Teknologia albisteak
1

Terrorismoak euskara zokoratu zuenean

Erabiltzailearen aurpegia
MKM EHU-EiTB ikaslea
2011-02-27 : 12:02

1960ko hamarkadaren bigarren erditik aurrera euskara eta euskaldunak batez ere terrorismoari lotuta agertu dira nazioarteko egunkarietan. ETAren indarkeriari buruzko kontakizunak bilakaera nabaria izan du ordutik.

Egunkari atzerritarrek euskaldun "agitatzaileak" (“The New York Times”, 1964-8-2) protagonista zituzten gertakariak deskribatzen hasi ziren 1965. urte inguruan : segurtasun indarren kontrako tiroketak, diktaduraren kontrako protestak, industrialarien bahiketak… Frankismoaren kontrako ekintzak zirela zioen prentsak eta trataera informatiboetan jarrera ulerkorrak ziren nagusi. Albisteak kokatzeko, euskal historiari eta euskarari buruzko datu batzuk eman ohi zituzten eta hizkuntzak bizi zuen zapalketari buruzko albisteek oraindik ere lekua zuten egunkarietan.

1970eko hamarkadan Francoren kontrako “euskal gerrillak” (“Los Angeles Times”, 1970-12-2) hasi ziren aipatzen. Laster ugaritu ziren ETAren siglak artikuluetan. Orduko prentsan “joera sozialistadun talde” (“The New York Times”, 1973-1-28) edo “erakunde nazionalista” (“The Columbus Telegram”, 1972-1-21) bezala deskribatzen zuten, eta bere kideak “estremista”, “erradikal”, “independentista” edo “separatista” gisa. Ez zegoen adostasun edo arau ezarririk, albistetik albistera eta egunkaritik egunkarira ikusten ziren ezberdintasunei erreparatuta.

Distantziakidetasunetik salaketarantz

Burgosko prozesua eta Carrero Blanco hilketak, besteak beste, ETAko kideenganako ulermena eta sostengua eragin zuten nazioartean: “World seeking mercy for Basques” (“Mundua euskaldunentzako barkaberatasun bila”, “Panama City News-Herald”, 1970-12-29) bezalako titularrak irakur zitezkeen egunkari batzuetan.

Franco hildakoan, ETAren biktimak ugaritzen zihoazen heinean euskarari buruz nazioarteko prentsan esaten zena murriztuz joan zen. Gertakariek ez zuten beste ezertarako zirrikiturik uzten: 1975etik 1980. urtera ETAk ia 300 pertsona hil zituen.

Nazioarteko egunkariak ETAri buruzko erreportaje zabalagoak argitaratzeari ekin zioten. Indarkeriari eskaintzen hasi zitzaion trataera informatiboa distantziakidetasunetik salaketarantz aldatuz joan zen. ETA erakunde “separatista” bezala izendatzen zuten informazio askotan oraindik, baina “terrorista” hitza geroz eta maiztasun handiagoarekin erabiltzen hasi ziren.

1980ko maiatzaren 4an “The New York Times” egunkariko artikulu batek (“Terror in the Land of the Basques”) “Europako txokorik bortitz, ezegonkor eta arriskutsuenetariko bat” bezala deskribatu zuen Euskadi. Urteekin egoerak hobera egiten ez zuela konfirmatu zuen “Los Angeles Times” egunkariak 1984ko martxoaren 2an. “Liberty or Terror: Basques, a Dilemma for Spain” artikuluak gizartearen zatiketa ikaragarria zela zioen eta GALen agerpenaren berri ematen zuen. Euskadi gerra zibilerantz zihoala esaten zutenen adierazpenak ere jaso zituen prentsak.

Mobilizazioak eta albiste laburrak

Artikulu gehienak terrorismoari buruzkoak izanik, salbuespenak salbuespen, ETAren siglen esanahia zehazteko baino ez zen euskara aipatzen egunkari gehienetan: “Euskadi Ta Askatasuna” irakur zitekeen artikulu askotan eta ondoren itzulpen ezberdinak eskaintzen ziren egunkarien arabera.

1990eko hamarkadaren hasieran titularrek aldaezina zirudien errealitatea aurkezten zuten oraindik: “9 Killed by a Car Bomb At a Barracks in Spain” (“The New York Times”, 1991-5-30), “Seven Killed in Madrid bombing” (“The Indiana Gazette”, 1993-6-21), “Car Bomb in Spain Kills 6, Injures 15” (“Roswell Daily Record”, 1995-12-12)… Hamarkadako azken urteetatik aurrera, ordea, ETAren kontrako mobilizazioei buruzko informazioak agertzen hasi ziren nazioarteko prentsan.

Atentatuak daudenean salbu, 2002. urtetik aurrera ETAri buruzko informazioak albiste laburretan landuak izan dira batik bat. Orokorrean, iraganeko hildako-zerrenda luzeek atxiloketei, epaiketei eta indarkeriaren kontrako protestei eman diete bide. Bestalde, egun hilabeteak pasa daitezke prentsa atzerritarrean “basque” hitza terrorismoari buruzko albisteei lotuta agertu gabe.

Erantzunak

darme
2011-02-28 : 00:29

Terrorismoak euskara zokoratu zuenean??? Benetan ari zara? ETA sortu aurretik zenbat artikulu idazten ziren nazioarteko prentsan gure hizkuntza txiki minorizatu, zapaldu eta isilduari buruz? Askotan ikusi dut nik The New York Times-en euskarari buruzko artikuluak, 1960 baino lehenago!!!



Gauza bera esan daiteke munduko beste lekuetan: Terrorismoak gaelikoa zokoratu zuenean, Terrorismoak kurduera zokoratu zuenean, Terrorismoak txetxeniera zokoratu zuenean....



-"Aizu, Patxi, zenbat aldiz agertu da nazioarteko komunikabideetan tamilerari buruzko artikulurik?"

-"Behin ere ez, Andoni"

-"Bai ba, Terrorismoak tamilera zokoratu du"



ala



-"Patxi ba al dakizu ze hizkuntza egiten den Burkina Fason?"

-"Ideiarik ere ez"

-"Orduan terrorismo handia egongo da bertan, inoiz ez baitut haien hizkuntzari buruzko artikulurik ikusi El Pais-en"



Artikulu honen mamia landua eta interesgarria bada ere izenburuak kriston kalte egiten dio, ez baitauka inolako harremanik mamiarekin. Gu irakurleen arreta deitzeko amu merkea da ala Espainian egiten den kazetaritzaren tradizioan mamitzen den artikulua (badakizue, errealitateak ez du inoiz izenburu on bat izorratuko)



Horixe ba, Financial Times-en bertsolaritza edota taloei buruzko artikulurik ez badago terrorismoagatik da (ETAren terrorismoagatik, noski). Terrorismoak talogintza zokoratu zuenean...

Erantzun

Sartu