Sustatu logoa Teknologia albisteak

Malentxo anderea, Iruña Veleiako gaia konpon ezazu, datazioak eginez

Ez dakigu, gaur egun munduan, era zientifiko batez argitzeko gai hau baino gauza errazagorik egongo ote den. Baina, aurreko diputatua izan zen Lorena Lopez de Lacallek konpontzeari uko behin egin zion, behin eta berriz. Hasieran, Aldundiak sortutako Batzordeko kide gehienen –ez guztien- txostenetan oinarrituta hartu zuen erabakia. 2008ko azaroaren 19an, Batzordeko kide batzuek, ostrakak faltsuak zirela adierazi zuten, argi eta garbi, besteak beste, “Descartes” hitza agertzen zelako eta osagai kimiko moderno bat zutelako.

Lehendabizi, publikoki eskerrak eman nahi dizkizugu, Kultura, Arabako Aldundiko Euskara eta Kirol Diputatu berri gisa gu hartzeagatik, eta, Iruña Veleiako ostraken gai korapilatsu honetan gure iritzi xumea emateko aukera eskaintzeagatik.

Ezin gara gai arkeologikoetan, linguistikoetan, historikoetan… sakonki sartu espazio faltagatik. Hala ere, argitaratutako 16 txostenek –kopuru handia benetan- ostrakak faltsuak direla esateko eman ziren argudioen ia %100ari erantzuna eman diotela azpimarratu beharra dago. Artikulu honetan, arlo kimikoan zentratuko gara, era zientifiko batez eta zalantzari inolako zirrikiturik utzi gabe gai hau argitu dezakeelako.

Aldundiko Batzordean zientzien arloko adituak bi baino ez ziren: Fernando Legarda jauna, ingeniari nuklearra eta Juan Manuel Madariaga jauna, kimikaria. Lehenengoak ostraken euskarriak, -zeramikak- erromatar garaikoak zirela baieztatu zigun. Bigarrenak, ostrakak faltsuak zirela esan zuena izan zen, osagai moderno bat zutelako. Hurrengo egunean, Eliseo Gilek argitu zuen gai hau, Madariagak aurkitutako osagai moderno horiek normalean apurtuta agertzen diren zeramika zatiak itsasteko erabiltzen zen kola zela zehaztuz. Madariagak azaroaren 19 baino lehen gai honi buruz Eliseori ez galdetzea oso esanguratsua da, kontu hau argitzeko hori egin behar izan zuelako. Eliseo “harrapatzera” joan zen, Batzordean zegoen faltsutasunaren aldeko giroak, seguruenik, bultzatuta. Baina, noski, harrapatuta, Eliseo baino, bera izan zen.

Baina Madariagaren txostenean 19ko prentsaurrean esan zuenari buruz ez da ezer agertzen. Guztiz kontrako gauza bat esaten du, prozedimendu kimikoen bidez ostrakak ezin direla datatu zioen, zeramikak gehiegi garbitu direlako eta ez zutelako sedimentu nahikorik haien azaletan. Bere txostena Aldundian abenduaren 3an sartu zuela esan beharra dago, hau da, prentsaurrea baino 13 egun beranduago. Denbora nahikoa izan zuen berak esandakoa zuzentzeko. Berandutze hau ez zen salbuespena izan, txosten bakar bat izan ezik, gainerako guztiak 19ko prentsaurrea baino 2-3 aste beranduago eman zirelako. Hau da, Eliseo kanporatu zuten, Aldundian eman gabe zeuden txosten batzuetan oinarrituta.

Ondoren, Lorena Lopez de Lacallek, ostrakak egiazkoak izan zitezkeela esaten zuten 16 txostenak ikusi zituenean, Madariagaren txostenak -zituen kontraesanengatik- askorako ez zuela balio ikusi zuenean, Aldundiko Batzordeko kideak 16 txostenei erantzuteko gai ez zirela ikusi zuenean eta, batez ere, txosten horietako batek -Koen geologoarenak- ostrakak datatu zitezkeela esaten zuenean, ez zuen eman beharreko erabakia hartu: datazioak egin daitezkeen ala ez aztertzea eta horrekin, gai korapilatsu hau argitzea. Epaitegiaren bidea aukeratu zuen, ordea.

Eta iaz, gai hau daraman Epaile andereak datazioak egiteko urratsei hasieran eman zienean, akusatuak, hau da, Eliseo Gilek eskatu zuelako, Lorenak ere ez zuen egin beharrekoa egin: datazioak beste inor baino lehenago egin, ostrakak egiazkoak diren al ez jakin ahal izateko. Epaileak, Madariagak esaten duenaren kontra, datazioak egin daitezkeela uste badu, ez zen egokiagoa izango epaileari aurre hartzea?

Kuriosoena hauxe da: akusatuak proba zientifikoak eskatu izana eta ez akusatzaileak. Hau guztiz kafkianoa da baina, frogatzen du, gure ustez, Eliseo errugabea dela, Aldundiak Batzordea sortu zuenean horixe delako egin zuen lehenengo eskaera: 100 ostraka polemikoenak datatzea eta, beste arkeologo batzuek, alderdi bietatik kanpokoak, kata kontrolatu batzuk egitea, ea ostraka esanguratsu gehiago agertzen ziren. Bigarren hau Batzordeko Perring jaunak ere eskatu zuen baina ez ziren egin nahi izan.

Gainera, datazioak egin daitezkeen ala ez argitzeko, inori ez zaio bururatu gai honetan gehien dakitenei galdetzea: Europan dauden arkeometriako laborategiei, adibidez, Liejako Unibertsitateko CEAri (Centre Européen d’Archéométrie) edo Groningen-go LCMri (Laboratory for Conservation & Material Studies).

Orain, EAko Lorena anderearen ordez, Malentxo anderea, zeu zaitugu EAJren alderditik Kultura Diputatu. Baina, nahiz eta alderdi politikoa aldatu, zuekin izandako bileran, zeuk eta zure taldean dagoen Roman Berriozabalek, orain arte egindakoarekin erabat ados zaudetela esan zenuten. Horrez gain, Epaileak esaten duenaren zain egon behar dugula eta Aldundiak Epailearen ikerketa ez zuela oztopatuko eta datatu ahal izateko ostrakak eskatuko balitu eman egingo dizkiezuela ere gehitu zenuten.

Zoritxarrez, Euskal Herrian Justiziarekin esperientzia asko dugu eta horrek erakusten digunez, bere eraginkortasuna zalantzan dago. Adibide gisa Egunkaria-rekin gertatutakoa aipa genezake, 8 urte tardatu izan dute epai bat ematen eta, gainera, ez du, inolaz ere, bere itxierak sortarazi zuen kaltea konpontzeko balio izan.

Ostrakak egiazkoak ala faltsuak direla jakiteko 8 urte itxaron behar baldin badugu, izutzeko modukoa da. Gainera, datazioak egin behar dituen Guardia Zibileko Sailak materialen ikerketan esperientzia handia badauka ere, hilero hondakin arkeologikoen datazioak egiten dituzten eta esperientzia handiagoa duten arkeometriako laborategiek berme askoz handiagoz egingo lituzkete.

Gainera, 15.000 euro direnez, Malentxo anderea, ez litzateke logikoagoa izango datatu daitezkeen ala ez galdetzea, urtetan gai honekin bueltaka ibili gabe?

Bileran dezepzio handia hartu genuen zurekin, gai hau orain arte jarraitutako bide beretik eramango duzuela ikusi genuenean. Bide horrek bi kalte izugarri egin ditu orain arte: ostraken faltsutasuna gizarte osora zabaltzea, kata kontrolatuak eta datazioak egin baino lehen, jokaera guztiz desegokia dena. Eta, bestetik, indusketa eremuaren %3 suntsitzea, pasa den uztailean, hondeamakina batek harlauzetaraino lanean aritu zenean. Pala mekanikoak harlauzen gainean zegoen guztia erauzi zuen: hormak, estratuak, hondakinak…Ez genuke nahi, 8 urte barru, egiazkoak direla ebatsiko balitz, indusketa eremu guztia suntsituta egotea, hondeamakina batek dena aurretik eramanda, uztailean horrela egin hasi zuen moduan.

Malentxo anderea, EAJk gai honen ardura hartuko balu, zentzu gehiagoz jokatuko zuela uste genuen, beste zenbait gaitan erakutsi duen moduan. Adibidez, Leitzaranetik egin nahi zen autobiaren gaian, zure alderdiak gai hau modu egokian konpondu zuen. Edo Getariako Balentziaga Museoa, aurreko arduraduna kendu ondoren, gaia modu egokian kudeatu duzuelako.

Amaitzeko, zure alderdiko kidea den Amatiñoren hitzak gogoratu nahi genituzke. Berak idatzitakoaren arabera, Aldundiko Batzordeko kideek esandakoez inolako zalantzarik ez zuela izan esan ondoren, 13 txosten eginda ikusita (hau idatzi zuenean orain baino 3 gutxiago zeuden), ez zeukala zentzurik datazioak ez egitea, faltsuak ziren ala ez argituko liguketelako. Eta honako hau ere esan zuen: “Ez dakit baina, ni Euskaltzainburu edo Arabako Diputatu Nagusi banintz ez nuke lasaiegi lo egingo. Eta... benetakoak balira? Historiak ez lieke konturik eskatuko Gorrotxategiri, Lakarrari eta abarri, ezta Euskal Herriko Unibertsitateari ere, Euskaltzaindiari eta Arabako Diputazioari baizik…Andres Urrutiak eta Xabier Agirrek dute hitza.”

Koldo Urrutia
Arabako Iruña Argitzeko Batzordearen izenean

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu