Teknologia albisteak
5

Gurebook.com, euskal liburu digitalen denda

Erabiltzailearen aurpegia
Amaia Garcia, Bookhunterblog
2011-02-25 : 11:02

(Bookhunterblog da Amaia Garciak Donostiatik idazten duen blogak. Liburuak, eta liburuen ingurukoak dira bere gaia. Idatzi duen azkenengoa argitaratzeko baimena eman digu). Gurebook.com iazko Durangoko Azokan aurkeztutako on line denda da, euskal liburu digitalen saltoki bateratua bihurtzeko asmoarekin sortu dena. Gurebook.com proiektua hobeto ezagutzeko, bookhunterblog-ek honen arduradun den Ixiar Uria elkarrizketatu du. Galderak erantzuteaz gain, Ixiarrek Gurebooken eros daitezkeen hiru liburu gomendatu dizkigu: “Konbinaketa ugari egin daitezke gure liburuekin… hona bat”, dio Ixiarrek.


Argazkiak.org | Gurebook.com © cc-by-sa: sustatu

bookhunterblog: Hasteko, zer da Gurebook.com?

Ixiar: Gurebook.com liburu elektronikoen on line denda da. Gurebooken ezaugarririk nagusiena euskal produkzioan espezializatua dela da. Helburu nagusia: bai bezeroei eta bai argitaletxeei euskal produkzioaren liburu elektronikoen katalogorik zabalena eskaintzea. Aldi berean, komunikaziorako tresna hurbila eta azkarra eskaintzea, hain zuzen ere, atariko blog-arekin lortzen ari garena.

b: Zergatik erabaki duzue euskal idazleek idatzitako liburuak saltzea?

I: Ez zegoen euskal argitaletxeek kaleraturiko liburu elektronikoak soilik saltzen zituen plataformarik eta horretan datza, gure ustez, Gurebooken abantaila nagusia. Orain arte, argitaletxe bakoitzak bere on line dendan saltzen zituen bere liburu elektronikoak eta, noski, on line denda erraldoietan ere badaude euskal idazleek idatzitako liburuak baina beren negozioan oso gutxi esanahi dute eta gure atarian mimo bereziaz bakoitzari merezi duen ikuspena edo bisibilidadea ematen saiatuko gara.


Argazkiak.org | Gurebook bloga © cc-by-sa: sustatu

b: Zergatik batu dira gurebook.com sortzeko (teorian behintzat) “lehiakideak” diren argitaletxeak? Liburu digitalean oraindik ez dago lehiakortasunik?

I: Gogoratu Gurebook.com denda bat dela eta zentzu horretan argitaletxe guztietako liburuak saltzen dira. Denentzako ona den proiektu bat eta etorkizunari aurre egingo diona ikusi dute Gurebookeko bultzatzaileek. Eta ez dira argitaletxeak soilik, hain zuzen ere, teknologia enpresak ere badaude ideiaren sorreran.

b: Zeintzuk izango dira abantailak erosleentzat?

I: Erosotasuna, prezioa, denbora… Erosotasuna, irakurgailua arin-arin motxila txiki batean ere eramateko modukoa delako, bertan liburu piloa sartuz gainera. Prezioa ere bai, merkeagoak dira liburu elektronikoak paperezkoak baino, bataz beste %30 merkeagoak. Denbora, oso garrantzitsua, ez duzu denda batera joan beharrik edo, interneten erosiz gero, liburua noiz iritsiko den zai egon beharrik. Minutu batean liburua erosi, deskargatu eta zure irakurgailura pasa dezakezu: irakurtzeko prest!

b: Liburu digitala, etorkizuna al da? Ondorioz, paperezko liburuek atzera egingo al dute?

I: Bai, etorkizuna da baina ez du zergatik paperezkoa baztertu behar. Biak konpatibleak direla uste dugu.

b: Hasi al da dagoeneko aldaketa edo migrazio hau?

I: Ez dakigu zehazki zein izango den guzti honen etorkizuna eta ez daukagu daturik oraingoz ezer aurreikusteko. Momentuz, bidea egiten ari gara, lehen pausoak ematen, atzean ez geratzeko, alegia.

b: Liburu digitalak irakurri nahi baditugu, erabiltzaileok e-Reader bat edo tablet bat erosi beharko genuke? Zein aukera ditugu merkatuan?

I: Gomendagarria da, bai, ordenagailuan ez da erososa liburu oso bat irakurtzea. e-Readerrak bistarako bereziki diseinatuak daude: tinta elektronikoaren teknika erabiliz, paperezkoaren itxura eta sentsazioa lortzen dute, ez dute argirik emititzen (ordenagailuaren pantailak ez bezala) eta modu horretan bista hondatu gabe, lasai irakur dezakegu nahi dugun denbora guztian. Tabletak, funtzionalitate ezberdinak eskeintzen ditu, eta horien artean, liburu elektronikoak irakurtzea. Aldiz, ez dute tinta elektronikoaren teknologia barneratzen. Merkatuan dagoen aurkera oso zabala da; era, tamaina eta pixu ezberdinetako e-reader eta tabletak daude. Etengabe ari da eskaintza zabaltzen.

b: Liburu digitalak nagusitzen badira, zein izango da liburudenda fisikoen eta liburutegien etorkizuna?

I: Egia esan, liburudenda fisikoen arazoa, askoz ere lehenago hasi zen, Interneten eraginez. Liburutegiei dagokienean, zaila da jakitea baina ukaezina da liburu elektronikoek jabetza intelektualaren inguruan eztabaida garrantzitsua ekarri dutela.

b: Azkenik, Gurebooken eros daitezkeen hiru liburu aukeratu ditzakezu?

Saridunetako bat: Anjel Lertxundik idatzitako Eskarnentuaren paperak 2010eko Saiakera Sari Nazionala jaso zuen. Nahiz eta autobiografia ez izan, autorearen bizipenak garrantzia handia du liburu honetan.

Salduenetako bat: Bilbao – New York – Bilbao, Kirmen Uriberena, gehien saltzen diren liburuen artean dago. Loiu eta JFK aireportuen arteko bidaia istorio desberdinak aurkezteko aitzakia da.

Berrienetako bat: 2010. urtean argitaratutako 3 Mariak, Arantxa Urretabizkaiak idatzita, Maria izena duten hiru lagunen ibilbidea erakusten digu, haurtzarotik zahartzarora.

Jatorrizkoa, baimenarekin: © Amaia Garcia / Bookhunterblog

Erantzunak

Goio Arana
2011-02-25 : 12:14

Badago gauza garrantzitsu bat Gurebook-i falta zaiona: ematea liburen matadatak. Behin halako proiektuan sartuta merezi zuen, ba!


Besteak batzuen artean, asko eskertuko dugu metadakak ematea bibliografia kudeatzeko Zotero.org tresna librearen erabiltzaileok.


Sareko liburu denda eta egunkari asko eta askok ematen dute dagoeneko gauza arrunt bezala datu horiek. Horrekin asko errazten dira bibliografia kontuak.



Argazkiak.org | Metadatuen ikonotxoa URL barran © cc-by-sa: goioarana


Goiko irudian ikus daiteke URL barran nola agertzen den liburu baten ikonotxoa, halakoa izanez gero oso erraza da liburuaren datu bibliografio guztiak xurgatzea. Gurebook-ek ez dauka.


haritz rodriguez
2011-02-25 : 16:49

ETB3ko Nickdutnik saioan ere elkarrizketatu genuen orain hilabete batzuk Ixiar Uria, baita egitasmo honetako parte den Libenet enpresako Alexis Mindegia ere.

Hemen uzten dizuet bideoa.

Sautrela
2011-02-26 : 02:07
Mikel Goñi
2011-02-26 : 02:45

Bada, nik ez dakit zer pentsa.



Liburu-e irakurle bat oparitu didate Gabonetan. Irakurtzeko nahikoa daukat horren barruan erosten hasi gabe ere. Baina, kuriositatearen kuriositatez, liburu bat erosi nuen Gurebook.com-en. Hara nire sorpresa, Adoberen programa jaitsi eta instalatzeko beharraz gain, programa horrek nire "liburutegiaren zilegitasuna" begiratzeari ekin zionean. Ziur naiz horretarako baimena emango niola onartu beharreko kontu horietako batean; hala ere, ez zitzaidan gustatu.

Badakit "pirateriaren" auzia hor dagoela, baina 4 euro ordaindu nituen doan eskura nezakeen zerbaitegatik, Miranderen Haur besoetakoa erosi nuelako, zeina doan eskura bainezakeen legearen barruan. Liburuarekin batera, nire lizentzia libreko liburuak miatu, zerrendatu eta kontrolatu egin zituen Adoberen programa-polizia "erosi nuen". Beste norbaitek al dauka kezka bera?

Sustatu
2011-02-28 : 16:57

Twitterren jaso ditugun erantzunetan, batek esperientzia ona izan du Gurebook-ekin, baina beste batek txarra.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago