orain Complutenseko irakaslea da, Biologian eta Medikuntzan lizentziatua ondoren. 340 artikulu idatzi ditu, gehienak nazioarteko aldizkarietan, immunologia, genetika eta hizkuntzalaritzari buruz. Aurreko hizlariek bezala, ADN azterketa esanguratsuak egin ditu Antoniok estatuan zein atzerrian. Antoniok genetika lanak hizkuntzalaritza lanekin uztartu ditu eta guztira, 9 liburu argitaratuak ditu.
Antoniorentzat, AND azterketetan oinarritua, herri mediterraniarren artean, iberiar eta euskaldunak barne, lotura oso estuak egon direla azaltzen du eta hizkuntzetan horien arrasto batzuk gaur egun mantentzen direla desagertu ez diren herrietan (hizkuntza dene-kaukasiarrak). Egin dituen azterketa genetikoen artean honako herri hauetakoak ditugu: Euskal Herria (Arratia), Kantabria (Pasiegoak eta Cabuernigoak), Palestina, Argelia eta herri amerindiarrak (mayak, ketxuak, aimarak�).
Genetikak Euskal Herriaren historia eta euskara hobeto ulertzeko, orain 50 urte pentsaezina zitekeen informazio interesgarriak eman ditzake. Informazio horiekin Joxemiel Barandiaranek euskaldunon iraupenari buruzko edo Estornes Lasak euskal-akitaniar zibilizazioari buruzko teoriak froga daitezkeela pentsatzea zirraragarria izateaz gain, euskararen jatorriari ate berriak zabalduko dizkiotela ziur gaude.
Euskararen Jatorriaren 6. Biltzarra maiatzaren 7an, larunbata izango da, Nafarroako Gares herrian. Informazio gehiago: euskararenjatorria@gmail.com
Aitor Zugasti
Euskararen Jatorria Elkartea
Berriari "kalumniengatik" salaketa jarriko ziola iragarri zuen Antonio Arnaiz-Villenak iazko azaroan. Ez zitzaion gustatu, antza, BERRIAk artikulu honetan kontatutakoa:
http://paperekoa.berria.info/agenda/2010-11-04/026/004/euskararen_heterodoxoak.htm
"Arnaiz-Villena immunologian katedratikoa da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta 300 artikulu baino gehiago argitaratu ditu gaiaren inguruan. Populazioen genetikan egin dituen hainbat ikerketa eztabaida iturri izan dira nazioarteko zientzialarien artean, baina hizkuntzalaritzan aritu denean, lankide gehienek baztertu egin dituzte haren teoriak, batez ere euskararen ingurukoak. Arnaiz-Villenak dio euskara erabilita Mediterraneoko eta Ekialde Hurbileko hainbat hizkuntza deszifratu dituela, besteak beste, akadiera/babiloniera, hititera eta feniziera. Madrilgo Doce de Octubre erietxeko Immunologia Departamentuko buru kargua uztera behartu zuten, 2002an, iruzurra egotzita".
Artikuluan esaten direnak zuzentzeko eskatu zion kazetari. Baina BERRIAk uko egin zion, argitaraturiko guztia ongi kontrastaturiko egia zehatza delako, eta egia besterik ez. Noski, Arnaiz-Villenak ez zuen salaketarik aurkeztu.
Antonio Arnaizi buruzko ohartxo batzuk eman nahiko nituzke:
a) Aurreko mezuan, Elik, zera aipatzen du, Arnaizek ez zuela kereilarik jarri Berriaren aurka eta horregatik, irakokitzen du, Berriak ondo jarritako informazioa zuela. Egia esan, guk Bengtson-en artikulua dela eta, Berriak eta El Paisek argitaratu zutena ikusita, pena handia hartu nuen "gure" egunkariarekin. Batetik, Berria ez zen gai izan zuzenean Bengtsonekin egoteko eta bere teoria labur-labur jartzeko. El Pais bai. Berriak ez zion argazkarik atera. El Paisek bai. Berriak Arnaiz aipatzean "heterodoxo" hitza erabiliz, garrantzia kendu nahi izan zion berak eta Bengtsonek plazaratutakoari. El Paisek, bere teoria labur azaldu ondoren, modu fin batez "muy especulativa según algunos especialistas" tartekatu zuen informazioa osatzearren. Berriak bere irakurleei uko egin zien Bengtsonek esaten duena ezagutzeko eskubidea.El Paisen artikulua irakurri nahi duenak hemen dauka. Gero alderatu mesedez, Berriaren albistearekin:
http://www.elpais.com/articulo/cultura/raices/euskera/elpepucul/20101108elpepucul_12/Tes
b) Arnaizek esaten duenean Mediterraneoko herri askok konpartitu izan dituztela hainbat hitz, euskaran gaur egun mantentzen diren batzuk besteak beste, eta jendea zur eta lur geratzen denean, harritzen naizena neu naiz. Izan ere, denok ikasi dugu nekazaritza ekialdetik mendebalderantz etorri zela orain 5 mila urte edo eta, nekazaritza zabaltzean, berarekin batera, ehunka hitz zabalduko ziren Mediterraneo inguruko herri guztietan eta Europako beste herrialdeetan. Eskolan ikasi dugu ere feniziarrak eta greziarrak iberian egon zirela... hau da, harremanak betidanik egon direla -erromatarren garaia baino 3000 urte lehenago- eta, normalean, harremanak daudenean, horiekin batera, hitz pilo bat zabaltzen dira. Elexpuruk orain gutxi egindako artikuluan Sardinian topatutako toponimo asko euskararekin lotuta daudela erakutsi du. Beste batzuek ere esan izan dute. Baina ez dira ezagunak.
Amaitzeko, ondo legoke informazio gehiago zabaltzea eta eskolan irakatsi digutenatik haratago ikusteko prest egotea.
Berrian agertutako albisteari eta Elik aipatutako komentarioari buruz:
1. Oharra (Berrian azaroaren 18an, 5 orrialdean, argitaratuta)
Berrian nire aipamena duen artikuluari buruz zera adierazi nahi dut: Ez Bengston Irakaslea, ezta ni ere, ez gara heterodoxoak, albistean emandako testuinguruaren zentzuan. Biok jarraitzen dugu, euskararen jatorriari buruz, Larramendik, Humboldt-ek eta beste ikerlari batzuek erdi arotik hona eraman duten ildo berdin-berdinetik: euskara Iberiako hizkuntzarik zaharrena da eta Europako zaharrenetarikoa.
1986tik 12 de Octubre ospitalean lan egiten dut. Iruzurraren akusazioak gezurra zirela laster baieztatu ziren; egia balira, ez nuke jarraituko ezta funtzionarioa izaten ere Unibertsitate Konplutensean eta Ospitalean.
2. Komentarioa
Esan beharra dago albistea argitaratu zenean harremanetan jarri nintzela Berria egunkariko arduradunekin, nire iritzia azaldu nien eta oharra argitaratzeaz gain, prest azaldu ziren elkarrizketa bat eskaintzeko gaia argitu nahian. Azaldu nien, oharra argitaratuz gero nahikoa zela. Hemendik euren jarrera ona eskertu nahi dut.
Antonio Arnaiz Villena. 12 de Octubre Ospitaleko eta Unibertsitate Konplutenseko
Ohartxo bat jarri behar dugu. Artikuluan "Britainia Handiko biztanleen osagai genetikoen %90a iberiar penintsularen iparraldetik datorrela" esatean, informazioa ez da oso zehatza izan. Hori orain 10.000 urte izan zen baina, gero egondako migrazioekin, une honetan britaniarren osagai genetikoen % 95etik % 58ra bitartean etorri da iberiar peninintsularen iparraldetik, Euskal Herritik bereziki.
Genetikak zer argitu dezake "euskararen jatorria"? Ezer gutxi, ene ustez, bada biologia utsak ez daki sikologia munduaz. Euskaldunak eta ingelesak ari berekoak garela odolez, alegia, baina hizkuntza ez doa odoletik. Inglaterra gendestatu zutenak euskara egiten zugten euskaldunak izan ete ziren? Hori ez daki geneetikak, baina bai, ostera, toponimiak, hango toponimiaren geihengoa euskalduna delako. Beraz genetiak euskara aztu zuan, gure artean maiz gertatzen denez, baina toponimiak eta "vasco" askoren abizenak ohiko euskaldunen kutsua aitortzen du. Beraz, "euskararen jatorria" euskara berak (euskara bera sakontzeak eta aztertzeak) jakin dezake.
Zorionak artikuluagatik. Hala ere, kezkatzen nau Antonio Arnaizeri buruz esandakoa. Izan ere, bere lanari buruz kritika zorrotzak egin dira hizkuntzalariengandik.