Facebook bidez iruzkinak egiteko sistema berria, Sustatun eta hainbat tokitan
Edozein webgunetan iruzkinak uzteko sistema arin bat ireki berri du Facebook-ek. Sustatun bertan ere ezarri dugu, aproba gisa, albiste guztietan.

Argazkiak.org | Facebook-eko iruzkinak Sustatun © cc-by-sa: sustatu
Beste webgune batzuetan ere martxan dago sistema jada, hala nola TechCrunch-en, non nabarmendu duten aplikazioa garrantzizkoa dela, baina horrekin batera login egiteko sistema honetan Google eta Twitterrek bat ez egitea erabaki dutela.
Sistemaren gakoa oso sinplea da. Kode-lerro gutxi batzuk baizik ez ditu gehitu behar webgune jakin baten jabeak bere blog edo gunean, Facebook-eko iruzkinak sorrarazteko. Tira, edozein blogarik ezingo du agian bere blogean ezarri, baina kodera sarbidea duenak egin ahal izango du.
Aldekoak
Urliak erantzuna utzi Sustatun, eta bere profilean ere agertzen da, eta Berendiak erantzun egiten dio Urliari Facebook-en eta erantzun hori ere Sustatun agertzen da! Harilkatutako erantzunak ere bi tokietan errepikatzen dira, hemen eta Facebook-eko horman.
Biralki trafikoa sortzeko gaitasuna ere ikusten diogu tresnari, eta lehenago Facebook martxan jarritako iruzkin-sistema zaharragoen aldean, argiago eta eraginkorragoa dirudi (Sustatuk izan zuen bere garaian halako sistema bat, baina ez genion abantailarik ikusten, eta nahasia zen bere portaera teknikoa).
Era berean, Urliak bere profil pertsonala baliatzeaz gain, kudeatzen duen orri baten izenean ere utz dezake iruzkina Sustatun. Blog honetako editore Luistxo Fernandezek, adibidez, orri honetan Azpitituluak Euskaraz ekimenaren izenean utzi du iruzkin bat. Izenpe edo identitatearen aldetik, argia da sistema. Moderazio aukerak ere ematen ditu sistemak: argitaratu, berez argitaratzen dira erantzunak, baina webgune kudeatzaileak bere webgunetik kentzen ahal ditu erantzun jakin batzuk (baina ez iruzkingilearen Facebookeko hormatik, jakina).
Era berean, aurpegi eta izen-deitura (gehienetan) benetakoak ikusteak interesa eman diezioke iruzkinen atalari. Honetan esperantza azaldu dute, adibidez,
Kontrakoak
Eragozpenak edo arriskuak baditu sistemak, dena den. Iruzkinak Facebook-en gertatzen dira. Testua irakurtzen ahal duzu Sustatun, baina ez dugu guk artxibatzen, Facebook-ek baizik. Google-ko bilaketetarako, halaber, iruzkin horietako testua ikusezina da, edo, Facebook-en baitakoa, izatekotan.
Gaur egunean ere pairatzen dugu informazio sozial aberats horren galera Sustatun... Azken hilabeteotan, albisteetan Atsegin dut klikatzeko aukera dago, eta jendeak dexente erabiltzen du hori. Azken aldiko albisteen artean, adibidez, une honetan:
- Euskal Herri independentearena , 9 erantzun, 98 atsegin.
- Jolasen bilduma egin nahian 9 erantzun, 7 atsegin.
Bi albiste horien artean, lehenengoak nonbait arrakasta gehiago du, eta harekin asoziatuta, Facebook-ek badaki zein 98 lagunek atsegin izan duten. Sustatuko datubasean, berriz, batak zein besteak 9 erantzun dauzkatela dakigu, ez gehiago. Sistema berri honekin ere hankamotz geratuko gara alde horretatik ere: Sustatuko betiko erantzun sistemakoak artxibatuko ditugu, eta erakutsiko ditugu portadan azken erantzunak edo pil-pilean daudenak; baina Facebook-eko azken erantzunekin edo erantzun guztien datu metaketarekin, ez dugu halako informazio gehigarririk lortuko.
Dena den, sistemari buruzko FAQ edo galdetegian, adierazten dute programatikoki badagoela datu horietako batzuk berreskuratzeko modua... Ikertuko dugu hori, eta merezi badu, horren gainean garapen gehigarria egin.
Egin dezagun aproba
Bitartean, aproba gisa utziko dugu iruzkinak egiteko sistema hau. Erabiliko dute Sustatuzaleek? Ikusiko dugu. Egun batzuk barru egingo dugu balantze bat, jarraitzeak merezi duen ala ez jakiteko. Izatez, erantzunak nola azaltzen diren ere ez dakigu oso ondo, ze...
- Lehiatila grafikoa 10 erantzun arte ireki dadin utzi dugu (aukerakoa da kopurua). Hortik gora pilatuz gero erantzunak, zer gertatzen da? ea erantzun kate luzeren batek hemen edo beste nonbait argitzen digun.
- Erantzunen ordenatzea ez ei da kronologikoa... Garrantzi algoritmoren bat erabiliko ote dute orduan? Nolakoa ote?
- Erabiltzaile guztiek erantzun berberak ikusiko ditugu? 10etik gora direnean, adibidez? Ez da hala atsegin irudiekin, non bakoitzak ikus ditzakeen bere lagunen ikonoak, eta ez besteak...
Honetaz guztiaz zuek iritzirik baduzue... ba utzi hemen, Sustaturen erantzun-kutxatilaren bidez, edo Facebook-eko kutxatilarekin. Aukera zuena da.
Erantzunak kargatzen...