Teknologia albisteak
3

Incolak eta diasporak

Erabiltzailearen aurpegia
Ibai Iztueta
2011-03-01 : 09:03

Elebitasunaz aritu ohi gara. Eta ongi dago hori. Nor izutzen du elebitasunak? Inor ez; denok atsegin dugu, eta eleaniztasuna, zer esanik ez. Halere, ez legoke gaizki bakoitzak bere gizarte elebidun ideala, praktikan, nolakoa imajinatzen duen publikoki adieraztea. Faltan botatzen dut.

Zehazten hasita, neuk behintzat, mugaren alde honetako gizartean bi herri ikusten ditudanez, eta, batzuen zein besteen kontzientzia nazionalak eraldatzea ez baitzait oso gertagarria iruditzen, etorkizunari eskatu nahi niokeena elebitasunean oinarrituriko bi herrion arteko elkarbizitza da, non espainolek espainolez egingo zuketen euren eguneroko bizitzan - baina aldi berean, euskaraz komunikatzeko gai ere izango liratekeen- eta abertzaleek , berriz, euskaraz bizitzeko aukera egingo zuketen -nahiz eta espainolez ere inor baino hobeto moldatu-. Zer, bestela?

Bestalde, euskararen normalizazioaz aritu ohi gara. Eta ongi dago hori ere. Baina, behar bada, ez al litzateke egokiagoa erdararen normalizazio prozesuaz mintzatzea? Urteen joanean, horrelakorik uste izateko zantzurik badagoela ematen du. Eta, tira, ezin eskandalizatuko gara bere burua espainoltzat daukanak, euskaraz jakin arren, espainolez bizitzeko aukera egiten badu. Ordea, abertzale gazteenek ere egunerokoan espainol hizkuntzaren aldeko hautua egiteak larritasun punttu bat sortu behar luke. Itxura guztien arabera espainolaren normalizazio prozesua nahiko arrakastatsua izaten ari da abertzaleen artean ere eta, egia esan, inertzia hau mantenduz gero euskarak kilkerraren potroak baino etorkizun beltzagoa izango duela igartzeko adimen soziolinguistiko pribilegiatuegia eduki beharrik ez dago, ezta?

Baina, behar bada, azkarregi eta zakarregi goaz. Behar bada, hobe izango da gogoeta hauek azken orduko zenbait termino zientifikoz, proposamen xumez eta parabolaz hornitzea.

Pako Aristik bezala, geuk ere Bidasoaz mendebalderako gizarte honetan bi herri daudela uste dugu: espainolena bata, eta, abertzaleak biltzen dituena bestea. Espainolen herria aurkezteak ez du misterio handirik: munduko futbol txapelketa irabazi berri dute eta, gainontzean, hor dabiltza, hainbestean. Abertzaleen herria ere oso interesgarria da, baina apur bat arraroagoa eta zailagoa esplikatzen. Izan ere, abertzaleen herrian bi talde xelebre samar bereiz daitezke: incolak eta diasporak.

Incola bere herrian arrotz sentitzen direnei esan izan zaie. Beraz, “euskaldun” esateko ere balio dezake. Mundu guztiak dakienez, hitz latina da incola, erromatarren garaikoa. Hasiera batean lurralde batetako biztaleak izendatzeko erabiltzen zuten, besterik gabe. Gero, lurralde hori konkistatu eta erromatarki zibilizatu ondoren, Estatuaren legediaren baitan atzerritar estatusa eman zietelarik, cives edo erromatar hiritarraren irudiaren infrentzu gisa geratu ziren incolak. Kontua da, azkenerako, incola eta atzerritar hitzak sinonimo bihurtu zirela erromatarren eguneroko hizkeran. Mark Twain idazleak uste omen zuen historiak ez daukala errepikatzeko joerarik; baina bai horratik errima polit askoak egitekoa. Eta guk, incola hitza entzun eta euskal hiztunoz baino ezin izaten dugu akordatu; alegia, gure herrian arrotz gabiltzanoz. Erdigune txiki bat dira incolak.

Diasporak, berriz, abertzale erdaldunak errespetuz izendatzeko erabil daitekeen hitza da. Diasporak periferia zabal bat dira. Abertzaleen arteko talderik jendetsuena osatzen dute eta, izenak iradokitzen duen legez, nahiz eta atzerrian bizi bere aberria gogo-bihotzetan dutela ibiltzen direnak ditugu. Diasporak dira, esate baterako, hala Rosarioko Euskal Etxeko gehienak nola Iruñean uholdearen eta sikatearen kontra ikastolak eraiki zituzten guraso erdaldun harrigarriak edota euskaraz ederki jakin arren erdaraz jarduten Donostiako ikastolakume gehientsuenak.

Bistan da, incola zarela gogoratzea ez da oso oso sentimendu bihotz- altxagarria izaten; batez ere, mozkortuta zaudenean eta arrats euritsuetan. Eta diaspora izateak ere ba omen du bere garratz puntua. Dena den, egoeraren tristeagatik erru guztia erromatarrei bota eta kontuak beraiei soilik eskatzeko tentaldia itsusia eta despistagarria izan liteke. Zeren eta, bistan da, norbera emateko edo egiteko prest ez dagoenik besteri eskatzea ez baita ez oso edukazio onekoa, ez oso serioa. Eta zenbait alderdi politiko espainiazalek euskararekiko agertzen duen higuina zein itxurakeria olinpikoa benetan miresgarria den arren, galdetzea ere badago abertzaleen partetik, egin litekeen guztia egiten ote den.

Hain zuzen, lehengo batean, euskararekiko arduraren harira Biturie ezizeneko blogari jeltzale batek post zentzuduna eskegi zuen sarean. Euskararen oraina eta etorkizuna bermatzeko ardura, egon, abertzaleen eskuetan zegoela nabarmentzen zuen eta EAEko gobernura iritsiko diren hurrengo alderdi abertzaleek gai honi buruz urteetan nagusi izan den paradigma errotik eta urgentziaz aldatu beharko luketela. Are gehiago, zioen, EAEko gobernura iritsi beharrik gabe ere, aldundi eta udaletxeetan, badagoela nondik hasi eta orain artekoa baino pulamentu dezente handiagoaren premia larria dagoela.

Klase politikoari begira, bereziki EAEkoari, Bituriek berregituratu beharreko hainbat alderdi aipatzen zituen, horietako batzuk bereziki nabarmentzea merezi dutenak. Besteak beste, zioen

  1. eskola publiko zein pribatu guztiek, salbuespenik gabe, euskararen ezagutza eta kalitatea ziurtatu behar luketela, ikasleak bertatik euskaraz eroso egiteko gai izanez irten daitezen;
  2. euskal administrazioetan sortzen denaren erdiak –gutxienez- euskaraz beharko lukeela eta ez, orain arte bezala, osoki espainoletiko itzulpengitzaren emaitza soila;
  3. gobernu abertzale berria osatuko luketen kargudunek eta egunean egunekoa kudeatuko luketen bitartekoek, ahal den neurrian, euskaldun gaituak beharko luketela izan eta kargu euskaldun praktikantearen dekalogo bat ez legokeela soberan; eta,
  4. batez ere, kaskoan sartu behar genukeela euskara ez dela elementu kultural bat, baizik eta Euskal Herriaren hizkuntza, hizkuntza nazionala, alegia, eta ondorioz, Kultura Sailetik atera eta zentraltasuna eman behar litzaiokeela.

Zerrendatxo hau, bere soiltasunean, oso argigarria da, urte luzez egin gabe utzi den guztiaren zatitxo bat salatzearekin batera proposamen pizgarri batzuk luzatzen dituelako, borondate-erakusgarri.

Gaineratikoan, “euskara dela euskaldunen aberria” dioen mantra esparru batzuetan lehen bailehen barneratzen hastea ere mesedetan genukeela dirudi. Izan ere, sasoi bakoitzak lelo edo mezu jakinen bidez erantzun beharreko desafio batzuk izaten ditu. Bere garaian, “Euskadi da euskotarren aberria” delakoarekin, nortasun baten aurkako erasoari egin nahi izan zitzaion aurre. Geroago, “bertakoa Euskadin lan eta bizi den oro da” esana irtengo zitzaion bidera xenofobiaren mehatxuari. Euskararen erabilera, azken batean, kontzientziaziotik baino ezin dela bultzatu kontuan hartzen badugu, baliteke esparru jakinetan euskara eta aberria berdintzen dituen ideia igortzen hastea izatea gaur egun tokatzen dena.

Aberri abegitsua da euskara: diasporak euskaldundu ahala utziko diote icolek bere herrian arrotz sentitzeari. Belaunalditako kontua, noski; hemen aleturikoa baino konplikatuagoa, jakina. Herri honetan, batetik jeltzaleak, bestetik batasunakoak, beltzak zein zuriak, incolak eta diasporak, oso buruhandiak izango gara, eta batzuetan baita gorrotagarriak ere elkarrentzat, baina herri egiten gaituen hizkuntzaren alde mantenduz kristoren errespetua eta maitasuna azaldu diegu geure aurrekoei, geure buruari eta geure ondorengoei. Baditu garai bakoitzak bere ardurak eta hobe izango dugu, ziur asko, aitzakia merke bila edota fede txarrez botatako ergelkeriei erantzuten denbora eta umorea galdu beharrean, bestek irekitako bideari segida duina nola eman burutzen jarraitu.

Ez litzateke txarra, etorkizunean, 2010etik 2020ra bitartekoa abertzaletasuna euskalduntzeko estrategia bateratu bat finkatu eta neurriak erabakimenez hartu zireneko hamarkada gisa ere gogoratzea. Ez litzateke hain txarra. Incolarik eta diasporarik gabeko Euskal Herri bat imajinatzen? Abertzale guztiak euskaraz egiten duteneko gizarte bat imajinatzen?

Erantzunak

Luistxo
2011-03-01 : 09:58

Aizu... Incola termino hori... egia esanda, ez dut sekula entzun. Nondik atera duzu?


ibai iztueta
2011-03-01 : 12:39

Egunon, Luistxo



"Mundu guztiak dakien bezala" espresioa, bromatan darabilt, noski.



Antza, edozein latin hiztegi on samarretan aurkituko duzu incola terminoa, bi adierarekin: 1) biztanlea 2) atzerritarra. Eta esplikatzen dudan esanahiaren bilakaerari buruzko azalpena Lorenzo Gagliardi-ren Mobilità e integrazione delle persone nei centri liburuan. 2006koa



ibai iztueta
2011-03-01 : 12:42



Etenda eman dut erreferentzia. Hau da osoa:



Mobilità e integrazione delle persone nei centricittadini romani. Aspetti giuridici. La classificazione degli incolae

Erantzun

Sartu