Sustatu logoa Teknologia albisteak

Christopher Hitchensentzat nahikoa dira bi atzamar makinaz idazteko

Luistxo Fernandez
2011-03-08 09:03
Hamar barik, nahikoa bi

Hamar barik, nahikoa bi

Nire teoria da mekanografia, hamar atzamarrekin, bakarrik dela baliagarria baldin eta tekleatu behar duzuna aldez aurretik emana datorkizun: alegia, paperetik testu bat kopiatu behar duzu, edo diktaketa lanean (edo grabaketa batetik transkribatzen). Alegia, idatzi behar duzuna ez denean zure ahotsa. Aldiz, pentsatu eta idatzi behar baduzu, alferrik da. Sekula ez doaz eskuak burua baino azkarrago. Pentsatu egin behar da, ideiak ordenatu, eta esaldietan forma eman haiei. Eta horrela sortzen zaizuna, idatziz jartzeko, bi atzamarren abiadura nahikoa da.

Izatez, kazetari izan nintzenean edo gerora ere (idaztea tokatu izan baitzait), mekanografoak topatu izan ditut inguruan, baina nik baino azkarrago idazten dutenak, ba ez. Hiru mila karaktere kokodriloen krudeltasunaz? Alde ala kontra? Aterako dizkizut bi atzamarrekin, askok hamarrekin baino azkarrago.

Hitchens horrela ikustea poz handia izan da niretzat beraz. Bideoa Reddit albiste-komunitatean aurkitu dut. Ez naiz lehena izan bertan Hitchensen idazteko erari erreparatu diona, baina nonbait, sinestezina da kontua gehienentzat. Neure iritzia ere utzi dut bertan, baina jendea ez dago neurekin ados. Programatzaile batek baino gehiagok erantzun du abiadura mentalaren argudioarekin, hamar atzamarrekin azkar idazteak abantaila dela, burua hurrengo pentsakizunera ahalbait azkarren pasatzeko... Batek Hitchensen beste bideo bat ere aipatu du, non sei atzamarrekin ari den nonbait. Badaezpada ez dut klikatu: nire aurritziak dagoeneko nahikoa finkatu dira lehen bideo honekin, ez dezadan neure uste irmoa despisteekin kutsa.

Ezagutu Hitchens

Christopher Hitchens da idazle polemiko eta azkar-azkar bat. Ezker marxistatik abiatu eta Irakeko inbasioaren aldeko bihurtzeraino. Bidean, monarkia britainiarra, Clinton, Ama Teresa Kalkutakoa... makina bat pertsonaia publiko txikitu ditu bere lumaren zorrotzarekin. Azken urteotako ateismo berrindartuan ere protagonista nagusietako bat dugu, ez bakarrik Jainkoaren absurdoa nabarmentzen duelako, baizik eta erlijioen oker eta kalteak agerian jartzeko egindako lanagatik.

Ikusi ezazue, jariorako nolako gaitasuna duen:

Eta idazten bada...

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu