Hizkuntzak eta politika
Jarraian hizkuntzaren eta hautu politikoen arteko harremanari buruzko datu batzuk azalduko ditugu, eta atera ditzala bakoitzak bere ondorioak. Ez dira datu zehatzak, zirriborro bat baizik. 2005eko EAEko hauteskunde autonomikoetako emaitzak eta hauteskunde hauek burutu aurretik CIS erakunde estatalak buruturiko ohiko inkestako datu batzuk lotu ditugu. Hain zuzen ere, inkesta horretan, hainbat galdera interesgarriren artean, ondorengo hau aurkitzen da: Respecto a su nivel de conocimiento del euskera, ¿podría decirme si lo habla con fluidez?
Jakina denez, 2005eko EAEko hauteskunde autonomikoetan lehenengo indarra EAJ-EA koalizioa izan zen, botuen %39 ingururekin. Bada, CISeko datuen arabera, kalkula daiteke EAJ-EA koalizioa bozkatu zuten 206.000 lagun, gutxi gorabehera, euskaldunak zirela euskaraz aise aritzeko gai- eta 257.000 lagun inguru, berriz, erdaldunak eskuarki, elebakarrak, espainolez-.
Bigarren indarra PSE-EE izan zen, botuen %23 ingururekin. Botuemaile euskaldunak, 31.000 eskas; botuemaile erdaldunak, berriz, 235.000.
Hirugarren indarra PP izan zen, botuen %17 ingururekin. Botuemaile euskaldunak, 8.300; botuemaile erdaldunak, 200.300 inguru.
Laugarren indarra EHAK izan zen, botuen %12 baino zerbait gehiagorekin. Botuemaile euskaldunak, 101.600; botuemaile erdaldunak, 48.500.
Bosgarren indarra EB izan zen, botuen %5 baino zerbait gehiagorekin. Botuemaile euskaldunak, 18.200; botuemaile erdaldunak, 46.500.
Seigarren indarra Aralar izan zen, botuen %4 ingururekin.
Botuemaile euskaldunak, 25.700; botuemaile erdaldunak 2.700. Botua eman zezaketen lagunen herena -%33- abstenitu egin zen, alegia, EAJ-EAri botua eman zion jendea baino dezente gehiago. Botuemaile potentzial hauen artean, euskaldunak, 229.00 inguru ziren; erdaldunak, 358.000.
Orain, egin dezagun irudimen ariketa bat. Imajina dezagun ez da hain zaila- populazioaren sektore bati botua emateko eskubidea ukatzen diogula. Imajina dezakegun, lehenengo, erdaldunei ukatzen diegula eta gero, euskaldunak direla botu eskubiderik gabe uzten ditugunak.
Auzitegi Gorenak erdaldunak botu eskubiderik gabe geratuko direla erabaki eta euskaldunen botuak 627.000 inguru- soilik hartuko bagenitu kontuan, ondorengo hau izango litzateke, ehunekotan, indar politikoen arteko indar korrelazioa: Lehenengo, EAJ-EA, %52 ingururekin; bigarren, EHAK, %25,5 ingururekin; hirugarren, PSE, %7,7 ingururekin; laugarren, Aralar, %6rekin; bosgarren, EB, %4,5ekin eta seigarren, PP, %2rekin.Bestalde, euskaldunen hauteskunde hauetan abstentzioa %36koa izango litzateke.
Aldiz, euskaldunak boto eskubiderik gabe geratuko balira eta erdaldunenak baino ez balira kontuan hartuko -1.155.000 inguru- honelako zerbait izango litzateke EAEko legebiltzarreko paisaia: Lehenengo indarra, EAJ-EA, %32rekin; bigarren indarra, PSE, %30 eskasekin; hirugarrena, PP %25ekin; laugarren eta bosgarren, EHAK eta EB, bakoitza %6rekin. Aralar ez litzateke %1era iritsiko. Abstentzioari dagokionez, erdaldunen artean, %30an legoke.
Horiek eta horrenbestez, hizkuntzak eta politikak loturarik ba al duten? Tira, aurkeztu dudan zirriborro zabar honi suposatu behar litzaiokeen errore estadistikoa garrantzitsua da; gainera, serioa izan nahi duen edozein ikerketak euskaraz aise egiteari buruzko datuaz gain, erabilera edota hizkuntz kalitatea bezalako aldagaiak kontuan hartzen ere asmatu behar luke. Dena den, kalkulutxo hauen argitan, hizkuntzak eta politikak zerikusirik ez dutela dioen baieztapena zalantzan jartzeko haina motibo badela esango genuke. Are gehiago, badirudi, gaur gaurkoz, badaudela, bai, harremandurik hizkuntza eta hautu politikoa.
Bere buruari abertzale esaten dieten indarren artean (PNV-EA-EHAK-Aralar) % 52 euskaldunak dira eta %48 erdaldunak. Bere burua konstituzionalista esaten dieten indarren artean (PSE-EE-PP), berriz, %81 erdaldunak dira eta %9 berriz, elebidunak, esan nahi baita, euskaldunak.
Beste kontu bat da etorkizunean hizkuntzak eta hautu politikoak hain estuki loturik agertuko diren ala ez. Eskain dezagun gogoetarako azken elementu bat. CISen galdetegiari erantzun ziotenen artean botua emateko adinarik ez zuten lagunak ere adierazten dira. Horien arteko %78 inguruk etxean jasotako hizkuntza espainola zuten eta %22 inguruk, berriz, euskara. Dena den, elebidunak %79 ziren; %21, berriz, erdaldun hutsak.
Erantzunak kargatzen...