Sustatu logoa Teknologia albisteak

Sagardoa, euskal edari nazionala

Iñigo Fernández Ostolaza
2011-03-11 10:03

Joan den astean, hemen, sustatuzale batek zioen bere ametsetako Euskal Herri independentean sagardoa izango litzatekeela edari nazionala. Poztu egin ninduen aldarrikapenak, aspaldi ez baikenuen irakurri edo entzun lehen hain jakina zena: sagardoa euskal edari nazionala (izan) dela, alegia.

Deskulturalizazio handia jasan dugu euskaldunok azken hamarkadotan sagardoaren inguruan. Sagardotegietara joaten gara txotx garaian, bai, baina zer dakigu gure edari nazionalaz? Eta geurea sumatzen dugu sagardoa, bai, baina zenbat edaten dugu urtean zehar?...

Ez ote ari zaigu gertatzen sagardoarekin euskararekin gertatzen ari zaigun bera, alegia maite bai baina erabili gero eta gutxiago egiten dugula?...

Adituak ez datoz bat sagardoa Euskal Herrian noiztik dagoen zehazterakoan, baina Sagardoetxean ematen diren datu batzuk oso esanguratsuak dira: hogeigarren mende hasieran, Gipuzkoan, 50 bat botila edaten genituen pertsona bakoitzeko batazbeste. Sagardoa oso sartuta zegoen gure etxeetan.

Hirurogeigarren hamarkadan, ordea, botila bakarrera jaitsi zen batazbesteko hori. Pinuengatik ordaintzen hasi ziren, eta sagarrondoak hazteari utzi zioten askok; garagardoak eta edari frexkagarriek gora egin zuten... Ondorioz, ia zeharo galdu genuen sagardoaren kultura.

Baikortasunerako daturik ere bada ordea: gaur egun, 9 bat botila edaten omen ditugu pertsonako urtean batazbeste. Oso poliki bada ere, ematen du biziberritzen ari garela gure sagardoaren kultura...

Nahiko nuke. Sagardoa hemen ez baita produktu hutsa. Sagardoak balio gastronomikoa du, jakina. Gozoa da, frexkagarria, osasungarria. Baina horrez gainera, tradizioa eta kultura ere bada guretzat sagardoa. Euskal Herriko sagastiak, sagarrak, gure mendi eta baserriak... Horiek guztiak daude gure sagardo edalontzi bakoitzaren atzean.

Zu sagardozalea al zara? Ala askori euskararekin bezala, gertukoa egiten zaizu baina ez gozagarria? Bihurtuko al dugu benetan berriz sagardoa gure edari nazionala? Ala bigarren mailara kondenatuko dugu betirako, ardoen, garagardoen eta frexkagarrien azpitik?...

Oharra: Sagardogile batzuentzat ere ari naiz lanean azkenaldian, baina lehenagotik naiz sagardozalea, benetan motibatzen nau gaiak, eta sagardogile guztien alde nahi nuke atera sustatzaileon artera. Esan gabe doa, ni kontu hauetan zalea naizela, ez aditua, eta beraz, gustura jasoko ditudala haien ekarpenak.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu