Ez Dok Amairuk isilarazitako txanboliñ txikia
Euskal Herrian oso fenomeno berezia gertatu zen duela mende erdi inguru: kantautoreak musika komertzialari gailendu zitzaizkion. Kantautoreak mainstream izan ziren eta pop musika, underground. Denek ezagutzen zituzten Ez Dok Amairu mugimenduko kideak, baina inork gutxik zekien nortzuk ziren Javier Madina, Luis Amilibia edo Zorion Egileor.
Euskalerria Irratiko kolaboratzaile Jon Zelestino musikari eta musikazale porrokatuak garaiotako pop-musikako zenbait perla distiratsu, ikusgarri, entzungarri berreskuratu ditu. Irratian aireratu genituelarik, Sustatuko lagunek audioak otoi hona igotzeko eskatu ziguten , herriak audio horiek entzuterik eduki zezan. Herriak merezi du. Eta bere garaian bazterturiko pop-gile haiek ere bai. Beraz, hona hemen haien audioak.
Javier Madinak Raphaelen ereduari jarraitu zion musikari zein estetikari doakienez. Itzela Raphaelen El tamborilero kanta ezagunaren euskarazko bertsioa: Txanboliñ txikia.
Luis Amilibiak Bob Dylan omendu zuen, haren Blowin' in the wind euskarara ekarriz, Entzun aizetan goiburuarekin (sarreran ere itsatsi dugu hau):
Zorion Egileor abeslari bizkaitarra gertuago zegoen Ez Dok Amairukoengandik zenbait abestiren tematikari dagokionez, baina askoz ye-yeagoa zen musika estiloari doakionez. Haren Bizi beti euskereaz hurrengo Ibilaldia festaren kanta izan beharko litzateke. Abestiaren hasierak Massielen La, la, la dakarkigu gogora.
Jon Zelestinok bi asteazkenetan behin jite honetako perlak eta batez ere musika beltza aireratzen ditu Euskalerria Irratian, Hau ez da euskal musika saioan, 21:00etatik 22:00etara.
Hemen itsatsitako doinuak jaitsi nahi badituzu, mp3ak jarri ditugu Euskalerria Irratiaren webgunean.
Erantzunak kargatzen...